UDAKO SERIEA. Sortzaileak eta genero lanketa (I). Miren Narbaiza.

«Urteetan sentitu naiz segurtasun gabea eta txikia»

Denbora behar izan du musikari gisa jendaurreko jardunean sentitzen zituen ezinak ulertzeko. Napoka Iria taldea atseden hartzen ari da, baina beste bost proiektutan murgildu da.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Eibar
2016ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Berlinen izan zen ekainaren hondarrean. «Krisi handi samar bat» bizitzen ari zen musika sorkuntzari eta zuzeneko emanaldiei zegokienez. «Energiaz hustuta bezala nengoen». Low eta PJ Harveyren kontzertua ikusi zuen Zitadelle Spandaun, aire zabaleko agertoki batean. Eta indarberrituta itzuli zen etxera; batez ere, Harveyren emanaldiak akuilatuta. «Motibatu egin nau kontzertu horrek. Hain izan zen emanaldi duina, elegantea, bera hain serio lanean... Zabaldu egin dit ikuspegia. Eta neurekiko esan nuen: jakina baietz! Agertokia geurea da. Oholtzan nagoenean nahi dudana egin dezaket, eta ongi egin dezaket, gainera, nahi dudalako eta badakidalako egiten. Gustatzen zaidalako egiten dudana!». Orduz geroztik Joseba B. Lenoir Gang taldearekin nahiz bakarka eman dituen kontzertuak «sekulakoak» izan dira. «Inoizko ahaldunduen sentitzen naiz!».

Oholtzan erreferente femeninoak ikustea zein garrantzitsua den badaki Miren Narbaizak (Eibar, 1986); badaki ahalduntze prozesua arantzaz josita dagoela, musikaren munduan eta zehazkiago rockarenean emakume izatea «nekeza» bihurtzen dela maiz, eta egunero-egunero adi egonez eta urrats txikiak eginez egin behar dela aurrera, «trabak ugari» baitira «oraindik ere».

Txikitatik izan du musikarekin harreman estua. Sei urterekin hasi zen harekin jolasean, bederatzirekin solfeoan, koruan eta flauta ikasten. Gero, panderoa eta gitarra klasikoa etorri ziren. Teklatua ere jotzen du egun, abesteaz gain. 18-19 urte zituela hasi zen Ander Mujika herrikide eta gitarra jotzailearekin elkartzen eta entseatzen; Napoka Iria bikoa sortu, eta, 2006an, taldearen izen bereko lehen lana plazaratu zuten. Eta txikitatik jendaurrean agertzen ohitua egonagatik, zuzenekoetan ez zuela disfrutatzen ohartu zen. «Umetan ez neukan, akaso, plazaren kontzientziarik, eta ez nuen gaizki pasatzen; baina Napokarekin hastean ez nuen ondo pasatzen jendaurrean. Ez nuen behar bezala disfrutatzen. Urtetan sentitu naiz segurtasun gabea eta txikia. Oso urduri jartzen nintzen. Nahi nuen dena ondo egin: perfektu kantatu, perfektu jo. Jendeari gustatzea. Nahi nuen jendearen onarpena jasotzea, besterik gabe».

Gustatzen zaiona eginez ezin disfrutatu. Paradoxa gordina. Eta galdera jarraian. Noiz jabetu zen ezin horretaz, noiz egin zion buruak klik? «Ez da denbora asko pasatzen zitzaidana identifikatzen hasi nintzenetik. Duela lau bat urte hasi nintzen feminismoaz zerbait jakiten, ganoraz jakiten, betiko usteez harago joaten; ez naiz kaleko aktibista izan. Interneten hasi nintzen deskubritzen feminismoarekin lotutakoak; konturatzen hasi nintzen aurretik sentitzen nituen hainbat gauza ez zirela kasualitateak. Inseguridade horiek, zeure buruari exijentzia maila altua ipintzea, tratu desberdina jasotzea...».

Foku aldaketa

Eta analisi horietatik, begiradaren aldaketa, fokuarena. Hasteko, norberaren jarduerarena. Eta idatzitako kantuen berrikuspen ia automatikoa. «Ez baita gauza bera lente moreekin irakurtzea Napoka Iriaren Negua, esaterako. 'Jadanik badakit ez naizela aske nirekin ez zaudelarik...' dio kantuak. Eta orain irakurrita diot, 'ai ene, Miren, mesedez!'. Hori idaztean nintzen emakume sano bat sistema patriarkatuaren barruan. Kantu hori jotzean gaizki sentitzen hasi nintzen. Grabatua zegoen, eta kariñoa nion...». Baina egoera baliatu zuen hitzak aldatu eta bere barne indarra sendotzeko. «Hasi nintzen pentsatzen nola eman niezaiokeen buelta kantuari zuzenekoetan. Zenbat kantu daude 'zu gabe' hori azaltzen dutenak, 'zu' bati hainbesterainoko garrantzia ematen diotenak... Markezen [Mikel] 'Zu gabe ez naiz ezer, zu gabe zertarako bizi', edo Amaralen 'Sin tí no soy nada'... Ez nuen halakorik nahi. 'Banaizela zu gabe ere' kantatzen hasi nintzen... eta energia txute handi bat izan zen».

Autoafirmazio ariketa horiek etengabekoak ditu musikari batek, eta zer esanik ez emakumezko kantugile, kantari eta musikari batek. Norberagandik hasten da autodeterminatze prozesua, baina Narbaizak aitortu du «inguruneak ere lagundu egin behar» duela. Eta horretan oso eskerturik dago bere musika ibilbidean topatu dituen guztiekin, eta, bereziki, Napokako kide Mujikarekin eta Joseba Baleztenarekin, Joseba B. Lenoir Gang taldean sartzeko aukera eman ziolako, eta «etengabe konfiantza» adierazi diotelako. «Beti nahi izan dut rock talde batean gitarra jo, eta, horretarako, zeure buruan sinistu behar duzu, baina ingurukoek ere zugan sinistu behar dute. Bestela, ez goaz inora. Nagoen tokian nago nigan sinistu dutelako, nik beraiengan sinistu dudan bezala».Ordura arte bikote formatuan azaltzen zen oholtzan, eta beti eserita. Rock talde batean hasteak espazioaren beste ikuspegi bat eman dio, beste askatasun bat. «Espazio publikoa beste modu batera erabiltzen hasi naiz, eta hori ere bada ahalduntze bat. Nire bi hankak erabiltzen ditut orain, mugitu egiten naiz. Hamar urtez egon naiz jesarrita eta... Joseba B. Lenoir Gangek asko eman dit alde horretatik».

Jesarrita egotetik tente jartzera, eta, behin zutituta, ez da geldirik egotekoa Narbaiza: Joseba B. Lenoir Gangen ez ezik, Perlak eta Dual Split lauko taldeetan, Drumkopters hirukotean eta MICE izenarekin bakarka ere ari da gaur egun. «Bost proiektu dira guztira. Napoka geratu zen, atsedenaldian da, baina sustrai hartatik bost adaxka atera dira». Adaxka bakoitzari berea ematen dio Narbaizak, eta bakoitzetik berea jaso ere bai.

Azken urtebete pasatxoan batez ere Joseba B. Lenoir Gangekin eta Perlakekin aritu da. Lehenean, mutilak dira gainerako lau taldekideak; Perlak, berriz, hiru neskak eta mutil batek osatzen dute. Lehenak AEBetako folk, rock indartsua egiten du, eta after-punk eta pop ilun britainiarra du oinarri nagusi bigarrenak. Alegia, bi unibertso ondo desberdin bizi dituela. Eta modu diferentean bizi ere, nahiz eta biek duten «aberasten», biek dioten zerbait ematen: «Beti egon naiz ohitua mutil artean ibiltzen, eta giro horretara egokitzea oso erraza eta erosoa izan liteke; jakina, baldin eta ez baduzu generoaren txipa etengabe piztua izaten; ze, bestela, ozpindu egiten zara. Emakumeok badaukagu sekulako gaitasuna halako giroetan bizirik irauteko!», dio, barre artean. Hala ere,segidan zehaztu du bere ahalduntze prozesuan «trantsizioan» dagoela-eta zenbait gauza ez dituela pasatzen uzten. «Lehen, akaso, pasatuko nituen, baina, orain, ez. Esaterako, umorearekin gaizki pasatzen dut. Feminismoaren bidez ikasi dut baita txiste arrazistak edo homofoboak identifikatzen ere, eta, halakorik agertzen bada, bada esan egiten diet; errietatxoa egiten diet, bai. Iruditzen zait mutil batzuei pasatzen zaiela galduta daudela eta ez dakitela oso ondo nola egin aurre zenbait egoerari, eta sarri barre erraza ateratzen zaiela».

Pogoak eta ezintasuna

Azken gertakari desatseginetako bat Euskal Herria Zuzenean jaialdian izan zuen, Lekornen (Lapurdi), hainbeste miresten duen Willis Drummonden —adiskide ez ezik, taldekide ditu ia denak Joseba B. Lenoir Gangen— kontzertuan, hain zuzen ere. «Sekulako pogoa sortu zen, baina oso pogo oldarkorra, ia faxista esango nuke. Jendeak bultza besterik ez zuen egiten; mutilak ziren, jakina. Nik askotan dantza egin dut Willisen kontzertuetan, eta gustatzen zait pogo horietan parte hartzea, baina ondo pasatzeko direnean. Beste pogo horietan indarrak irabazten du, eta nik jai daukat». «Amorrua» areagotu egin zitzaion Narbaizari bere inguruko mutil batzuei ezinegona azaldu eta erantzun moduan «barre lelo» bat jaso zuenean: «Arraioa, ari naiz esaten nik parte hartu nahi nuela eta ezin nuela, hor ateak ixten zaizkidala ondo pasatzeko... Borroka bakarrik egin nahi badute, apunta daitezela boxeoan edo, nik zer dakit ba...». Narbaizaren iritzian, rockaren mundua «oso maskulinoa» da oraindik ere: «Ulertzekoa da adrenalina askatu behar izatea, eta musika izan liteke bide horretarako, baina nola? Uste dut zenbaitetan guk geuk, taldeetako kideok ere sustatzen ditugula halako pogoak eta jarrerak, zenbait keinu aupatzailerekin eta abar. Horrelakoetan, ondo legoke guk musikariok publikoa ohartaraztea: 'Festa honetan denok parte hartzea nahi dugu, ez dadila izan bataila bat!'».Edonola ere, «matxismoak ez du musika generoez ulertzen», Narbaizaren iritzian. «Edozein estilotan topa liteke; musika modernoko jaialdietan, akaso, goitik beherako begirada jasan beharko duzu».

Konplizitatea eta babesa

Kontraste interesgarria sortzen dio rockak eta Joseba B. Lenoirren esperientziak Narbaizari: espazio bat bereganatzen lagundu dio, lagunarte bat osatzen,gustuko musika egiten; bestetik, rockaren giro maskulino eta matxista ere bertatik bertara borrokatu behar ditu. Kontrapisua egiteko «bereziki ondo» etorri zaizkio beste taldeak. Hasieratik parte hartu du Perlaken Itzaletatik bigarren diskoan. «Perlaken errazago entzuten da nire ahotsa. Askotan sentitu dut kontrakoa, eta ez musikaren munduan bakarrik. Mutilez inguratuta egon izan naiz, eta sarri orro egin behar izan dut entzunarazteko. Perlaken beste bi neska daude, eta beste lasaitasun batekin komunikatzen dira gauzak. Beste gertutasun bat dago, eta konplizitate bat ere bai...».

Oso antzeratsu gertatzen zaio Drumkopterseko lagunekin edota Dual Splitekoekin. «Drumkoptersen surf-punk moduko bat egiten dugu, eta generoaz ikuspegi feminista batetik hitz egiten dugu, kontzienteki; beste irakaspen bat da. Graduazio desberdinak daude parte hartzen dudan taldeetan». Dual Split Baptitse eta Maia Ibar anai-arreben proiektua da; baterian Felix Buff aritzen da, eta Narbaiza bera teklatu, gitarra elektriko eta ahotsetan. Maiarekin lortutako konplizitatea «liberatzailea» gertatu zaio: «Berekin hasi naiz berriro makillatzen. Lehen uko egiten nion, natural izatearen aitzakiaz, baina hori bera ere pose bat zen. Orain ederra da Maiarekin edo Perlakeko neskekin elkarrekin makillatzea. Espazio bat partekatzea, komunean ditugun gauzez hitz egitea. Saiatzen naiz neure burua ez hainbeste juzgatzen arropa honekin edo harekin joan nahi badut».

Aliatuak eta konplizeak izatea. Horra irakaspen handi bat generoaren borrokan aurrera egiteko. Eta batzuetan gizonezkoak ere topatu ditu bide horretan. «Batzuek badute enpatiarik, eta asko eskertzen da. Beste batzuek, aldiz, txiste errazak egiten jarraitzen dute. Horiei esango nieke: 'Mutilak, liberatu zaitezte jada, arren!'».Berak liberazio prozesuan tinko jarraitzen du, eta jasotako irakaspen guztiekin bakarkako proiektua ere sendotzea du helburu; «Nire kantu koxkorrekin plazan gustura aritzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.