Sutea itzali, kezka berpiztu

Sua piztu da Pasaiako portuan, txatar muino batean; lau ordu behar izan dituzte garrak kontrolpean hartzeko, baina gau osoan aritu dira suhiltzaileak ingurua hozten. Protesta egin dute bizilagunek

Atzo arratsaldean, Lezoko plazan bildu ziren bizilagunak, protesta egiteko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Samara Velte, Maite Asensio Lozano
Lezo Donostia
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Ikusmina soilik ez, kezka ere eragin zuen atzo eguerdian Pasaiako portuan (Gipuzkoa) sortutako suteak. Lezoko kaian pilatuta zegoen txatar mordo batek su hartu zuen, eta ke zutabe ilun eta handi bat eratu zen: hainbat kilometrotatik ikus zitekeen. Hain zuzen, ke horrek eragin zituen eragozpenik handienak sua itzaltzean. Garrak kontrolpean hartu arte, lau orduz jardun behar izan zuten suhiltzaileek, lurretik zein itsasotik. Iluntzerako lortu zuten sua guztiz itzaltzea, baina gauean zehar ere lanean jarraitu behar izan zuten: surik berriro ez pizteko, erretako txatarra erabat hoztu behar izan zuten. Zauriturik ez zen izan.

Egunotarako iragarrita zegoen bero boladaren ondorioz, suteak saihesteko ohartarazpen mezuak zabalduak zituzten erakundeek atzo, baina espero gabeko gune batean piztu zen sutea: portuan. Pasaiako Portuko Agintaritzak jakinarazi zuenez, blokeetan trinkotutako ibilgailuen txatar muino bat erre zen. Newhavengo (Ingalaterra) portutik iritsitako Christine ontziarena zen: 2.000 tona txatar ekarri zituen atzo. Zama ateratzen ari zirela piztu zen sua txatarran, baina oraindik ez dakite nola. 12:10ean antzeman zituzten garrak, eta «berehala» jarri zuten martxan larrialdietarako plana. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak inguruko bizilagunei eskatu zien ixteko etxeko leihoak eta ateak; 19:00ak arte mantendu zuen abisu hori indarrean.

Portuko jarduera erabat geldiarazi zuten ordu horietan; inguruetako bizimodua ere hankaz gora jarri zuen istripuak. «Suak txikia ematen zuen hasieran, baina ederki kostatzen ari zaie itzaltzea», zioen eguerdiko 14:00etan portuko garraiolari batek, bere kamioiko atean bermatuta, pareko moilatik ateratzen ari zen ke zutabeari begira. Han, suhiltzaileen bi itsasontzi eta garabi bat ari ziren sutea itzaltzeko ahaleginetan. Itsasotik jasotako ur litroak segundo gutxiren buruan lurruntzen ziren garretara erortzen zirenean, eta ke beltz bihurtzen ziren berehala. Suhiltzaileak, portuko agintaritzaren ibilgailuak eta Guardia Zibilaren autoren bat aurrera eta atzera zebiltzan kaian; erretako gaien kirats sarkorra nabari zitekeen eremu osoan.

Tarteka, leherketa ozenak entzuten ziren. «Txatar hori zanpatutako autoak dira», berretsi zuen garraiolariak, Ertzaintzaren helikoptero bat portuan lurreratzen ari zen unean: «Berez, erregaiz eta bestelako likidoz husten dituzte txatar bihurtu aurretik, baina askotan geratzen da arrastoren bat. Horregatik hartu dute su».

Suhiltzaileek berri agentziei azaldu zietenez, autoen hondar metalikoez gain, pneumatikoak eta erraz su hartzen duten beste material batzuk ere bazeuden txatar muinean. Hortik sutearen tamaina eta kearen beltza. Garrak itzaltzeko lanek luze iraun zuten arren, suhiltzaileek nabarmendu zuten sutea inguratuta izan zutelamomentu oro, eta, hala, inguruko pabiloietara iristea eragotzi zutela. Hain justu, larrialdi planaren «eraginkortasuna» nabarmendu zuen portuko agintaritzak: «Halako egoerei aurre egiteko balio duela demostratu da, nahiz eta, zorionez, halako suteak ezohikoak izan, Pasaian urtean bi milioi tona txatar manipulatzen diren arren».

Kea, Donostialde osoan

Portuko ekialdeko muturrean sortu zen sua, Lezoko Polentzarrene kalearen parean. Kearen parterik handiena hara joan zen; hango bizilagunei etxean geratzeko eskatu zieten erakundeek, baina izan zen kalera jaitsi zenik, sua ikustera. «Lagunek WhatsAppetik bidali dizkidate bideoak, eta ikusi nahi nuen», azaldu zuen barandan pausatutako mutil gazte batek. Ke zutabea, izan ere, Donostialdeko lekurik gehienetatik ikus zitekeen; Kontxako hondartzan zeuden askok ere sumatu zuten. Hiriburuan egun-pasa zebilen udatiar familia bat ere gerturatu zen Lezora. «Haurrei halako gauzek beti ematen diete arreta, eta erakutsi nahi genien», azaldu zuen amak.

Txangozaleentzat ikuskizun bitxia zena, ordea, kezka iturri zen bertakoentzat. Toni izeneko lezoarrak besoak gurutzatuta begiratu zion keari Kaputxinoen aldapatik: «Hemendik 50 metrora bizi naiz. Gehienetan ez dira istripuak gertatzen portuan, baina gertatzen direnean... Hor gai kutsagarri asko daude. Bizilagunen elkartetik-edo salaketaren bat jarri behar genuke». Ordurako, sua «ordu gutxi barru» itzaliko zutela iragarria zuten portuko agintzaritzatik, baina herritarrak ez ziren erabat fio. «Hemendik kea bakarrik ikusten da orain, baina Donibane aldetik zatozenean, sutea handia dela igartzen da», kexu zen pasieran etorritako gizon bat.

Ezinegon hori adierazteko modua ere izan zuten portu inguruko bizilagunek. Portuak itotzen gaitu. Hau ez da ongizatea. Lezon ez dago bizi kalitaterik lelopean, elkarretaratze bat egin zuten arratsaldean Lezoko plazan. «Betiko aldarrikapen bat» ekarri zuten gogora protestan: «Portua herriari itzultzea, kudeaketa egokia bermatzeko modu bakarra delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.