Eibar Badajozen ariko da gaur, Espainiako Kopan aurrera egiteko asmoz

Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Eibarrek Espainiako Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa dauka gaur, Badajozen, hiri horretako taldearen aurka (21:00, Dazn). Partida bakarra izango da, eta eibartarrek ez dute ezustekorik nahi. Oraindik ez zitzaizkien pasatuko aurreko kanporaketan Cacereñoren zelaian bizi izandako estutasunak. Izan ere, azkeneko jokaldian aurkariak bere atean sarturiko golari esker jarraitzen du Kopan Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeak.

Espainiako Bigarren B Mailako taldea da Badajoz, laugarren multzoko onenetako bat, laugarren baita, Cartagena liderrak baino hiru puntu gutxiagorekin. «Logroñes eta Cacereñorekin alderatzen badugu, orain arteko aurkaririk onena da», esan zuen atzo Mendilibarrek. Oso garbi dauka nola jokatu behar duten: «Hasieratik ezarri behar dugu erritmo bizia. Lehen zatian ondo lehiatzen saiatu behar dugu, jakinik haiek oso indartsu aterako direla. Hori eginda, partida aurrera doan heinean antzeman egingo da bi taldeen arteko aldea».

Azkeneko partidetan bezala, gaur ere jokalari asko jokatu ezinda dauzka Eibarrek: Arbilla, Diop, Escalante, Ramis eta Kike. Mendilibarrek etxean utzi ditu atseden hartzen Jose Angel, Bigas, Inui eta Orellana. Deialdian dira Vitoria bigarren taldeko Mari, Atienza, Cubero eta Ekhi. Min hartutakoen inguruan, Mendilibarrek iragarri zuen Arbilla eta Diop jokatzeko moduan izango direla datorren astetik aurrera. Kopan egin ohi duen bezala, Badajozen ere hamaikakoan sartuko ditu ligan gutxien jokatzen ari diren jokalariak.

BADAJOZ-EIBAR

Badajoz. Kike Royo; Tony Abad, Cesar Morgado, Pablo Vazquez,

Candelas; Corredera, Traore, Guzman Casaseca, Bikoro; Gorka

SantamaIa eta Aquino.

Eibar. Yoel; Correa, Oliveira, Burgos, Cubero; Cristoforo, Mari, Atienza; De Blasis, Quique etaCharles.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. Vivero (15.198 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.