Espainiako Konstituzioak 40 urte. Mobilizazioak

«Indarrak biltzeko» deialdia

EH Bilduk euskal errepublikaren aldeko manifestazioa egin du, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenean. Otegik «aliantza zabalak» egitea proposatu du, «Espainiaren inboluzioaren aurrean»
Manifestazioa Bilboko kaleetan, atzo.
Manifestazioa Bilboko kaleetan, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko abenduak 7
Espainiako Konstituzioa ezarri zenetik 40 urte bete direnean, Euskal Errepublikaren alde lelopeko manifestazioa egin du EH Bilduk Bilboko kaleetan, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako oldarraldiaren eta Andaluziako hauteskundeetan eskuin muturrak izandako gorakadaren oihartzunak oraindik iraungi gabe daudela. Manifestazioaren osteko ekitaldi politikoan, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du Espainia aldetik «kontrarreforma» eta «inboluzio» haizeak jotzen duela, eta, horren aurrean, proposamena egin du: «Geure burua prestatu behar dugu, indarrak batu, eta antifaxismoa eta herrien autodeterminazioa oinarri izango dituzten aliantza zabalak eraiki».

Espainiako Konstituzioaren urteurrenean, Otegik esan du duela berrogei urte «gauza harrigarriak» gertatu zirela: «Frankismoaren garaian agintean egon ziren eliteek intoxikazio masiborako operazioa jarri zuten abian. Frankista oheratu ziren, eta demokrata esnatu. Torturatzen gintuzten polizia eta guardia zibil frankistak demokrata bihurtu ziren, torturatzen jarraitu zuten arren». Hala ere, euskal herritarrek ere «gauza harrigarriak» egin zituztela erantsi du Otegik, eta gogora ekarri Espainiako Konstituzioa ez zutela onartu: «Ez ginen tronpatu».

Ohartarazi du berrogei urte geroago badagoela Espainian «askatasunak murriztea helburu duen joera bat», eta joera hori Vox-en hauteskunde emaitzak baino harago doala: «[PPko presidente] Pablo Casadoren programa kontrarreformaren programa da, eta bere azken xedea estatu autoritario bat ezartzea da».

Horren kontrakarrean, «euskal errepublika» proposatu du Otegik. Esan duenez, Euskal Herriak, nazio izateaz gain, arlo sozialean ere ezaugarri desberdinak ditu Espainiakoekin alderatuta. Horregatik galdetu du euskal herritarrek zer irabazten duten «gure ordez eta gure interesen kontra erabakiak hartzen dituen estatu baten parte izanik». Esan duenez, hautua ez da «monarkia edo errepublika», baizik eta «monarkia edo errepublikak: Kataluniakoa, Euska Herrikoa eta Galiziakoa».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuak ere hizpide izan ditu, eta Iñigo Urkulluri —«Euskal Herrian ditugun hiru lehendakarietako bat», haren esanetan— ohartarazi dio aurrekontuek «irtenbidea» eman behar dietela jendearen beharrei, «partzialki bada ere», eta hori egin ezean EH Bilduk ez dituela aurrekontu horiek babestuko.

Bost belaunaldi

Arnaldo Otegiz gain, beste lau hizlarik hartu dute parte EH Bilduren ekitaldi politikoan. Zuriñe Iarritu aurkezleak esan duen moduan, bost belaunalditako ordezkariak aritu dira Bilboko Areatzan jarritako agertokitik, Espainiako Konstituzioaren etaparen ezaugarriak aletzeko.

Koldo Gorostiaga Laudioko alkate ohi eta ezker abertzaleko kide historikoak gogorarazi du Espainiako Konstituzioari buruzko galdeketaren garaian Konstituzio honi ez izan zela lelo nagusia. «Konstituzioa zen frankismoari jarraipena emateko tresna nagusia. Baina Euskal Herriak errefusatu egin zuen. Ezin izan dute gure izenean hitz egin; ezin izan dute esan Euskal Herriak Konstituzioa onartu zuela».

Bea Ilardia Bizkaiko ahaldun nagusi izateko EH Bilduko hautagaiak, aldiz, lau urte baino ez zituen Konstituzioa ezarri zenean, eta gogora ekarri du berak, Euskal Herriko gaur egungo biztanle gehienen antzera, ez zuela galdeketa hartan botoa ematerik izan. «Berrogei urtez inposatu digute Konstituzioa, baina berrogei urte barru gure seme-alabak euskal errepublikaren urteurrena ospatzen ariko dira», esan du.

Oihana Etxebarrieta mugimendu feministako kide eta EH Bilduko legebiltzarkideak dei egin die emakumeei sistema aldatzeko borrokan «lehen lerroan» egon daitezen, eta esan du Euskal Errepublika «feminista» izango dela edo ez dela izango. Miren Aranoa EAko Nafarroako koordinatzaileak, berriz, dei egin egin die nafarrei «gainerako euskal herritarrekin batera etorkizuna eraikitzeko».

Manifestazioa eguerdian abiatu da, Plaza Eliptikotik. Pankartaren atzetik eta Euskal Herriko armarriaren irudiak eramanez, manifestariek independentziaren aldeko oihu artean osatu dute Areatza arteko bidea, eta han ekitaldi politikoa egin dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna