Koronabirusa

Nafarroako kasuen hazkundeak moteltzera egin du

Egun bakarrean egindako testen %7,7k eman dute positibo Nafarroan. Beste 1.891 kasu zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta guztira 172 gaixo daude ZIUetan erietxeraturik

Nafarroako kasuen hazkundeak moteltzera egin du.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Bi aste joan dira Nafarroako Gobernuak pandemia gelditzeko neurri murriztaileak ezarri zituenetik, eta haien eragina hasia da datuetan islatzen. Foru erkidegoan, kasuen hazkundea mantsotu egin da egunotan. Izan ere, astelehenetik aitzina, positiboek ez dute gainditu 500en langa, eta 400dik beheitikoa izan da bi egunez. Zehazki, Osasunbideak 344 positibo zenbatu zituen ostegunean egindako probetan, bezperan baino 75 gutxiago, alegia. 4.482 test egin zituen, eta %7,7k eman zuten positibo. Azken hiru egunetan, portzentajea ez da izan %10 baino handiagoa.

Konparazio batera, egun bakarrean egindako testen gaineko positiboen ehunekoak nabarmen egin du hobera. Nafarroan detektatutako kasuek goia jo zuten urriaren 25ean: Osasunbideak 698 positibo zenbatu zituen egun bakarrean, proba gutxiago eginik ere. 3.332 test egin zituzten, eta %20k eman zuten positibo.

Kusatuen datuak aztertuta, hegoaldeko gainerako lurraldeei dagokienez, Bizkaian eta Araban ugaritu egin ziren egun bakarrean atzemandako kasuak. Gipuzkoan, berriz, berdintsu mantendu zen positiboen zenbatekoa. Zehazki, Bizkaian 690 positibo zenbatu zituzten, aurreko egunean baino 69 gehiago. Araban, berriz, 175 detektatu zituzten, bezperan baino 23 gehiago. Gainera, Gipuzkoan joan den egunean baino zortzi gutxiago atzeman ziren, eta, hori horrela, kopuruak 600etik gorakoa da oraindik ere: 663. Hegoaldean guztira 1.891 positibo atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak herenegun egindako probetan. PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, birusa atzemateko 21.172 test egin ziren ostegunean.

Halaber, egunetik egunera kutsatuen kopuruan izan daitezkeen aldaketez gainera, birusaren intzidentzia tasek aise erakusten dute pandemiaren bilakaera nolakoa den. Oraintxe bertan, Hegoaldeko bi herrialdek milakoa gainditzen dute azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko zenbat positibo dauden adierazten duen tasan. Nafarroak du daturik kaskarrena: 100.00 biztanleko 1.059 laguni atzeman diote birusa azken hamalau egunean. Hala eta guztiz ere, aipatzekoa da zifra horrek azkenaldian izandako beheranzko joera: azaroaren 2tik, tasak egunero jo du apaltzera foru erkidegoan. Aldiz, Gipuzkoan tasa handitzen ari da etengabe. Zehazki, oraintxe bertan 100.000 biztanleko 1.049 positibo daude herrialde horretan. Halaber, Bizkaian 661ekoa da intzidentzia tasa, eta, Araban, berriz, 537koa, azken datuen arabera.

COVID-19 ospitaleetan

Nabarmena da pandemiaren bilakaerak Hegoaldeko ospitaleetan izandako eragina. Osakidetzak eta Osasunbideak argitaratutako datuen arabera, ostegunean 103 pertsona eraman zituzten ospitalera Hego Euskal Herrian, bezperan baino bi gehiago, alegia, eta, oraintxe bertan, 919 lagun daude COVID-19arengatik ospitaleraturik Hegoaldean. Horietatik 747 gela arruntetan erietxeraturik daude, eta 172, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Hain zuzen ere, ZIUetan dauden gaixoen kopururi dagokionez, pandemiaren bigarren olatuko daturik makurrena erregistratu zen asteazkenean Hegoaldean, eta, ondoko 24 orduetan, bere horretan segitu zuen unitate horietan erietxeratutakoen zenbatekoak. Zehazki, ostegunean ZIUetan zirenetatik 61 Nafarroakoak ziren, eta Osakidetzaren ardurapeko ospitaleetan zeuden gainerakoak.

Halaber, azken orduetan izandako heriotzei buruzko datuak eman zituen atzo Nafarroako Gobernuak. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi zuen azken egunetan koronabirusarekin eri ziren bederatzi pertsona zendu direla foru erkidegoan. Bederatzi horietatik, bost herenegun hil ziren, eta aurreko egunetan zendutakoak dira gainerako laurak. Zehazki, zazpi emakumezko eta bi gizonezko zendu dira, eta gobernuak esan du 70 eta 93 urte bitartekoak zirela zendutakoak.

Nafarroako Gobernuak ez bezala, Eusko Jaurlaritzak astean behin zabaltzen ditu koronabirusarekin eta birusaren eraginez hildakoei buruzko datuak. Hori horrela, azken datuen arabera, urriaren 26tik azaroaren 1era bitarteko astean, gutxienez 106 gaixo hil ziren COVID-19aren eraginez Hego Euskal Herrian. Aurrekoan, hemeretzi gehiago izan ziren.

Birusa zahar etxeetan

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, zahar etxeak izan dira gaitzaren foku nagusietako bat. Hilabeteak pasatuta ere, ez da erdietsi COVID-19a zentro horietatik aldentzea, eta birusak heriotzak eragiten ditu oraindik ere. Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, koronabirusa zuten bi egoiliar hil ziren herenegun herrialde horretako adinduen egoitzetan.

Halaber, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, oraintxe bertan 115 positibo daude erkidegoko egoitzetan. Nafarroako zahar etxeetako egoiliarren %1,3k dute birusa, eta kutsatze horiek hamar zentrori eragiten diete zehazki. Gainera, aipatzekoak dira azken astean herrialdeko egoitzetan atzemandako agerrialdiak: Sesman eta Vianan detektatu dituzte. Sesman, gutxienez 22k eman dute positibo egindako probetan. Vianan, berriz, 33 koronabirus kasu atzeman zituzten asteazkenean. Horietatik 26 dira egoiliarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.