Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Musika

Sortuz iraun

2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Trio Zukan

Musikariak: Maria Zubimendi (akordeoia), Gorka Catediano (perkusioa) eta Jon Ansorena (txistua). Egitaraua: M. E. Luc, G. Erkoreka, Z. F. Guerenabarrena, J. M. Sanchez-Verdu, F. Dominguez eta M. Chamizoren obrak. Lekua: Donostiako Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoak. Eguna: abuztuak 4.

Bere Giza kondizioa obran, Hannah Arendtek berria kategoria giza ekintzarekin lotzen du estuki: «Ekitea, zentzu zabalenean, zerbait hastea edo martxan jartzea da», bitartekorik gabe sortzeko aukera ematen duena. Artea, bertan pentsamendua gauzatu eta dirauenez, ekoizpenaren esparruan kokatzen du pentsalariak, baina ekintzara doan trantsizio puntu gisa. Azken urteotan Zukan Trioak darabilen Soinuzko begiradak proiektuan berriaren eta iraunkortasunaren joko hori argi ikus daiteke, hainbat konpositorerekin elkarlanean, taldearentzat berariazko piezak sortuz azken horiek, mantenduz, iraunaraziz lehenengoek.

Kursaaleko areto txikiegi batean, bigarren begiradak aurkeztu zituzten Maria Zubimendik, Gorka Catedianok eta Jon Ansorenak. Exijentzia handiko programa, maisuki gaindituta; eta, tartean, Zuriñe Fernandez Guerenabarrenaren obra baten erabateko estreinaldia, Hamabostaldiaren enkarguz. Sortze-prozesuetan, hutsetik ezer ateratzeko adore hartze horietan, esperimentazioan murgilduta aurkitzen du sortzaileak bere burua, baita obra berri horien interpreteek ere. Zukanekoek aditzera eman dutenez, hala izan da Harri, haize, harea publikoari ekartzeko bidean ere. Baliabide material zein formal ugari erabiltzen dituen obra da, elektronikoak barne, erritmoan betea eta izaeran bizia, publikoak aise atzitzeko modukoa.

Zukan Trioarentzat espresuki idatzitako partituren artean, Francisco Dominguezen Bertso iaz estreinatu bazen ere, Donostian lehenengoz entzun genuen asteazkenean. Inon ez egoteagatik zintzoa, gordina, gardena da obra, Maialen Lujanbioren bertsoaren gisan, «ez naiz uste zenuena» silabaka jaurtitzean basatia bezain benetakoa bihurtzen dena. Maria Eugenia Lucen Begiratu espazio etereoagoan kokatzen da, Fibonacciren segidan oinarrituta, karrankaren eta haize barearen artean hegaka. Mikel Chamizoren Lantz ere gozagarria izan zen, Ziripot piporra txistuan, Miel-Otxin erraldoia akordeoian eta Zaldiko perkusioan oldar eta bizirik.

Berriak luze iraun dezan, Zukan Trio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.