Albistea entzun

Herri euskaldunak eta arnasguneak

Herri euskaldunak eta arnasguneak bereizi ditu Mikel Zalbidek: arnasguneak erabilerarekin lotu ditu, ez ezagutzarekin. Hiru erronka: demografia, bideragarritasun sozioekonomikoa eta bizitasuna.
Mikel Zalbide, atzo. Arnasguneen erronkei buruz jardun zuen.
Mikel Zalbide, atzo. Arnasguneen erronkei buruz jardun zuen. JON URBE / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko azaroak 23 - Donostia

Asko hedatu da arnasgune kontzeptua euskararen esparruan. Mikel Zalbide euskaltzainak ekarri zuen, Joshua Fishman soziolinguistaren teoriei tiraka. Asko zabaldu da arnasgune kontzeptua, eta beti ez da egoki erabili, Zalbideren ustez. Adibidez, desberdindu egin ditu udalerri euskaldunak eta arnasguneak. Udalerri euskaldun kontzeptua aplikatzen zaie herritar gehienak euskaldunak dituztenei —%70etik gora, oro har—; hizkuntza ezagutzarekin dago lotua, beraz. Arnasgune, berriz, erabilerarekin dago lotua, Zalbideren esanetan: eguneroko jardunean euskara ote den ardatz, arau sozial. «Udalerri euskaldun asko ez dira arnasgune».

Arnasguneen erronkei buruz mintzatu zen atzo Zalbide soziolinguistika jardunaldietan. Eremu horien garrantzia nabarmendu zuen: «Osasun egoera sendotik inon baino hurbilago daude». Batetik, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa: ez soilik umeetakoaz, baizik eta belaunaldi osokoaz. Bestetik, arau sozialak: «Arnasguneetan euskaraz egiten da arau soziala delako. Hori da hiztun elkarte batek izan dezakeen altxorrik preziatuena». Lehentasunezko esparrutzat jo ditu, hortaz.

Azterketa ugarik diote, ordea, galeran daudela eremu horiek. «Gainbehera bizian», Zalbideren arabera. Joera bat baino gehiago jarri ditu horren oinarri: aldaketa demografikoak —bertakoak kanpora, eta biztanle berriak iristea: erdaldunak edo erdaraz errazago egiten dutenak—, bikotekide edo bizilagun erdaldunak, lanera herritik at joan beharra, etxean euskararen nagusitasuna ahultzea...

Jaiotzen garrantzia

Nondik eragin, hiru ildo seinalatu ditu Zalbidek. Batetik, demografia: arnasguneetako herritarrak han geratzea bizitzen, eta kanpotik «uholdeka» ez iristea erdaldunak edo erdal elebidunak. Jaiotzez ere aritu da: «Hiztun herri batek, belaunez belauneko jarraipena izango badu, haurrak behar ditu. Baita arnasguneetan ere, bestela, mehartu egingo baitira».

Bigarrenik, herri horiek sozioekonomikoki bideragarri egitea —txikiak dira—: bertan edo gertu lan egitea, eta osasun eta hezkuntza zerbitzuak izatea. Hirugarrenik, herri giroa: «konpartimentazio soziolinguistiko eta soziokultural berria» adostea. «Egundoko ahalegina eta erronka da arnasgune batean bizitzeko erabaki kolektiboari eustea. Oso garrantzitsua da hori ulertzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

BERRASMATU BEHARREKO SISTEMA

Arantxa Iraola - Garazi Aduriz

Erruz ugaritzen ari dira osasun sistema publikoan dauden arazoei buruzko berriak; izurriak zamatu egin du aurrez ere usu herren ari zen lan eredua. Populazioa zahartzen ari den neurrian, premia handitzen ari da, eta sistema berriz asmatzeko garaia da, sare publikoak sendo iraun dezan, pribatuaren itzal gero eta luzeagoaren aurrean.
 ©JON URBE / FOKU
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU
Osasun langileek antolatutako protesta bat, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Aintzat hartuak izateko bide bila

Arantxa Iraola - Garazi Aduriz

Profesional eskasiaz kexu dira agintariak usu, osasun sistemaren zailtasunez aritzean; lehen arretan izaten da arazoa sarrien. Lotuta dago lan zamarekin, antolaketa txarrarekin, prestigio urriarekin: hortxe erronkak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...