Datorrenaren esperoan

Goian amaituko dira hurrengo hiru etapak Giroan, eta horri begira indarrak gorde ditu tropelak. Laugarrenez irabazi du Vivianik

Datorrenaren esperoan.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Errepidea malda bihurtuko da berriro Italiako Giroko hurrengo hiru etapetan. Saio oso gogorrak dituzte zain txirrindulariek, eta sailkapen nagusiko oilarrek aukera izango dute berriro elkarri mokoka egiteko. Bakoitzak bereari begiratuko dio: Simon Yatesek (Mitchelton) Tom Dumoulinekin (Sunweb) duen aldea mantendu edo handitu nahi du; Dumoulinek, Yatesi errenta kendu; Domenico Pozzovivok (Bahrain), hirugarren postuari eutsi; Chris Froomek (Sky) eta Thibaut Pinotek (FDJ), podiumean sartu; eta Pello Bilbaok (Astana), lehen hamarren artean jarraitu.

Horregatik guztiagatik etapa lasaia izan zen atzokoa, hamazazpigarrena. Etapa garaipen baten ehizan dabiltzan txirrindulariak eta esprinterren taldeak bakarrik saiatu ziren bete-betean. Ahalegindu ziren aurrenekoen artean Luis Leon Sanchez (Astana), Wout Poels (Sky), Ben Hermans (Israel) eta Alessandro De Marchi (BMC).Alferrik. Azkenean, bigarrenek lortu zuten helburua, esprintean erabaki baitzen irabazlea. Elia Viviani (Quick Step) izan zen azkarrena berriro, euripean oraingoan. Italiarrak laugarren garaipena du aurtengo ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.