Errusiako Munduko Kopa

Oso gutxirekin, asko

Espainiak eta Portugalek berdindu besterik ez dute egin Maroko eta Iranekin, baina nahikoa izan zaie sailkatzeko. Errusia eta Uruguai izango dituzte aurkari

Enrique Caceres, jokaldia telebistan ikusiko duela adierazten, Portugal eta Iranen partidan. Penaltia adierazi zuen, eta Iranek banakoa lortu zuen. ESTEBAN BIBA / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Espainia 2-2 Maroko

Golak. 0-1: Butaibek (14. min.). 1-1: Iscok (19. min.). 1-2: En-Nesyrik (81. min.). 2-2: Iago Aspasek (93. min.).

Iran 1-1 Portugal

Golak. 0-1: Quaresmak (45. min.). 1-1: Ansarifardek, penaltiz (93. min.)

Ez da ezustekorik izan B multzoan. Espainia eta Portugal ziren faborito final-zortzirenetarako sailkatzeko, eta biek egin dute aurrera. Lana eman diete Iranek eta Marokok, baina bi selekzio indartsuenek ez dute huts egin. Atzo, B multzoko azkeneko jardunaldian, Espainiak bina berdindu zuen Marokorekin, Kaliningranden, eta Portugalek bana egin zuen Iranekin, Saransken. Hala, Espainiak eta Portugalek berdinduta bukatu dute, bost punturekin, baina espainiarrak izan dira lehenak, gol aldeari esker, eta Errusiaren aurka jokatuko dute datorren igandean, Moskun. Egun bat lehenago jokatuko dute portugaldarrek Uruguairen kontra, Sotxin.

Sailkatzeko, espainiarrek eta portugaldarrek nahikoa zuten azken jardunaldian Marokorekin eta Iranekin berdintzea. Baina aldea zegoen baten eta bestearen artean. Izan ere, Espainiak Marokorekin jokatuko zuen, eta Afrikako selekzioak jada ez zuen aukerarik sailkatzeko. Portugalek, berriz, Iranekin neurtuko zituen indarrak, eta Asiako taldeak bazuen oraindik aurrera egiteko aukerarik. Irabazi beharra zuen ia derrigorrean.

Zelaian, ordea, ez zen igarri alderik, eta Maroko eta Iran grina handiz aritu ziren. Marokoarrek hasi eta berehala utzi zuten agerian ez zutela ezer oparitzeko asmorik. Oparia, gainera, beraiek jaso zuten. Izan ere, Iniestak eta Ramosek ez zuten elkar ulertu, eta Butaib bakarrik utzi zuten baloiarekin De Gearen aurrean. Aurrelari marokoarrak ez zuen barkatu, eta 0-1ekoa lortu zuen. Hamalaugarren minutua zen. Hutsean ziren Iran eta Portugal, eta, horri esker, Espainia sailkatua zen, multzoburu gisa, gainera.

Arnasestuka zebiltzan espainiarrak, eta Iscok arnasa eman zien. Berak hasi zuen jokaldia, eta berak amaitu. Bana. Hemezortzigarren minutua zen. Baina berdinketak ez zuen espainiarren ezinegona arindu. Urduri nabari zitzaien, batez ere atzean, eta Butaibek aukera bikaina izan zuen berriro gola sartzeko, baina De Geak baloia gelditu zion.

VAR-a, erabakigarri

Larri zebilen Espainia. Portugal, aldiz, lasai antzean ari zen. Portugaldarrak erraz iristen ziren Iranen areara, arriskuarekin. Asiako taldeak argi zuen egitekoa: atzean eutsi, eta aurkariaren hutsen bat baliatzen saiatu.

Eta apustua ondo atera zitzaion 45 minutuz, Quaresmaren kalitatea azaldu zen arte. Erasoko erdilari beteranoak jaurtiketa ederra egin zuen area kanpotik, baloia oinaren kanpoaldearekin jota. Justua zen gola, Portugal nagusi baitzen. Golak, gainera, saria zuen: multzoko lehen postua.

Eta egoera horretan hasi zen bigarren zatia bi zelaietan. Azkar izan zuen Portugalek aukera norgehiagoka eta sailkapena erabakita uzteko, baina Cristiano Ronaldok penaltia huts egin zuen 52. minutuan. Okerrago zihoakion Espainiari, direnak eta ez direnak ari baitzen sufritzen, eta zer esanik ez En-Nesyrik 81. minutuan 1-2koa sartu zuenean. Espainiarren zorionerako, Iranek emaitzari buelta emanda bakarrik gera zitekeen kanpoan.

Luzapenean, ordea, dena aldatu zen. Batetik, 93. minutuan Iago Aspasek binakoa egin zuen, epaileak baliogabetu, eta VAR-ak ontzat eman. Horrela ere bigarren zen Espainia. Iranek gola sartzea behar zuen. Bada, VAR-ak mesede egin zion berriro. Izan ere, VAR-ak hala esanda, epaileak Iranen aldeko penaltia adierazi zuen 93. minutuan. Ansarifardek banakoa egin zuen. Gol horrek eman zion lehen postua Espainiari, Portugalen kaltetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.