Eutsi eta hautsi

Baskoniak 72-84 irabazi dio GBCri. Gipuzkoarrek partida ona egin dute, baina arabarrek beren nagusitasuna erakutsi dute beste behin

GBCko Swing baloiarekin, aurrean Baskoniako Janning duela. J.C. RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Baskoniak ur gaineko aparretan segitzen du. Atzo 72-84 irabazi zuen Delteco Gipuzkoa Basketen kontrako derbia, eta hala martxo biribilari amaiera eman dio: hamaika partidetatik hamaika irabazita. Gipuzkoa Basketek ez zuen partida txarra egin, eta minutu askotan aurretik egon zen. Atsedenaldira hamar puntuz aurretik joan zen Porfi Fisacen taldea: 42-32. Baina bigarren zati oso ona egin zuen Baskoniak: 52 puntu sartu zituen, tartean bederatzi hiruko, eta hor erabaki zen lehia.

Pedro Martinezen taldeak ez zuen gaizki hasi partida, baina oraindik ere Euroligako final- laurdenetarako sailkatu izanaren biharamuna antzematen zitzaion. Ondorioz, lehen minutuetan ohi baino makalago jokatu zuen, erritmo bizkorrik jarri gabe. Hori ederki baliatu zuten gipuzkoarrek, Clarck, Norel eta Swingi esker, eta lehen laurdenean zazpi puntuko errenta eskuratuz: 25-18. Bigarrenean hamarrera handitu zuen, eta bazirudien garaipena lor zezakeela.

Aldageletatik bueltan, ordea, Baskonia esnatu egingo zela pentsa zitekeen. Kostatu zitzaion, baina esnatu zenean azken hilabetean erakutsi duen nagusitasuna berretsi zuen. Pixkanaka gerturatzen joan zen markagailuan, eta lehen abantaila hirugarren laurdena amaitzear lortu zuen: 59-64. Laurden horretan erabakigarria izan zen Xengelia, Huertas eta Garinoren ekarpena, baita Baskoniaren multzoa zabalagoa izatea ere. Izan ere, GBC nekea antzematen hasi zen, Hortik aurrera partida hautsi zuen Baskoniak, eta estutasunik gabe irabazi zuen. Baskonian Janning izan zen onena, hamasei punturekin, eta GBCn, berriz, Norel, hamabostekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.