83.000 aurpegi, 83.000 izen

2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako Nafarroako Sarean urteak daramatzagu aldarrikatzen beharrezkoa dela nafar guztien gizarteratzea eta mantenua sustatzen dituen politika pasiboak eta aktiboak batzen dituen estrategia bat. 83.000 bizilagun pobrezia eta bazterketa egoera arriskuan bizi dira Nafarroan (AROPE, 2016). Pertsona horien artean, bostetik hiruk pobrezia latza jasaten dute; horrek esan nahi du haien kontsumo-unitatearen errenta hilean 342 euro edo gutxiagokoa dela.

83.000 aurpegi, 83.000 izenengatik botere publikoei eta gizarte osoari konpromiso irmo bat hartzea eta apustu iraunkor bat egitea eskatzen dugu zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek bizitza duin bat izan dezaten. Arrazoi horiengatik guztiengatik itxaropenez jaso genuen Nafarroako Gobernuak egin duen 2018-2021 Gizarteratzearen Plan Estrategikoaren zirriborroaren argitalpena.

Pertsonekin, bereziki zaurgarrienekin, dugun konpromiso tinkoak Gizarteratze Planaren zirriborroa aztertzera bultzatu gaitu. Horretarako, parte-hartze prozesu bat abiarazi dugu, non gizarte entitateek haien ezagutzak eta eskarmentua batu egin dituzten. Lan horren bidez hobetu beharreko zenbait esparru hauteman ditugu eta Nafarroako Gobernuari jakinarazi dizkiogu dagoeneko; kontuan hartuko dituela espero dugu. Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako Nafarroako Sarearen helburua argia da: gizarte politikak hobetzea gizarte inklusibo bat eraikitzeko eta, hala, pertsona guztien egoera hobetzea.

Nafarroan gizarteratzearen bidean urrats sendo bat egiteko momentua iritsi da, eta ezin dugu aukera hau galdu. Horregatik, berriro ohartarazten dugu premiazkoa dela Nafarroako 2018-2021 Gizarteratze Plan Estrategikoa martxan jartzea. Era berean, aurreikusten diren neurriak gauzatzeko epeak finkatzea eta proposamen bakoitzari aurrekontu bat esleitzea eskatzen dugu.

Ez diegu gure itxaropenei agur esan nahi. Hortaz, beharrezkoak diren baliabideak ematea exijitzen ditugu. Modu honetan, etorkizun hurbilean, 83.000 aurpegi horiek, 83.000 izen horiek, pobrezia eta gizarte bazterketa egoera horretatik ihes egin dezaten.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Amaia Leranoz Madariaga, Gara Gonzalez Santana, Patxi San Martin Arbilla, Iranzu Baltasar Martin, Lydia Almirantearena LarraƱeta eta Beatriz Villahizan Lagunas.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.