Ukendurik onena, garaipena

Roglicek irabazi du Vueltako 11. etapa, bukaerako horman Masekin buruz buruko lehia izan eta gero. Eiking ez da lehertu, eta eutsi egin dio lidergoari. Aranburu erretiratu egin da

Ukendurik onena, garaipena.
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Erori, altxatu eta irabazi: hala labur daiteke Primoz Roglicen (Jumbo) ibilbidea; baita atzo Vueltan lortu zuen garaipena ere. Esloveniarra erori egin zen bezperan, ezusteko erasoa egin eta gero, eta Valdepeñas de Jaengo bukaera bortitzean nagusituz atera zuen arantza. Culleran ez bezala, aurreratu egin zuen Magnus Cort (Education First) azken metroetan. Danimarkarrak erakustaldia egin zuen berriro ihesean, eta oso gertu izan zuen Vuelta honetako bigarren garaipena. Roglicen eta Enric Masen (Movistar) joak zapuztu zion ametsa. Lehia bizia izan zuten bi indartsuenek %20ko zatiak zituen horman, eta azken zuzengunean erabaki zen, esloveniarraren alde.

Zazpi segundo atera zizkion Jumboko ziklistak Movistarrekoari, gainsariak tarteko. Nagusian, 35 segundora du orain. Haiengandik 11 segundora helmugaratu zen Odd Christian Eiking liderra (Wanty), eta, hartara, bermatu egin zuen gutxienez beste egun batez elastiko gorria soinean eramatea. Norvegiarrak hortzak estutu zituen bukaerako koskan eta kilometro batzuk lehenago zegoen bigarren mailako mendatean. Beste edozein egoeratan hanka altxatuko zukeen ziurrenik, baina ahaleginak merezi zuen atzo. Eutsi egin zien onenei, eta ez zion begirik kendu Guillaume Martini (Cofidis), nagusiko bigarren sailkatuari.

Aurtengo Vueltako etaparik laburrena zen atzokoa, 133 kilometrokoa. Alex Aranburu (Astana) ez zen irten, bezperako erorikoaren ondorioz. Jasper Philipsen (Alpecin) ere erretiratu egin zen, sukarrak jota. Hasiera bizia izan zuen etapak, ihesaldia osatzeko ahaleginei esker. Azkenean, bost txirrindularik hartu zioten aurrea tropelari: Cortek, Jonathan Lastrak (Caja Rural), Joan Bouk (Euskaltel), Harm Vanhouckek (Lotto) eta Edward Planckaertek (Alpecin). Bi minutuko aldea izan zuten gehienez, Jumbok ez baitzien soka luzatu. Roglicen taldeak uko egin zion lidergoari herenegun, ardura gutxitzeko; haatik, ekimena hartzea deliberatu zuen atzo. Finean, bukaera aukerakoa zen esloveniarrarentzat.

Horiek hala, aurreko boskotea 45 segundoko aldearekin iritsi zen helmugako paretaren aurretik zegoen igoerara. Tropelak azkar batean irentsi zituen iheslariak, Cort izan ezik. Tinko eutsi zuen hark: 27 segundorekin iritsi zen gainera, eta 15ekin azken kilometrora. Oilarrek, ordea, ez zuten gupidarik izan. Buruz buruko estua izan zuten Roglicek eta Masek, elkar ukitzeraino. Helmugako esprintean, azken bi aldietako txapeldunak hormatuta utzi zuen hautagaia.

Gaurko etapak azken bi egunetan lehiatu direnen antza izango du, bigarren mailako mendate bat igoko baitute helmugarako 19 kilometroren faltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.