Gogoetatik abiatuta, konpromisoen bila

Uharteko Virgen Blanca ikastetxean iaztik ari dira hizkuntza proiektua lantzen, Mondragon Unibertsitateko adituen laguntzarekin. Harrera ona jaso du proiektuak eta denborarekin irakasle gehiago batzea espero dute .

Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Eskola ahalduntzea da helburua». Karmele Perezen hitzak dira; Mondragon Unibertsitateko irakaslea da eta Berrikuntza eta Esku-hartzea Gizarte Kulturanitz eta Eleanitzetan ikerketa taldeko ikertzailea. Uharteko (Nafarroa) Virgen Blanca ikastetxean jarri dute martxan hizkuntza proiektu pilotua, eta Perez da aitzinera eramateko lanean ari diren adituetako bat.

Joan den ikasturtean hasi ziren Mondragon Unibertsitateko adituak ikastetxearekin batera elkarlanean. Sortzen elkarteko kidea da Uharteko ikastetxea, eta elkartearen eskutik heldu zen Mondragon Unibertsitatea proiektura. Perezen lantaldea, bereziki, irakasleen prestakuntzaz arduratzen da, lan eremu pedagogikoekin lotutako prestakuntzetan. Eskola berezia da Virgen Blanca, hiru hezkuntza eredu eskaintzen ditu —A, D eta G— eta 70 profesionaletik gorako klaustroa du. Proiektua aitzinera eramateko talde eragile bat sortu dute, eta eredu guztietako hamasei irakasle ere hartu dituzte.Irakasle horien gogoetetatik abiatu dute prozesua. Perezek nabarmendu du beti egoera errealetatik hasita egiten dituztela horrelako prozesuak: «Ikastetxeko egoeraren argazki bat egiten dugu». Uharteko kasuan, argazki hori lortzeko irakasleek hizkuntza ohituren inguruan eguneroko bat egin dute. Bertan, haien hizkuntza praktikei buruz idazteko eskatu diete, eta, horiek aztertuz, nork bere jarreren inguruan gogoeta eginez ekin diote bideari. Lehen diagnostikoa eginda, fase teorikoan daude egun: «Hasierako gogoeta elikatzen ari gara fase teorikoan, erronkari erantzungo dion plana eraikitzen».

Proiektua iaz hasi bazen ere, oraindik hastapenetan daude; izan ere, aurreikusita dago hiru urte ingurukoa izatea. Prozesuan zehar Perezen lantaldeak tresnak ematea du helburu, ikastetxeko komunitateak gogoeta bultzatzeko. Barne prozesu bat izango da, eta prozesuaren amaieran eskola bera «ahalduntzea» lortu nahi dute. Talde txiki batek abiatu badu ere, eskolan harrera ona jaso du, eta bidean irakasle gehiago ere batzea espero dute.

Hiru hezkuntza eredu daude egun Uharteko eskolan. Proiektuaren bidez, eredu horien artean zubiak eraiki nahiko lituzke Perezek: «Hizkuntza proiektuak hizkuntza ereduen artean zubiak eraikitzeko balio izatea espero dugu». Lehen esperientzia hau burututa, prozesua aztertuko dute datozenetan ere laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.