Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Osalanek enpresen esku utzi ditu amiantoarekin ibili zirenen azterketak

Ez da derrigorrezkoa izango osasun azterketa zehatzak egitea. Osalanek nabarmendu du gomendio batzuk bakarrik eman dituztela

Erreskateko langileak, babes neurririk gabe, Zaldibarren. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

«Guk ezin ditugu derrigortu, enpresa bakoitzak bere erabakiak hartu behar ditu, eta guk informazioa eman diegu». Osalanek hori esan dio BERRIAri amiantoarekin kontaktuan egon zirenen osasun azterketa zehatzei buruz; hau da, Osalanen hitzetan, ez dagokie eurei azterketa medikoak egitea Zaldibarko (Bizkaia) luizian babesik gabe amiantoarekin kontaktuan egon ziren langileei. Kontrol hori enpresa bakoitzaren prebentzio zerbitzuen esku egongo da, eta ez da derrigorrezkoa izango. Osalanek azaldu duenez, enpresa bakoitzak —Ertzaintzak, suhiltzaileek, foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Moyua eraikuntzak...— bere prebentzio zerbitzua dauka, propioa zein kanpokoa. «Haiek erabaki behar dute; informazioa eman diegu prebentzioko zerbitzu guztiei, eta kito».

 

Osalanek esan du lehen zazpi edo zortzi orduetan langileak babes neurririk hartu gabe aritu zirela, baina arriskua «oso-oso txikia» dela. Nabarmendu du prebentzio zerbitzuei pasatu dietela langileen zerrenda, esanez langile bakoitza non egon zen eta zer egin zuen lehen orduetan. «Kanpoan edo urrun egon zirenak beste zerrenda batean jarri genituen», azaldu du.

Oraindik ere luiziak harrapatuta dauden bi langileak aurkitzeko lanak eten egin behar izan zituzten, amiantoa agertu zelako. Ordu batzuetan, ordea, babes neurririk hartu gabe aritu ziren erreskate lanetan. Lehen egunean Zaldibarko luizian lanean aritu zen suhiltzaile batek informazio falta salatu zuen BERRIAn. Ziurtatu zuenez, ez zekiten zabortegi bat amildu zenik, ezta amiantoa edo beste gai toxikorik egon zitekeenik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.