Munduko Futbol Kopa

Australiak ezusteko galanta eman du, Brasili 3-2 irabazita

Australiarrak 0-2 ari ziren galtzen, baina gai izan dira emaitza iraultzeko. Aukeran jarri zaie sailkapena, eta zaildu egin zaie brasildarrei

Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Australiak eman du Munduko Kopako lehen ezusteko handia, atzo Brasili 3-2 nagusituta. Irabazi izanak baino meritu handiagoa du irabazteko moduak. Izan ere, gai izan zen, 0-2 galtzen ari zela, emaitzari buelta emateko. Garaipenari esker, aukera ona du final-zortzirenetarako sailkatzeko. Hiru puntu ditu, Brasilek eta Italiak adina —italiarrek eta jamaikarrek gaur jokatuko dute—, eta azken jardunaldian multzoko talde apalenaren aurka ariko da: Jamaika. Brasildarrei, aldiz, zaildu egin zaie sailkapena. Indartsu hasi ziren, Jamaikari 4-0 irabazita, baina orain ataka estuan daude. Ezin dute huts egin azken jardunaldian, Italiaren aurka.

Brasil baino koska bat beherago egon arren, australiarrak ez ziren kikilduta zelairatu. Horri esker, estu hartu zuten Brasil lehen minutuetan. Gertu izan zuten gola, epaileak aldeko penaltia adierazi baitzien, baina atzera egin zuen gero, jokaldia telebistan ikusi ondoren. Ez zuen zalantzarik izan gero Brasilen aldeko penaltia adierazi zuenean. Martak jaurti zuen, eta gola sartu zuen. 27. minutua zen. Bada, hamar minutu geroago, Cristianek bigarrena sartu zuen.

Ezer gutxi eginda bideratuta zuen garaipena Brasilek. Lehen zatia amaitzear zela Foordek sartutako golak, ordea, itxaropena eman zien australiarrei. Bigarren zati osoa falta zen jokatzeko. Eta bigarren zatian ikusgarri aritu zen Australia. Ordu laurden eskas behar izan zuen Logarzok binakoa lortzeko. Gol horrek jota utzi zuen Brasil, eta hori ezin hobeto baliatu zuten australiarrek hasitakoa errematatzeko: 2-3koa, 66. minutuan. Monicak sartu zuen gola, bere atean. Ez zen gol gehiago egon. Pozarren ziren australiarrak amaieran, eta ez da harritzekoa. Handia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.