Koronabirusa

Jaurlaritzak udalen esku utzi du izurriari aurre egiteko neurrien ardura

150etik gorako intzidentzia duten herriek ezingo dituzte egin prebentzio neurriak betetzerik ez duten jarduerak. COVID ziurtagiria ezartzeko urratsa egin du Jaurlaritzak

Jendea, Donostiako Alde Zaharrean paseatzen. JOAN HERRERO/ EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Ez goaz ongi, eta neurriak indartu behar ditugu, atzera ez egiteko». Hitz horiek erabili zituen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo, COVID-19aren kasuen gorakadari aurre egiteko neurri berriak iragartzeko agerraldian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan birusaren hedapena hesitzeko asmoz, bi neurri nagusi iragarri zituen Osasun sailburuak. Batetik, prebentzio neurriak betetzerik ez duten ekitaldi jendetsuak bertan behera utzi edo atzeratu beharko dute 150 kasutik gorako intzidentzia metatua duten herriek. Bestetik, Jaurlaritzak COVID ziurtagiria ezartzeko baimena eskatuko dio EAEko Auzitegi Nagusiari, gaueko aisialdian, kontzertu aretoetan eta jatetxe handietan ezartzeko, besteak beste.

Intzidentzia handia duten herrietan ezarriko diren neurri osagarriei dagokienez, Sagarduik jakinarazi zuen indarrean diren prebentzio neurriak betetzearekin bateragarriak ez diren jarduera guztiak «aldi baterako eten edo atzeratu» beharko dituztela herri horietan, bereziki, jatekoa eta edatekoa duten tokietan, «maskara kentzeak birusa gehiago zabaltzea dakarrelako». Prebentzio neurriak bete daitezkeen barruko eta kanpoko ekitaldietan, berriz, udalek «indartu» egin beharko dituzte, publikoarentzako guneak handituz, bideak irekiz jendearen zirkulazioa arintzeko, eta, ahal dela, ekitaldiak aire zabalean antolatuz. 150 kasutik gorako intzidentzia duten herri guztietan ezarri beharko dira neurriok, baita 5.000 biztanletik beherakoetan ere.

Neurri osagarriak gaur bertan sartuko dira indarrean, Jaurlaritzak kaleratuko duen agindu batean. Osasun Sailak astean bitan argitaratuko du buletin epidemiologikoa, udalen lana errazteko: astelehenetan eta ostegunetan. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken buletinaren arabera, egun 103 herrik gainditzen dute 150eko intzidentzia tasa. Gipuzkoan daude herri horietako gehienak; zehazki, 65 daude eremu gorrian, tartean, Donostia hiriburua bera. Bizkaian, 30 herrik gainditzen dute 150eko langa, eta Araban, zortzik.

Intzidentzia handiko udalerriekin lotutako neurriez landa, COVID ziurtagiria ezartzeko urratsa ere egin du Jaurlaritzak. Osasun Sailak kontsulta egingo dio aste honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, jakiteko ea COVID ziurtagiria ezar dezakeen gaueko aisialdiarekin lotutako establezimenduetan, kontzertu aretoetan, dantzalekuetan, eta 50 pertsonatik gorako edukiera duten jatetxeetan. Sagarduik azaldu zuenez, leku horietan «zailagoa» da prebentzio neurriak betetzea, eta aiseago transmititzen da birusa; horregatik ikusten du gobernuak egokia ziurtagiria eskatzea. Horretarako, baina, justiziaren baimena behar du, eta aste honetan joko du auzitegira, oniritzia eskatzera. Sagarduik espero du epaileek «erantzukizunez» jokatzea eta baimena ematea.

Ez zen espero atzo Eusko Jaurlaritza COVID ziurtagiria eskatzearen alde agertzea, kontuan hartuta bezperan Iñigo Urkullu lehendakaria aukera hori Espainian «modu bateratuan» hartzearen alde azaldu zela. Iritzi aldaketaz galdetuta, Sagarduik azpimarratu zuen erabakiak pandemiaren bilakaeraren arabera hartzen direla, eta Jaurlaritzaren asmoa dela ziurtagiria transmisio arrisku handia duten gune batzuetara sartu ahal izateko «akreditazio gisa» erabiltzea.

Hazkunde azkarra

Iragarritako neurri guztiak hartzeko arrazoiak badirela nabarmendu zuen Sagarduik. Hamabi urtetik gorako herritarren %90 txertatuta egonda, erkidegoko intzidentzia metatua «erne» egoteko modukoa dela adierazi zuen. Egun, ia 200ekoa da EAEko intzidentzia metatua zehazki, azken hamalau eguneko tasa 196 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta datozen egunetan gorantz jarraituko duela uste du Jaurlaritzak. «Joerak erakusten du pandemiak abiadura handian egiten duela gora».

Gorakada hori ez da oraindik larregi islatzen ospitaleetan, baina osasun sailburuak ohartarazi zuen intzidentziaren gorakadaren efektuak aurrerago izaten duela eragina osasun asistentzialean. Gaur-gaurkoz, 116 paziente daude gela arruntetan, eta 27 ZIUetan. Osasun Sailak egoera «kritikotzat» joko luke birusak 150 ohetik gora hartuta izatea, eta ZIUetan 50 gaixo baino gehiago egotea. Horra iritsi aurretik goranzko joera geldiaraztea ezinbestekotzat jo zuen Sagarduik.

Jarraitu irakurtzen: Neurriak, gazi-gozoak udalentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.