Irlandako gatazka

Ipar Irlandan aritutako soldaduak epaitzea galarazi nahi du Londresek

Ostiral Santuko Akordioaren aurreko gertaerei eragingo lieke legedi berriak; 2.000 kasu inguru

Boris Johnson lehen ministroa, Downing Streeteko 10. zenbakitik irteten, atzo. VICKIE FLORES / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Gobernuak Ipar Irlandan aritu ziren soldaduen aurkako epaiketak eten nahi ditu, eta, horretarako, lege berri bat prestatzen ari da, «beteranoek merezi duten babesa jaso dezaten». Elizabeth II.a erreginak eman zuen Londresen nahien berri, atzo, gobernuaren konpromisoak azaltzeko urtero egin ohi duen hitzaldian. Haren arabera, legedi berria Irlandako gatazkakako «biktimei eta beteranoei erantzun hobeago bat» ematera bideratua egongo da, «adiskidetzean» zentratuta eta gertaeren gaineko «ikerketa ziklo bat» atzean utzita. Ez dira iritzi berekoak, ordea, Ipar Irlandako Gobernuko alderdiak eta Irlandako Errepublikako Gobernua.

Erreginak ez du eman lege berriaren inguruko xehetasunik, «datozen asteetan» garatuko dutela esateaz haratago. Nabarmendu du, ordea, «Ipar Irlandako eta Westminsterko alderdiekin, Irlandako Gobernuarekin eta gizarte zibilarekin» elkarlanean garatuko dela. Boris Johnson lehen ministroaren gobernuaren ustez, egungo sistemak ez du balio argitu gabeko gertaerak tratatzeko, eta zaila da prozesu judizialen bidez «biktimek eta euren senideek erantzunak topatzea».

Azken astean, Erresuma Batuko Gobernuak eginiko filtrazioak direla medio, hainbat hedabidek Londresek gauzatu nahi duen legedi berriaren inguruko xehetasunak eman dituzte. 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren aurretik eginiko krimenei eragingo lieke. Hau da, horiek ez lirateke auzitara iritsiko, ez badira gerra krimenekin, torturekin edota genozidio kasuekin lotzen. Gainera, IRAko eta talde paramilitar unionistetako kideei egozten zaizkien delituen kasuan ere aplikatuko da.

Londresek uste du ikerketa horietako gehien-gehienek ez dutela balio zigorrak ezartzeko. Esaterako, aurreko astean, Erresuma Batuko armadako bi paraxutistaren aurkako epaiketa bertan behera utzi zuten. Haiei 1972an Joe McCann IRAko militantea hiltzea egozten zien akusazioak, baina epaileak uko egin zion bi soldaduek duela 50 urte eginiko adierazpenak froga gisa onartzeari, eta absolbitu egin zituen. Lege berriak, halere, ez du eraginik izango orain arteko epaietan, eta ez da «indulturik» emango.

Bigarren saiakera

Londresen asmoa, gainera, ez da berria. Iazko martxoan jakinarazi zuenez, argitu gabe dauden kasurik gehienak ixteko eta horiek berriz irekitzea eragozteko asmoa du. Orduan adierazi zuen, hain zuzen, argitu gabeko kasuak (2.000 inguru) erakunde independente batekaztertzearen alde zegoela, soilik «froga berri sinesgarriak» batzen dituztenak iristeko epaitegietara. Gainerakoetan, familiei «ahalik eta informazio gehiena» ematera mugatuko litzateke administrazioa.

Johnny Mercer Defentsa Ministerioko Beteranoen idazkari ohiak aurkeztu zuen proposamen hura, beteranoen aurkako «tratu iraingarria» eteteko asmoz. Hark, ordea, dimisioa aurkeztu zuen duela hiru aste, gobernuak prozesua geldotu zuela argudiatuta.Haren esanetan, gainera, atzo eginiko adierazpenak ez du balio errealik, Londres legedia prestatzetik urrun dagoelako.

Oso bestelakoak dira Irlandako Errepublikako Gobernuak legediaren aurka adierazitako arrazoiak. Simon CoveneyAtzerri ministroak azaldu du Londresek «gai korapilatsu batean» hartutako «aldebakarreko» erabakiaren aurka dagoela. Izan ere, Dublinek uste du legedi berriak Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek eta Ipar Irlandako alderdi nagusiek 2014an adostutako hitzarmenen aurkakoa dela.

Iritzi berekoak dira eskualde hartako gobernuko bi alderdi nagusiak ere. Ipar Irlandako lehen ministrorde eta Sinn Feineko kide Michelle O'Neillen esanetan, halako legedi batek «legearen gainetik» jarriko lituzke Erresuma Batuko soldaduak. DUP Alderdi Demokratiko Unionistako parlamentari Gavin Robinsonen esanetan, berriz, «amnistia» ezartzea litzateke; Londresek ukatu egin du halakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.