Arraunlarien nahiak: kontzentratzea, lan ona egitea, okerrik ez egitea

Urdaibaik barruan behar luke gaur, eta Orioko emakumezkoek ere bai, baina ez dira fio. Kaikuk eta Tolosaldeak aukera dute

Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Arraunlari guztien buruan, antzeko ilusio, gogo, kezka eta nahiak dabiltza egunotan gaurko sailkatze estropadara begira.

ENEKO BILBAO



Urdaibaiko patroia

«Udako gure emaitzak ikusita, ezin gara erdizka atera gaur»



Urdaibairentzat azkeneko aukera da uda trakets hau itxuratzeko, eta hori oso garbi dauka Eneko Bilbao patroiak: «Ez gara ari emaitza onak lortzen, eta Kontxako Bandera da gure azken aukera». Horren aurretik, baina, sailkatu egin behar dute gaur: «Hori garbi dago. Ez bagara sailkatzen, gure egoerari buelta emateko azken aukera galduko dugu». Ondo daki nola atera behar diren: «Ezin gara erdizka ibili udako emaitzak ikusita. Talde asko ibiliko gara lehian, eta gutxirekin ez sartzeko arriskua dago». Aitor Altzibar entrenatzaile berriarekin gustura ari direla esan du: «Nahiko azkar moldatu gara hark nahi duen horretara».

ENEKO ZABALA



Kaikuko arraunlaria

«Badakigu hor gaudela, baina, lehenbizi, gurea ondo egin behar dugu»



Kaiku ez da aparte ibiliko sailkatzeko lekuetatik, eta zazpi aurrenen artean sartzeko aukera ere badu, egin baititu estropada on askoak aurten Eusko Label ligan. Itxaropenik ez du galdu Eneko Zabala arraunlariak: «Badakigu hor ibiliko garela, eta, horretarako, oso garbi dugu zein den aurreneko lana: guk gurea ondo egitea». Zazpigarren lekurako ikusten du lehia estua, eta Ondarroa, Cabo eta beraiek ikusten ditu hor, baina Isuntza baztertu gabe. Onartu du Kontxakoa dutela aurtengo helburu nagusia; bai, behintzat, ligan lanak ondo egin zituztenetik: «Hasieratik garbi geratu zen ez ginela jaitsiko, eta ordutik ari da entrenatzailea gaurkora begira». Taldea bizkortzeko uste sendo hau ere badutela dio: «Taldeko galiziarrek aste osoa daramate gurekin entrenatzen, udan ez bezala, ligako estropadetarako ostiraletan bakarrik etortzen zirelako. Horrek beste jauzi bat emango digula uste dugu».

MALEN OIARTZABAL



Tolosaldeko arraunlaria

«Estu joango da, eta oker gutxien egiten duena sailkatuko da»



Iaz sailkatzea lortu zuen Tolosaldeak, eta aurten ere nahi du, «zaila» dela onartu arren, Malen Oiartzabal arraunlariaren arabera: «Estua joango da: talde asko gaude segundo gutxian, eta oker gutxien egiten duena sartuko da». Taldeak oso entrenamendu onak egin dituela dio, azken egunetan Donostian bertan, eta abisua eman die aurkariei: «Gure lanean oso kontzentratuak gaude, eta borrokalari aterako gara gaur ere. Lan ona egiten badugu, pozik, eta horrekin sailkatzen bagara, askoz hobeto».

SANDRA PIÑEIRO



Orioko arraunlaria

«Faboritoak garela diote, baina oinak lurrean ditugula aterako gara»



Faborito izaera gainetik kendu du Sandra Piñeirok, Orioko arraunlari galiziarrak: «Hala garela diote, baina buruan txoririk gabe goaz». Ligan aurkari izan dituztenen erreferentzia jatorrik ez daukala dio: «Galiziarrekin ez gara lehiatu, eta ETE ligakoekin, oso gutxi. Horregatik ere, bete-betean atera behar dugu: ezin gara lo hartuta atera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.