ANALISIA

Presoak, balantzea

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, herenegun, Kongresuan.
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, herenegun, Kongresuan. J. LIZON / EFE

Enekoitz Esnaola -

2019ko otsailak 23
Teknikoki Espainiako Estatuko legealdia oraindik bukatu ez bada ere —Pedro Sanchezek martxoaren 5ean desegingo ditu Gorteak—, zortzi hilabete pasako agintaldiaren balorazioaren traza izan du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak herenegun Kongresuan egindako agerraldiak. Hark eskatu zuen ministerioaren batzordean azalpenak ematea; besteak beste, «ETAko presoak Euskal Herrira lekualdatzeari buruzko gobernu politikaz» aritzeko. Oraindik ETAko presoak dira harentzat (ere), ETArik ez dagoen arren.

Marlaskak ezin du Euskal Herriratzeaz kasik hitz egin, Xabier Sagardoiren atzoko iragarpenaz eta Alfredo Remirez txiolariaren kasuaz aparte, bi euskal preso soilik ekarri dituztelako: Olga Sanz eta Xabier Moreno —inongo taldetan ez daude—; gainera, bi horien prozesuak Sanchez Moncloara heldu aurretik hasita zeuden. Nagusiki, gerturatzeak izan dira PSOEren gobernuak egindakoa: atzo arte, hogei; eta bigarren gradu batzuk ere eman ditu: 22. Sagardoirena kontuan hartuz, hirugarren gradua, berriz, hiruri —harena izan da EPPK-ko aurreneko kasua—.

PSOEren gobernu batek hasi zuen urruntze politika, 1989an, eta PSOEren beraren gobernu honek zeukan orain politika hori bukatzen hasteko abagunea; abagune historikoa, ETArik gabeko aroa izateagatik, eta izango zuen Kongresuaren gehiengoaren babesa. Ia bederatzi hilabete daramatza Moncloan, eta ez da hasi horretan. Gerturatze urri horiek ez dute esan nahi espetxe politika aldatzen hasteko sakoneko erabakia hartua duenik. Batik bat, azaro hasieran ekin zien hurbilketei; hastapenean, iragarpenek pare bat asteko tartea zeukaten, baina gero hori moteldu egin da, tantakakoa bihurtzeraino. Adierazgarria izan da atzeneko mugimenduaren tardantza: Espetxe Erakundeek —gobernuaren menpekoa— iazko abenduaren 20an iragarri zuten Almeriatik Villabonara (Asturias) gerturatuko zutela Iratxe Yañez, eta bi hilabetera lekualdatu dute.

Marlaskak esan du egun «ETA talde terroristako» 230 preso daudela estatuan. Ez du esan hamar baino ez daudela Hego Euskal Herrian. Datuei so, beste 37 preso, Arabatik, Bizkaitik eta Nafarroatik 300 kilometroren bueltako espetxeetan daude. Madril inguruan (400-550 km), 28. Eta beste guztiak, pikutan; adibide baterako, Andaluzian (750-1.100 km), 79; edo, Badajozko puntan (700 km), euskal preso bat kiderik gabe da. 2019an ere, urrunketa eta sakabanaketa indiskriminatua; 1989tik politika aldatzeke.

1989an ez, 1979an onartu zen EAEko estatutua, eta 1982an jarri zuten indarrean Nafarroakoa, baina PSOEren gobernu hau ere bi erkidegoei espetxe eskumena eman gabe geratuko da. Jaurlaritzari orain hilabete bat aurkeztu zion ahaztutako eskumenen lekualdatze egutegia, eta azkeneko bagoian jarri zuen espetxeetakoa: 2020ko urtarrilekoan. Jadanik usainduko zuten ez zela Sanchez agintaldi honetan ordu artera iritsiko, eta, momentuz, esku garbitze bat izan dela ematen du, Jaurlaritza publikoki gutxiesteaz gain, honen bi lehentasunetako bat baita transferentzia hori.

Gainera, Marlaskaren ministerioak ez du euskal presoak dauden kartzeletan zuzendari aldaketarik egin, eta PPren aldian izendatutakoak dira nagusi. Gehiago: espetxe administrazioak ez du larri gaixorik dagoen euskal presorik utzi libre, eta 70 urtetik gorakorik ere ez; eta PSOEk Kongresuan ez du zigor batzeetarako 7/2014 legea erreformatzearen alde egin, horretarako bozketa erabakigarri bat izan arren. Eta, ohi bezala, laino beltzek hor jarraitzen dute Auzitegi Nazionalean, Marlaskak bikain ezagutzen duen tokian: PSOEren aroan Espetxe Zaintzak bigarren gradurako 72 eskaeretatik 69 baztertu egin ditu.

Jaurlaritzak hain maite duen diskrezioaren eremuan zer gertatzen den jakin gabe, badirudi, nagusiki, ETAren desegiteak eta EPPK-ko kideen legediko pausoek soilik behartu dutela PSOEren gobernua presoenean zeozer urri hori egitera. Ez da, bestela, bultzada berezirik sumatu Euskal Herrian. Aurrera begira, instituzionalki, adibidez, egoera berraztertzeko modukoa da estatuko agintaldi berrirako: Nafarroako gobernu honek auzia ez du aitatu ere egiten ia, eta udatik aitzina aldaketaren gobernuak jarraituko balu baina haren osaera pluralagorik ezean guztia Jaurlaritzaren esku uzteak ez du ematen solaskidetza, ekimen eta, kasuan, presio instituzionalerako biderik eraginkorrena litzatekeenik.

Madrilen eskuina gero eta gogorrago dago, amorruz. Kongresuko herenegungo agerraldia ikusi besterik ez dago; eta hori, gainera, Vox falta dela orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: