Espazioaren irudikapenak

Lucio Fontana artistak 1931tik 1968ra bitartean egindako ehun lan bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak, 'Lucio Fontana. Atarian' erakusketan. Irailaren 29ra bitartean egongo da ikusgai

Mihise urratuak dira Fontanaren lanik ezagunenak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Pintura hartu, eta mihisean zabaldu. Heze dagoela, kuterra hartu. Ebakiak egin. «Uste dute erraza dela ebakidura bat edo zulo bat egitea», aitortu zuen Lucio Fontana artistak (Rosario, Argentina, 1899-Varese, Italia, 1968). «Baina ez da egia. Ezin dute imajinatu ere egin zenbat material baztertzen dudan. Buruan ditudan ideiak zehaztasunez irudikatu behar dira horietan». Koadro urratuek egin dute ezagun Fontana, eta oraindik ere auzitan dago horien interpretazioa: batzuek emakumeen genitalekin lotzen dituzte ebakiak, eta beste batzuek diote kristoren zauriak direla. Haren xedea artearen nozioa zalantzan jartzea zela dioenik ere bada. «Zuloa da espazioan egiten den eskulturaren hasiera. Nireak ez dira margolanak, arte kontzeptuak baizik», azaldu zuen artistak. Fontanaren lanak ulertzeko, haren ibilbidearen hasierara egin behar da, Iria Candela New Yorkeko The Metropolitan Museum of Art-eko arduradunaren arabera.

1930eko hamarkada hasierakoak dira artista italiarraren lehen artelanak, eta 1948an egin zuen lehen pintura urratua. «Bere obraren ibilbidea egitea beharrezkoa da ebakietara nola iristen den ulertzeko». Saiakera hori egin dute, hain zuzen, Bilboko Guggenheim museoan: artistaren ibilbide artistikoa azaltzeko, ehun pieza baino gehiago bildu dituzte Lucio Fontana. Atarian erakusketan. Gaur zabalduko ditu ateak, eta irailaren 29ra bitarte izango da ikusgai.

XX. mendearen erdialdeko Europako artistarik esanguratsuenetako bat da Fontana: orduko testuinguru soziopolitikoak eta ekonomikoak moldatutakoa. Margolan urratuak dira, akaso, adibiderik garbiena. Artistak kuterra hartu eta mihiseak mozten hasi zenean, AEB eta SESB espazioaren konkistan zebiltzan; lehia teknologikoan nor gailenduko. Gerra Hotzaren atarian, 1947an, estreinakoz erabili zuen Fontanak Eskultura espaziala kontzeptua obra bat izendatzeko. Eskulturatik margora egiteko lehen jauzia izan zen ordukoa. «Zulatutako lehen margolanak argi elektrikoa transmititzeko pantaila gisa pentsatu zituen», azaldu du komisarioak. Bide baten hasiera izan ziren lehen horiek, eta bere jardueraren erdigunera eraman zituen gero. «Espezializatuz joan zen, eta margolanak lantzen hasi zen eskulturak izango balira bezala. Horregatik da garrantzitsua Fontana nondik datorren ezagutzea: harentzat, bere pinturak eskulturak dira».

1930eko hamarkadaren hasieran egindako eskultura horiekin hasten da, hain zuzen, Bilboko erakusketa. Argentinan egin zituen lehen urratsak. Italiatik immigratutako familia batean hazi zen artista, eta aitari laguntzen urratu zuen sortzaile izateko bidea, hileta eskulturak egiteko negozioa baitzuen. «Eskultore baten semea izan zen, eta bide bera hartu zuen hark ere: Milanera [Italia] egin zuen, eskultore ikasketak egitera», azaldu du komisarioak.

Akademiak markatutako bideetatik aldendu zen berehala, eta haren izaera «erradikalarekin» lotu du Candelak. «Berehala baztertu zituen marmola eta brontzea, eta igeltsua eta buztina erabiltzen hasi zen». Artelanak eskuekin moldatzea zuen xede. «Haren ibilbidearen hasieratik nabari da artistak bere artelanak eskuz moldatu nahi dituela». Ikasia izan zen Fontana, eta jakintzak erabat markatu zuen haren jarduna. «Etengabe aritu zen artearen historia ikertzen eta tradizioen moldeak aldatzen», azaldu du komisarioak.

Eskultura den margolana

Italiatik Argentinara itzuli zen 1937an, aitak hala eskatuta, eta, Bigarren Mundu Gerraren eraginagatik, hamar urte igaro behar izan zituen han. «Argentinan, harremanak egin zituen orduko abangoardiekin. Elkarrizketa etengabean zegoen, eta espazioari buruzko hausnarketak egiten hasi zen han». Teknologiaren garapenak Fontanarengan izandako eragina aipatu du Candelak. «Telebistaren hedapena, espaziora egiten ziren bidaiak... guztiari buruz gogoetatu, eta bere lanetan islatzen du». 1946an, Manifestu zuria izeneko dokumentuan bildu zituen Espazialismo deituriko mugimenduaren oinarriak. Teknologia berriek artean zuten garrantziaz jardun zuen Fontanak han, eta artea zientzien esparruan sartzeko beharra aldarrikatu zuen.

Espazioa zuen amesgaizto, eta, argi ez dagoen arren, espazioaren irudikapenaren bila ondu zituen margolan urratuak, 1950eko hamarkadaren amaieran. «Irudikaezina dena irudikatzea zen haren helburua: ebakien atzean gazak jartzen zituen, eta, hala,iradokitzen zuen ebakien atzean hirugarren dimentsio bat dagoela». Ildo horri segika jardun zen zendu arte.

Artean neona erabili zuen lehen artista izan zen Fontana. «Giro espaziala irudikatzen saiatu zen argiekin ere», azaldu du komisarioak. Lagin gisa, hil aurretik artistak egin zituen hiru instalazio berreraiki dituzte Bilbon. «Azken lan horietan ikusten da Fontanaren jarduna eskulturatik eta margotik harago doala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.