Italiako Giroa

Vivianik, etxean ere bai

Esprinter italiarrak nagusitasunez lortu du Giroko hirugarren etapa garaipena. Markel Irizarrek 160 kilometro egin ditu ihesean

Vivianik, etxean ere bai.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ernegatuta zebilen Elia Viviani (Quic Step), eta atzo amorruak eztanda egin zion etapa irabazi berritan. Esprinter italiarrak Giroan hiru etapa garaipen lortzeko helburua jarri zion bere buruari, eta lehen hiru egunetan, Israelen, bi irabazi zituenetik besoak altxatu gabea zen. Hamahiru egun luze, Italian barrena, Sam Bennett (Bora) esprintetan bera baino hobeto moldatzen zela ikusiz. Baina atzo ez, azkenean, etxean esprinta irabazi zuen Vivianik, Nervesa della Battaglian. Sailkapen nagusiari dagokionez, ez zen aldaketa nabarmenik egon.

Egunkariko argazkian irabazlea agertuko da, baina, atzokoan, iheslari kamikazeek Vivianik adina meritu izan zuten. Tropela ziztu bizian ibili zen, eta, hala ere,160 kilometroz eutsi zioten logikaren aurkako enbidoari. Irteeratik hamar kilometrora ihes egin, eta helmugatik 6,4ra harrapatu zituzten. Eta tartean Markel Irizar (Trek) zen. OƱatiarra bigarrenez sartu zen ihesaldi ero batean. Beste lauak Alessandro Tonelli (Bardiani), Andrea Vendrame (Androni), Marco Marcato (UAE)eta Eugert Zhupa (Wilier) izan ziren.

Ihesaldi epikoa zapuztu bezain laster ezarri zuen tropelak esprint erritmoa, helmugatik sei kilometrora. Esprinterren taldeek ez zuten ezusterik nahi, eta Lotto Jumbok eta Katuxak, batez ere, erritmo oso bizia jarri zuten. Hegan egin zuten, baina ez tropela diziplinatzeko adina. Izan ere, helmugatik kilometro batera, Marco Coledan (Wilier) esprinta hausteko zorian egon zen. Italiako pista selekzioko kideak 800 metro egin zituen ihesean, eta lau segundoren errenta izan zuen. Bere ahaleginak talde eta bideratzaileen logika hautsi zuen, eta, esprinterren arteko buruz buruko lehian, Viviani izan zen indartsuena. San Bennett izan zen bigarren. Sasoiko 32. garaipena da Quick Step taldearentzat, uzta harrigarria.

Gaur, Zonkolan beldurgarria

Asteburuan mendiko bi etapa gogor jokatuko dira. Gaurkoa Zonkolan mendate gogorraren tontorrean bukatuko da. 10,1 kilometroko igoera da, %11,5eko batez besteko pendizarekin, eta %16ra arteko aldapekin. Sailkapen nagusian aldaketa garrantzitsuak eragiteko moduko mendatea da. 186 kilometroko etapa da, eta Zoncolanen aurretik bigarren mailako mendate bat eta hirugarren mailako hiru igoko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.