Koronabirusa

Nafarroa datorren astean hirugarren fasean izango dela espero du gobernuak

Santos Indurainen arabera, azken astean 3.500 PCR proba egin dira, eta soilik 60k eman dute positibo. Zuhurtzia eskatu du, «atzera ez egiteko»

joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Oraingoz, prozesuaren hasieran jarritako helburuak eta epeak betetzen ari dira, eta astelehenetik aurrera koska bat harago joan nahi du Nafarroako Gobernuak. Datorren astean hirugarren fasean sartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta espero du Osasun Ministerioak baimena emango diola. Konfinamendua leuntzeko prozesuaren azken fasea litzateke, eta orain arteko mugak gehiago arinduko lituzke. Dena den, atzo, Santos Indurain Osasun kontseilariak «zuhur» jokatu behar dela nabarmendu zuen, «ez atzera egiteko asmoz».

Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, Indurainek azaldu zuen Nafarroako egoera hobetuz joan dela, positiboak baino gehiago izan direlako sendagiria lortu dutenak. Azken bost egunetan ez da hildakorik izan, eta 64 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 11 larrialdietan. Bigarren eta hirugarren fasean giltzarri da kasu berriak eta haien kontaktuak atzemateko ahalmena izatea, eta, kontseilariaren hitzetan, Nafarroak «nahiko eraginkor» jokatu du.

Azken astean 3.500 PCR proba egin dira, eta soilik %0,7k eman du positibo; zehazki, hirurogeik, eta horietako gehienak sintomarik gabeko pertsonak ziren. Oraingoz, konfinamendua leuntzeko prozesuak ez ditu positiboak handitu, baina ohartarazi du kasuak nabarmen igotzeko arriskua dagoela. Horregatik, zuhur jokatzea galdegin du: «Hobe da motel joatea, korrika joan, estropezu egin eta erortzea baino».

Hirugarren fasea gaindituta, Madrilek erkidegoen artean mugitzea baimenduko du, baina horretan ere zuhurtzia eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.