Gernikatik mundura

Elkartasun ekitaldia egin du Gure Esku Dago-k, Kataluniako iazko urriaren 1eko erreferenduma gogoan. Puigdemontek keinua eskertu du bideo baten bidez. Bideoa artikuluaren amaieran.
Jendetza bildu zen Gure Esku Dago-k atzo Gernika-Lumon egindako ekitaldian.
Jendetza bildu zen Gure Esku Dago-k atzo Gernika-Lumon egindako ekitaldian. GOTZON ARANBURU / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko irailak 30
Atzo sirena hotsak entzun ziren berriro Gernika-Lumon (Bizkaia). Baina oraingoan ez zuten inongo bonbardatzerik iragarri: GED Gure Esku Dago plataformak antolatutako ekitaldiaren bukaeraren seinale izan ziren, eta Astra guneko aparkalekua betetzen zuen jendetzari lekua husteko deia, zoruan margoturiko irudia agerian utzi eta zerutik grabatu ahal izateko drone baten bidez. Irudi horrekin —Pablo Picassoren Gernika margolanaren erreprodukzio erraldoia—, mezu bikoitza igorri nahi izan zuen GEDek: Kataluniari, elkartasun mezua, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren urteurrenaren atarian; eta munduari ere, mezu argia, «XXI. mendean erronka, asmo eta helburu politikoak tresna politiko eta demokratikoak erabiliz» bideratu behar direla, GEDeko bozeramaile Angel Oiarbidek esan zuenez.

Kataluniako erreferendumaren urteurrenean, Astrako aparkalekuan egindako lana izan da elkartasun ekitaldiaren ardatza. Azken asteetan ibili dira Gernikako herritarrak Picassoren Gernika-ren erreprodukzioa margozten, «udalarekin eta herritarrekin sortutako elkarlanaren emaitza», ekitaldian aurkezle lanak egin zituen Zihara Enbeita kazetari eta bertsolariak adierazi zuen moduan.

100x50 metroko margolana da, zuriz, beltzez eta grisez taxutua, Picassoren lana bezala. Baina badu jatorrizko lanak ez duen berezitasun bat: Picassoren irudian agertzen den eguzki bonbilladuna horiz pintatu dute gernikarrek, Kataluniako presoei eta erbesteratuei egindako keinu gisa. Ekitaldiak iraun bitartean, margolana estali zuen aparkalekuan bildutako jendetzak. Amaitu zenean, berriz, eta jendeak esparrua hustu ahala, agerian gelditu zen margolana.

GEDeko Larraitz Zubeldiak eta Angel Oiarbidek azaldu zuten zer adierazi nahi izan duten horrekin. Gogora ekarri zuten duela urtebete Katalunian gertatutakoa, eta esan zuten urriaren 1a «mugarri historikoa» izan zela «demokrata guztientzat». «Ez dute inolaz ere isilaraziko askatasun oihu hori», azaldu zuten, «ez gezurretan oinarritutako prozesu judizialekin, ez kartzelarekin, ezta zigorrekin ere».

Oiarbideren arabera, iazko urriaren 1ean erreferenduma galarazten saiatu zirenek «demokrazia suntsitzea» zuten helburu. «Baina ez dute lortu. Demokrazia gailendu egin zen». Herritarrei dei egin zien «erabakiaren bidetik» aurrera egiten jarraitzeko: «Ez diogu beldurrik herri honen etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeari. Ez diogu beldurrik askatasunari». Eta bide hori Kataluniarekin batera egiteko deia ere egin zuen, herri biak «bidaide» direlako: «Elkar lagunduta, bidea samurrago egingo dugu».

Kataluniako ordezkaritza

Kataluniako ordezkari ugarik parte hartu zuten ekitaldian. Han egon ziren Pau Villoria Generalitateko ordezkari ofiziala, JxCko parlamentari Aurora Madaula eta Anna Geli, eta ANCko Roger Heredia. Den-denek esker oneko hitzak izan zituzten euskal herritarrentzat. Baina parte hartzerik garrantzitsuena Carles Puigdemont Generalitateko presidente erbesteratuarena izan zen. Belgikatik igorritako mezu baten bidez eskerrak eman zizkien euskal herritarrei: «Une oro sentitu dugu zuen babesa. Ez diguzue huts egin. Unea iristen bada, jakin ezazue gu ere zuekin egongo garela».

Puigdemontek esan zuen Kataluniak nahi duen bakarra «bere etorkizuna erabakitzea» dela, eta berretsi zuen orain arte egin duten bidea: «Eskubidea dugu, eta aurrera eramango dugu azken ondorioetaraino, nahiz eta bidean zailtasun beldurgarriak topatu», gaztigatu zuen.

Gernikako akordioa

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak ere parte hartu zuen ekitaldian. Gogora ekarri zuen duela zortzi urte, 2010eko irailaren 25ean, Euskal Herriko eragile ugarik sinatutako akordioa «bake eta irtenbide demokratikoen alde». Akordio hartan eskaera zehatza egin zioten ETAri, su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa eman zezan, «jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa», eta, aldi berean, aukera politiko guztien zilegitasuna eta norberaren ideia politikoengatik mehatxatua eta jazarria ez izateko eskubidea ere aldarrikatzen ziren. «Lehenengo puntua bete da, ETA desagertu delako», esan zuen Gorroñok atzo, «baina beste puntuak ez dira bete».

Izan ere, egun, alkatearen ustetan, prozesu subiranistaren alde egin duten politikari katalanek jazarpena pairatzen dute independentistak izateagatik: «Euskal nazionalista edo nazionalista katalana izatea ez da delitua, nazionalista espainiarra izatea delitu ez den modu berean». Errespetu osoa agertu zien nazionalista espainiar sentitzen direnei, baina gauza bera eskatu zuen independentistentzat: «Independentista izatea ez da gaizkile izatea. Kartzelan eta erbestean daudenek etxera bueltatu behar dute».

Hitzaldiez gain, bestelako osagaiak ere izan zituen ekitaldiak. Hasieran, urriaren 1eko erreferendumaren irudiak biltzen zituen bideo bat jarri zuten, eta jendeak txaloka hartu zuen. Beste bideo baten bidez azaldu zuten nolakoa izan zen aparkalekuko margolana egiteko prozesua. L'estaca kantuaren euskarazko bertsioa eta Txoria txori abestuz eman zioten akabera ekitaldiari, droneak zerutik margolanaren irudiak hartu aurretik.

Luke Uribetxebarria eta Jon Aiarza (EAJ), Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta Iker Casanova (EH Bildu), Leire Txakartegi eta Arrate Elkoro (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB) eta beste zenbait ordezkari politiko, sindikal eta sozial egon ziren ekitaldian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Gotzon Hermosilla

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna