Arrauna. Kontxako Bandera

Konfiantzaren olatuan

Hondarribiak beste inork baino gertuago dauka garaipena, eta fede handia du taldean Mikel Orbañanosek: «Gurea egiten badugu, zaila da guri irabaztea»

Hondarribia, ahalegin betean, herenegun, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. JUAN HERRERO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Hondarribiaren egungo traineruak ezaugarri eta bereizgarri on asko dauzka, eta horrexegatik da oso goi mailako taldea, irabazlea. Bertute horien artean bada bat azkenaldian ikasiz joan dena, eta heldutasuna da, burua ez galtzea, norbere lanean indarrak jartzea, inguruko beste guztiaren eragin txarra albo batera uztea. «Burua hotz», izena eta adjektiboa elkarren ondoan gero eta gehiago erabiltzen dituzte taldekoek, Mikel Orbañanos entrenatzaileak txertatuta, ziurrenik.

«Burua hotz eduki genuen herenegun», esan dio Orbañanosek BERRIAri: «Ikusi genuen zein estropada handia egin zuten lehen txandan Oriok eta Santurtzik, baina horrek ez gintuen urduri jarri». Bazekien eta arraunlariek bazekiten lehen txandako emaitzak ez ziela eragin behar haien geroko hogei minutuko jardunean: «Gu gurea egitera atera ginen, itxitura batean sartuta bezala, eta horixe egin genuen», gehitu du entrenatzaileak.

Egin du antzekotasunik Zarauzko garaipenarekin Orbañanosek. Duela bi asteko bi estropada haietan ere «burua hotz» izan zutela dio, herenegun bezala: «Zierbena bizi atera zen Zarautzen ere, eta gauza bera egin zuen herenegun ere, gure aurretik jarriz. Baina guk geurean segitu genuen, arraunkerari ondo helduz, eta berdin segitu genuen estropada osoan, baita aurretik jarri ginenean ere».

Erlojuaren aurka lana egin zuen Hondarribiak behin muturra hartuta, eta zehaztu egin nahi izan du entrenatzaileak hori: «Esaten dugunean erlojuaren aurka aritu ginela ez dugu esaten gainerako aurkari guztiak gutxiesteko. Esan nahi duguna da gu gurea egitera atera ginela, geure baitan sartuta, bakarrik bageunde bezala».

Zalantza zegoen igandean txanden arteko aldea izango ote zen edo ez, marea aldaketa bigarren txandaren hasieran izango baitzen, besteak beste. Orbañanosek azaldu du ez zitzaiola iruditu aldaketa handirik egon zenik, ez behintzat haizearen indarrean: «Ez zuen gora egin txanda batetik bestera». Normalean ez da hala izaten, baina horrela gertatu zen herenegun, eta, alde horretatik, Hondarribiak ez zuen eguraldiaren eta naturaren kontrako baldintzarik izan haren lana egiteko.

Datorren igandean, baldintza beretan joango dira Orio eta Santurtzi ere, txanda berean, irabazlearekin, Zierbena ere han dela, eta Orbañanosek konfiantza azaldu du: «Gure arraunkerari heltzen badiogu, oso zaila da guri irabaztea».

Badaki, aldi berean, herenegun atera zuen hamalaukoa sendo ari dela: «Sailkatze estropada izan da aurten irabazi ez dugun bakarra talde horrekin. Konfiantza dute elkarrengan, eta asko balio du. Iaz ere antzekoa egin genuen, eta hamalauko hark jokatutako txanda guztiak irabazi zituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.