Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Argi-itzalak

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun

'Den store stilhead'

Zuzendaria: Katrine Brocks. Herrialdea: Danimarka.

Alma komentu katoliko batean bizi den neska gaztea da; moja bilakatzeko bere azken botuak egin behar ditu, eta zeremoniaren prestaketekin lanpeturik dago. Goiz batean bere anaia Erik azalduko da komentuan, haien aitaren herentziaren erdia jaso nahi duela esanez. Erik errehabilitaziotik atera berri den alkoholikoa da, eta urteak daramatza arreba ikusi gabe. Eriken etorrerak Almaren egunerokoa aztoratuko du, eta hasieratik sumatu dugun haren alderdi iluna azaleratuko da; izan ere, Erik eta Almak badute atzean utzi ezin duten sekretu bat.

Lehen plano potente batekin hasten du Katrine Brocks zinegile daniarrak Almaren istorioa: pareta gris bat, ezkerreko aldean gurutze bat zintzilikatuta duena. Lanparatxo batek bestela ilun dagoen pareta argiztatzen du, eta gurutzeari zuzendutako foku bat sortzen du. Planoan ez dago inor, baina segundo gutxiren buruan oihal gris batez estalitako zerbait azaltzen da, eta paretaren iluntasun horretan silueta bat ikusiko dugu; paretaren kolorearekin bat egingo du, baina badu zerbait hasierako harmonia hausten duena. Ondoren ikusiko dugu oihal grisez estalitako hori Alma dela, errezatzen ari da bere abitua jantzirik.

Komentuaren lasaitasuna apurtzen duten elementuekin jolasten du Brocksek filmean: ondo ez dabilen lanpara fluoreszentearen dardara, itoginak direla eta jarritako kubora erortzen diren tantek egiten duten soinua, komentuko teilatua konpontzeko lanetan entzuten diren zaratak. Argi, itzal eta soinu hauekin lehen minututik lortzen du Brocks-ek atmosfera susmagarri bat eratzea, eta protagonistaren ezinegona hazten doan heinean, geroz eta itogarriagoak izango dira interbentzio horiek.

Errua eta barkamenari buruz dihardu Den store stilhed / The great silence-ek. Erlijioaren atzean ezkutatu dela dirudien protagonistak gidatuko gaitu bi bide horietatik, eta gutxinaka haren argi-itzalak deskubritzen joango gara. Brocksek zuzendaritza lan bikaina egin duela iruditzen zait, ezin hobe uztartu baititu filmaren elementuak: argiaren erabilera, soinuaren eraikuntza inkietantea, lokalizazioa, baita muntaia ere. Almaren erruaren eta barkamenaren arteko dilema hori inguratu eta eusten duten elementuak dira, eta Katrine Brocks-ek oso era koherentean josi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.