Joan Mari Irigoien. Idazlea

«Niri, orain nagoen puntuan areago, mamia inporta zait»

Elkar argitaletxearekin zuen kontratuari esker 24 urtez idazle profesionala izan ondoren, Joan Mari Irigoienek erretiroa hartu du. Baina, idazteari utzi gabe, bi poema liburu lantzen ari da gaur egun.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Azken hamar urteotan sei nobela argitaratu ditu Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948), zein baino zein mardulagoak. Ez dago bide horretan jarraitzeko ideia eta egitasmo faltan, baina azken urteetan erasan dion esklerosiak lehen bezain gogor lan egitea galarazten dio, eta egitasmo batzuk «beste mundurako» utzi beharko dituela etsita dago. Joan den urrian, erretiroa hartu zuen, Elkar argitaletxearekin 24 urtez izan duen kontratuari esker lanbidetzat literatura idaztea izan ondoren. Jubilatzen den lehen euskal idazlea dela esan liteke. Ez dio, ordea, idazteari utzi, eta bi poema liburu lantzen ari da. Lehen bezain gogor lan egitea galarazteaz gain, hizketa trakestu egin diote Irigoieni osasun arazoek, eta horregatik elkarrizketa honetako galderei idatziz erantzun die. Bere erantzunetan, menpeko esaldietako aditz laguntzaileen azentu markak mantendu egin ditugu, Irigoienen idazkeraren ezaugarrietako bat direla iritzita.

Osasun arazo batzuen berri emanez igorri zenien mezu bat duela bi urte hainbat adiskideri. Zer moduz zabiltza osasunez?

Hainbestean. Ongi, oro har, oraingoz. Badakit gaitz degeneratibo bat dudala, eta gaitzak gero eta gehiagora egingo duela. Gaitzaren ondorio gaiztoenak, oraingoz, bi ditut: mintzaera trakets dortokatsua, eta eskuin zangoaren giharretako espastizitatea (ahulezia-zurruntasunak), halako herren bat eragiten didana, ez oso nabarmena… oraingoz. Badakizu eutanasia beti arduratu izan nauen gaia dela, eta ea hauetako egunen batean egiten dudan bizi-testamentua. Baina berriro esango dizut, dudarik gera ez dadin. Ongi nago. Oraingoz.

Arma, tiro, bammm! idatzi ondoren, poema liburu bat idazten hasia zeundela esan zenuen. Jarraitzen duzu horrekin? Nola doa kontua?

Bai. Bi proiektu ditut, aski aurreratuak biak. Horietako bat Altzako herri-deserriari eskainita dago. Proiektu xume bat da: hain xumea, non jende batek ez baititu bertan idatzitako hainbat eta hainbat poema poesia fundamentuzkoaren eremukotzat hartuko. Nagoen momentuan nagoela, hala ere, neure dudak ditut, poema horiek nik idatzitako poemarik fundamentuzkoenak ez ote diren, are gehiago baldin eta kontuan hartzen badugu maiz absurdutzat jotzen dugun mundua absurduago egiten dugula mundutarrok… Hala ere, norbaitek dudaren bat baleza, jakin beza bigarren proiektua oso dela serioa, poesia fundamentuzkoaren eremuan sartzen dena, betean sartu ere, nik uste. Esklerosiarekin batera, depresio bat ere pasatu nuen bere momentuan, eta horri buruz izango da: depresioaren inguruko poema luze bat izango du ardatz, gordina, ez dakit ona baina bai bene-benetakoa…

Azkenaldian nobeletarako joera nagusitu zaizu, eta aldi oparoa izan duzu: trilogia oso bat eta beste hiru nobela (sei nobela guztira) hamar urtetan, eta ez oso nobela laburrak, alajaina!

Bai. Nahi nuke betiko bidetik jarraitu, lan eta lan, baina ezin, osasuna ere zaindu behar dut-eta. Esan dezadan, hala ere, badudala buruan nobela bat, non euskararen potentzialitate guztiak garatu nahiko nituzkeen, baina beste mundurako utzi beharko dut proiektu hori, bistan da…

Literatura zuretzat zer den aintzat hartuta, zure osasunerako ez al da idaztearen nekea baino kaltegarriagoa izango ez idaztearen hutsmina?

Baliteke. Baina lehen langile nekagaitza nintzen, eta orain ez. Horregatik, puntu bateraino egiten dut lan; hortik aurrera, atsedena (eserialdiak edo paseo txikiren bat… edo atsegin ditudan musiken entzunaldia: musika polifonikoa, kosmikoa, gregoriarra, arabiarra, taoista, klasiko barrokoak… Hildegard von Bingen, Messiaen, Gorecki, Penderecki… eta euskal musika, jakina).

Idazle profesional izateko aukera eman zizun kontratu bat sinatu zenuen Elkar argitaletxearekin. Indarrean jarraitzen du?

Iazko urriaren 31n jubilatu nintzen, adiskide! Hala ere, urtetan egon naiz Elkarrekoekin soldata duin bat jasotzen, eta hori handia izan da nire bizitzan. Hori nahi nuen, eta Babilonia idatzi nuèn garaian jarri ginen bi aldeak ados [1989an kaleratu zuen liburu hori Elkarrek]. Gainera, txikikeriaren bat edo beste kenduta, primeran konpondu izan gara. Hasteko, beraiek askatasun osoa eman didate —oso-osoa, alegia—, zernahi egiteko. Nik, ordainean eta neure borondatez, buruan nituèn apustuak gauzatzeaz gain, apustu xumeagoetan ere sartu naiz, liburu komertzialagoak ere idatziz. Nik nahi nuena egin nuen, eta ez zait iruditzen Elkarrekoek nirekin dirua galdu dutenik. Negozioa egin ere ez, baina tira…! Orain, jubilatuz geroztik, gutxiago irabazten dut, jakina… baina emaztearen kontura ere, ongi bizi naiz, kar-kar-kar…

Armagintzaren negozioaren kritika latza egiten du Arma, tiro, bammm!-ek. Nondik datorkizu armagintzaren inguruko kezka?

Ni kristau tradizioan hazi eta hezitako gizona naiz. Nerabezaroan asko sufritu nuen seigarren aginduarekin, apaizei galdetu eta galdetu arren beti bainituen dudak, pentsamendu ilunen artean. Hamazazpi bat urte nituela, ordea, ebanjelioa nire kasa irakurri, eta irakurketa hark mundua aldatu zidan: ez nuen hitz bat bera ere aurkitu sexuaren balizko okerrak madarika zitzakeenik! Horrekin batera, armen aurkako sua piztu zitzaidan, halako eran, non aitari jakinarazi bainion ez nintzela milizietara joango, harik eta bera—errespetu izugarri nion— soldadutzara joateko komenientziaz mintzatu zitzaidan arte… Horrela, bi uda egin nituen Monte La Reinako kanpamenduan [Espainia], eta hurrengo urtean sarjentu praktikak Loiolan [Donostia]… ohartzen nintzen bitartean bizimodu hura gero eta absurduagoa eta perbertsoagoa zela. Gauza bakarra kontatuko dizut neure espiritu militarraz: Loiolan nengoela, sarjentu, edozein galderaren aurrean, «¡A la orden!» erantzutea erabaki nuen, bai kapitain eta ofizialei… eta bai soldadu soilei ere…! Gero, halaxe ibili nintzen, «a la orden» eta «a la orden»… barrez eta barrez ere bai barrutik, bistan da. Hango esperientzia aintzakotzat hartuta, nobela ezin katxondoagoa nuke esku artean…! Baina honek ere beste mundurako beharko du…

Jendea zauritzeko eta hiltzeko egiten dira armak, baina haiekin edo haien inguruan lan egiten dutenek zauririk edo hilketarik ikusi gabe. Zure nobelan hori ikusarazteko ahalegin bat dago. Literatura, beraz, eguneroko bizitzan ikusten ez dena ikusarazteko tresna egokia iruditzen zaizu?

Bai. Nik egoera bat salatu nahi nuen, eta, helburua lortzeko, ezin hobeto etorri zitzaidan nobela hau egitea, nik hala uste. Hemen, izan ere, guztiak mintzatzen gara ETAren biolentziaz —baita ETAk bere ohiko bideari uko egin dionean ere!—, bere militanteak pelikulako gaizto bakarrak balira bezala, baina nor mintzatzen da Euskal Herriko armagile eta arma-ekoizleen biolentziaz, hauek, munduan zehar, askoz biktima gehiago eragiten dutenean? Arma, tiro, bammm! fabula moral bat da funtsean, prosaz idatzia.

Armen aurkako jarrera bat erraz ulertzen da, baina defentsarako ere erabiltzen dira armak, eta beharrezkoak izan daitezke…

Jakina! Nik ikusiko banu gizon bat nexka bat ari dela jipoitzen eta bortxatzen, eta une horretan pistola bat emango balidate, tiro egingo nioke gizonari, dudarik ez, baita esklerotikoa egonda ere! Eta gure gurasoen gerran, 36koan, neure esku banu gure aldekoei armez hornitzeko aukera (dozena bat kamioi fusil, adibidez), frankisten aurka, aukera hori ere gauzatzen ahaleginduko nintzateke, obligazio moral gisa. Gero, beharbada, gure aldekoekin bat egingo nuke, erizain gisa gutxienez, edo, beharbada, neure burua hilko nuke, ez dakit… gerra guztietan, baita irabazten direnetan ere, alde batekoek zein bestekoek galdu egiten baitute, lehenik eta behin.

Posible ikusten duzu erabat armagabetutako mundu bat? Zer pauso eman beharko lirateke, zure iritziz, horretara iristeko?

Ez. Ez naiz hain inozoa. Baina mundu honek duen beharrik handienetakoa, handiena ez bada —gizakiok mundua birrintzeko ahalmenaren jabe garen neurrian, eta gure agintari armazaleak batere fidatzekoak ez diren heinean—, horrelako mugimendu indartsu bat sortzea da, gizartean jada martxan diren mugimendu alternatiboen batura bilatuko lukeena, elkarrizketak hainbat forotara hedatuz —kalera, udaletxeetara, eskola eta unibertsitateetara, baita sare sozialetara ere… eta mundu zabalera, azken batean—, armagileen eta armazaleen kultura sentiberatasunik gabekoaren kontrapisu gisa. Hori da bidea, nik uste. Bide horretan barrena nora iritsiko garen? Ez dakit. Baina munduko boteretsuak ez dira, ez, batere fidatzekoak, eta beste mundu zuzenago batera eramango gaituen bidean sartu ez dena sar bedi lehenbailehen. Gero, berandu izan daiteke…

Literatura salaketarako eta aldarrikapenerako tresna egokia iruditzen zaizu? Eraginkorra ere izan daiteke?

Ondo egiten bada, bai. Gaztetan, hala ere, bizi izan genituen urte batzuk, zeinetan, mamiaren eta formaren arteko lehian, formari ematen baikenion lehentasuna. Arrazoi osoz, nik uste, euskal literaturaren garapenaren ikuspegitik begiratuta… nahiz eta nik mamia beti hartu izan dudan aintzakotzat. Ni, hala ere, «modernoagoa» izan nintekeen, badakit: esan nahi baita neure liburuetako asko beste era batean idatz nitzakeela (Arma, tiro, bammm!-ek, adibidez, Consummatum est-en egitura du, eta beste forma baten pean idatz nezakeen), forma horretan idazteko gaitasuna ere badudala uste dut, baina niri, nagoen puntuan nagoela are gehiago, mamia inporta zait… mamia edo bihotza, beste era batean esanda… eta, bihotz hori dantzan jartzeko, nobelari eman niòn egitura ematea iruditu zitzaidan egokiena. Baina hori ere, ahalik eta hobekien egin behar da… zenbat eta formarekin eta formaren garapenarekin gehiago asmatu, orduan eta hobeto izango baita mamiarentzat edo irakurleei eman nahi zaien mezuarentzat. Begi bistakoa da, bestalde, mundu globalizatu ustel honetan, ezin konta ahalekoak direla salagarriak diren gauzak (gertaerak, egoerak, ekintzak…), boteretsuen politika zer esanik ez… eta zergatik ez aprobetxatu une hau gaurko politikaren gehiegikerien inguruko istorioak (hain errealak, bestalde!) asmatzeko…? Eraginkortasunari dagokionez, nik badakit nekez alda lezakeela liburu batek mundua, ez gara ez hain motzak ez hain harroak: nik barruak agintzen zidàn liburu bat egin dut, bere ttikian eragintxo bat izango duena —hondar-ale bat, sormenaren hareatza zabalean—, eta horrekin nahikoa eta sobera zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.