Kataluniako erreferenduma

Deklaratzeari uko egin diote

Fiskaltzak deklaratzera deitutako Kataluniako 720 alkateetatik lehenak agertu dira epaitegietara, baina ez dute ezer esan nahi izan. Ehunka herritarrek babestu dituzte euren alkateak epaitegietan
Marc Solsona (PDECat) Mollerussako alkatea (Lleida) herritarren babesa jasotzen atzo, Bartzelonan, Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren atarian.
Marc Solsona (PDECat) Mollerussako alkatea (Lleida) herritarren babesa jasotzen atzo, Bartzelonan, Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren atarian. ORIOL CLAVERA

Amagoia Mujika Tolaretxipi - Berriemaile berezia

2017ko irailak 20
Hasi da desfilea: fiskaltzaren aurrera agertzeko deitu dituzten 720 alkateetatik lehenen txanda izan zen atzo, urriaren 1eko erreferenduma babesteagatik, eta tokian tokiko epaitegiak jendetzaren aldarrikapen festak bilakatu ziren. Marc Solsona (PDECat) Mollerussako alkateari (Lleida) Kataluniako Fiskaltza Nagusira joatea egokitu zitzaion, foruduna delako (parlamentuko diputatua da). Bera agertzerako hara joanak ziren ere kazetarien ezusterako Carme Forcadell parlamentuko presidentea, Junts Pel Si talde parlamentarioko presidente Lluis Corominas, Ramona Barrufet, Gema Bel eta Anna Simo diputatuak, Catalunya Si Que Es Poteko Joan Josep Nuet, eta PDECateko koordinatzaile Marta Pascal. Mollerussatik autobusean joandako jendetzaren artean nahastu ziren, hamaika komunikabidetako kazetarik eta kamerak euren lana egiten zuten bitartean.

Alkatea iristerakoan mossoek zabaldu zuten korridore estutik sartu zen Solsona egoitzara, deklarazioak amaierarako utziko zituela esanez. Deklarazioak jendeari, izan ere, fiskalaren aurrean ez zuen txintik ere esan, atzo deklaratzera joan behar zuten gainerako alkateen gisan. Jendeak «ez zaude bakarrik» oihukatu zuen, «bozkatuko dugu!» ere bai, eta ezagunak besarkatu eta besarkatu, iritsi zen halako batean ateraino. Alkatea sartu orduko jarri ziren fokoak politikariei begira, eta Forcadellek hartu zuen hitza denen izenean, fiskaltzari eta Espainiako Gobernuari zuzenduz: «Oso oker daude uste badute zitazioekin erreferenduma geldiaraziko dutela». Argia izan zen adierazpenetan: «Ez alkateak, ezta [parlamentuko] mahaiko kideok ere, ez gara geldituko». L'Estaca kantatu zuten herritarrek, «Gora Katalunia libre!» oihukatu. Nabaria zen jendearen arteko konplizitatea, taldeak ematen duen indarraren jabe.

Herritarrak kazetarien atzean zeuden Forcadell mintzo zen bitartean. Ezin zioten entzun, baina adi zeuden. Legebiltzarreko presidenteak, adierazpenak amaitzerakoan, Paquita Miralles 70 urteko mollerussarra gerturatu zen: «Zer esan du?». Erantzuna jakiterakoan harro esan zuen: «Herri honek behar dituen buruzagiak ditugu, hasi alkateetatik presidenteraino». Bezperan eman zuen izena Mirallesek autobusean Bartzelonara etortzeko. «Parisera ere joango nintzateke, behar izanez gero». Alkatea bakarrik ez sentitzeko etorri zen atzo Bartzelonara, gainerako herritarrak bezala. «Ez du ezer egin, guri hitza eman besterik ez, eta guk bozkatu nahi dugu. Horregatik auzipetu behar dute? Gu harekin gaudela esatera etorri gara. Baketsuegiak izaten ari gara. Hori diot, nire adinarekin ja ez baitaukat isiltzeko gogorik». Barrez eta irribarretsu zegoen denbora osoan.

15.000 biztanle inguru dauzka Mollerussak, eta Mirallesek uste du jendea masiboki joango dela bere herrian bozkatzera. «Bueno, hori nahi dut nik behintzat. Nire inguruko jende guztiak hala egingo du».

Ondoan zeukan Anjel Tena (63) bizilaguna. Hitz egiteko gogoz zegoen hura ere, baiezkoaren aldeko tixerta soinean zuela: «Hiru kamiseta dauzkat, bat zikintzen denerako beste bat jartzeko. Horixe egingo dut bozkatzera joan arte. Noski, joango gara baita ere iritzia ematera hauteslekuetara, edonon bada ere. Bozketaren egunean han izango gara, baina ez gara bozkatzera soilik joango. 07:00etarako joan behar bada, han izango gaituzte hautetsontziak defendatzen. Ezingo dituzte kendu. Ez gaituzte geldiaraziko, ez Guardia Zibilak, ez Poliziak, ez epaileek, eta ezta fiskalek ere».

Dolors Pujolek (53) baietz zioen burua mugituz, Tena hizketan ari zen bitartean, eta bere iritzia gaineratu nahi izan zuen: «Ez nuen espero Espainiako Gobernuak hala jokatuko zuenik. Beldurrean eta autoritarismoan oinarritzen da bere estrategia. Estrategia noizkoa da, zein urtekoa? 1938koa? 39koa? 40koa? Frankismo garaiko estrategia da. Zapaldu isildu arte, baina jai izango dute. Kalean egongo gara, eta ez isilik, ez horixe».

Alkate gehiago

Marc Solsona Fiskaltza Nagusian izan zen, baina atzo deklaratzera deitu zituzten gainerako alkateek probintzietako fiskaltzetara joan behar izan zuten. Miquel Sala Olianako alkatea (Lleida) izan zen lehena. Seu d'Urgelleko epaitegietara jo zuen, hark ere herritarren eta politikarien babesa zuela. Fiskalari ez zuela deklaratuko jakinarazi, eta atera zen. Gauza bera egin zuen Josep Antoni Troguet Pont de Suierteko alkateak (Lleida). Horiek daude dagoeneko egunotan deklaratzera deitu dituzten 37 alkateen artean. Astelehena bitartean igaroko dira guztiak epaitegietatik.

Ikertzen ari zaizkie, udal aretoak utziko dituztela esan dutelako, erreferenduma egin ahal izateko, nahiz eta Auzitegi Konstituzionak bertan behera utzia duen. Zitaziook joan den astean Espainiako Fiskal Nagusi Jose Manuel Mazak emandako agindutik datoz. Mazak mehatxu egin zuen, gainera, atxilo zitzaketela deklaratzera joaten ez baziren, eta herenegun ohartarazi zuen alde bakarreko erreferenduma legez kanpokoa dela, eta balizko parte hartze handi batek ez diola legitimotasuna eransten. «Bi milioik egiteak ez dio delitu izaera kentzen ekintzari». Herritarren kontra har ditzakeen neurriak, ikusteko dago zein izango diren. «Lehenik arduradunen kontrako neurriak hartuko ditugu». Alkate batzuek dagoeneko esan dute ez direla deklaratzera joango.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, berriz, herenegun onartu zuen fiskaltzaren kereila Neus Lloveras AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko presidentearen eta Miquel Buch ACM Kataluniako Udalerrien elkarteko presidentearen kontra. Lloveras Vilanova i la Geltruko alkate ere bada, eta Buch Premia de Marrekoa. Fiskalak uste du galdeketaren antolaketaren ekintza konkretuetan parte hartu dutela, eta desobedientzia delitua egotzi die. Fiskalak Buchi hilaren 26an jarri dio hitzordua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna