Albistea entzun

Euskal presoak. Bilbo

«Ezin dugu normalizatu egoera»

Etxekoak espetxean dituzte Bel Pozuetak, Laura Masvidalek eta Maider Visok, eta, Joseba Azkarraga Sareko eledunak gidatuta, Madrilen politikaren «injustizia» izan dute hizpide Bilbon, solasaldi batean.
Joseba Azkarraga Sare plataformako bozeramailea, Maider Viso, Laura Masvidal eta Bel Pozueta, atzo, Bilbon, La Bolsa aretoan.
Joseba Azkarraga Sare plataformako bozeramailea, Maider Viso, Laura Masvidal eta Bel Pozueta, atzo, Bilbon, La Bolsa aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko urtarrilak 13 - Bilbo

Inurri lana eta eguneroko konpromisoa beharrezkoa direla, eta «giza eskubideen aldeko borrokan» norbanako bakoitzak duen indarrean sinistea ezinbestekoa dela. Ideia berean egin dute indar Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda preso altsasuarraren amak, Laura Masvidal Quim Forn Kataluniako presoaren bikotekideak eta Maider Viso Harriet Iragi euskal presoaren bikotekideak. Sarek deituta eta Joseba Azkarraga Sareko eledunak gidatuta, solasaldia egin zuten atzo, Bilbon, La Bolsan. Senideak espetxean dituzte hiru emakumeek, eta bakoitza bere errealitate eta egoerarekin, baina «injustizia beraren biktima» direla dio Azkarrak. Egoera iraultzerik bada, ordea, Masvidalen iritziz. «Norbanako bakoitzak eguneroko konpromisoarekin egiten duen hori jendearengana iristen da. Hori da azken hilabeteetan ikasi dudana. Ez dugu buruzagi politikoak mugitu zain egon behar. Gutako bakoitzak egiten duen horrek balio du, eta jabetu behar gara botere hori badugula eta gauzak aldatzeko gai garela».

Masvidalek gogorarazi duenez, hilaren 29an hasiko dute Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketa. «Badirudi presa sartu zaiela orain». Espainiako Auzitegi Gorenean epaituko dituzte Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras, eta zazpi eta 25 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaietela eskatu du fiskaltzak. Umorez heldu dio gaiari Masvidalek. «Epaiketa justua eskatzea oximorona da; justua izan beharko lukeelako berez. Nolanahi ere, defentsarako aukera bat izango da epaiketa guretzat, orain arte ez baitugu izan zer gertatu zen azaltzeko abagunerik». Madrilera begira daude Altsasuko (Nafarroa) zortzi gazteen senideak ere, hilaren 23an berrikusiko baitute auziaren helegitea Espainiako Auzitegi Nazionalean. «Ez dugu askorik espero», aitortu du Pozuetak, eta, Masvidalek esandakoaren haritik, kontakizunean jarri du fokua. «Oso argi izan genuen zer gertatu zen kontatu behar genuela, ondo dakigulako zer den kontakizunarekin dagoen borroka hori. Oro har, Altsasu herria zigortu zuten».

Espainiako hainbat tokitan izan dira Altsasuko presoen gurasoak auziaren berri ematen. «Zaragozan, Palentzian, Valladoliden, Sorian, Madrilen...; hainbat tokitan izan gara, eta, oro har, harrituta geratzen da jendea. Beren buruari galdetzen diote nola den posible halakoak gertatuta herritarrak ez mugitzea». Galdera jaurti du jarraian Pozuetak. «Nola lortu dute immunitate hori? Ez naiz Altsasun gertatutakoaz soilik ari; oro har, eskubide urraketen aurrean, gizartea anestesiatuta dago». Hainbat egoera «normalizatu» egin direla dio, eta hori aldatzea dela, besteak beste, gaur egun dagoen erronka nagusietako bat.

Pozuetarekin bat egin du Visok, berehala. «30 urte daramatzagu sakabanaketa sufritzen. Gure bizitzaren parte bihurtu da, nolabait, eta normalizatu ere egin dugu. Onartu ez, baina bai normalizatu». Etxean duten egoera izan daiteke isla: Harriet Iragi haren bikotekideak hamazortzi urte egin ditu bakartze erregimenean. «Presoak zigor egun gutxi batzuk igarotzeko eraikita daude bakartzeko galeriak: lau ordu besterik ez dute egiten ziegatik kanpo, ez dute argirik ikusten, eta patioak hogei metroko luzera eta bosteko zabalera baino ez ditu. Presoa zigortzea eta menderatzea du helburu bakartzeak».

Senideak ere kastigatzen direla dio Visok. Hamasei urteko alaba dute Visok eta Iragik, eta haren egoera ekarri du gogora. «Hamazortzi urte egin ditu Harrietek bakartzean, eta hamasei ditu alabak. Beraz, bakartzeko azpiegituretan ezagutu du aita, bisitak ere bertan egin behar zituelako. Leku hotz eta ilun gisa deskribatu izan du beti alabak aita bisitatzeko tokia». Joan den hilabetean aldatu zioten Iragiri espetxe erregimena, baina gogorarazi du oraindik ere hainbat presok jarraitzen dutela erregimen itxiarekin. «Aldatu egin behar dugu».

Indarrak biltzeko deia

Visok aitortu du euskal presoen egoeraren hobetzea espero zuela Espainiako gobernu aldaketarekin. «Tunel ilun batetik gatoz, eta, halakoetan, beti pentsatzen duzu egoerak hobera egingo duela». Itxaropena kamustu zaiola aitortu du jarraian. «Espero genuen larri dauden presoak eta 70 urte baino gehiago dituztenak mugituko zituztela, behintzat, eta ez dute ezer egin. Horrek frustrazioa eragiten du». Azaldu duenez, 11 preso lekualdatu dituzte azkeneko hilabeteetan. «Gu Zaballako espetxera (Araba) ekartzeko eskatzen ari gara».

Etorkizunean egin beharreko urratsei buruz galdetuta, Altsasun jarraitutako bidea jarri du Visok eredu gisa. «Hainbat sektore eta ideologiatako jendea biltzea lortu dute han, eta hori da jarraitu beharreko bidea. Egoera bidegabe honi bukaera eman behar zaio, eta akordioak egin behar ditugu horretarako, udaletan zein legebiltzarrean». Indarrak biltzeko deia egin du. «Gaitasuna izan behar dugu jendeari esateko oraindik ere eskubide urraketek hor jarraitzen dutela eta asteburuero gure bizitza arriskuan jartzen jarraitzen dugula. Ezin dugu egoera normalizatu, bestela ez dugu aurrera egingo».

Omnium Cultural erakundeak egin zuen Demà Pots Ser Tu (Bihar zu izan zintezke) kanpaina aipatu du Masvidalek. «Ulertu behar dugu ez garela borrokatzen Altsasuko gazteen eskubideen alde edo preso daudenen alde, baizik eta herritar guztien hobe beharrez: gizarte justuago baten alde ari gara lanean, eta, era berean, Espainiako Estatuaren botere gehiegikeria salatzen. Egia da Espainiako Gobernuaren alde lerrokatuta dauden hedabideek zabaltzen duten mezuaren aurka egitea oso zaila dela, baina, bakoitzak bere tokitik lan egiten badu, lor dezakegu». Baietz dio Pozuetak, aldamenetik. «Inurri lana egitea ezinbestekoa da».

Hainbat hedabidek zabaldutako mezuak ere izan ditu altsasuarrak hizpide. «Deabru bihurtzen gaituzte, eta, deabruari edozer gertatuta ere, ez zaio inori axola». Hainbat herritarren ahotan zabalduta dagoen esamoldea ekarri du gogora. «Askotan entzuten da esaldi hau: 'Zerbait egingo zuten halakoak gertatzeko'. Horixe da hedabideek sortzen duten gaitzik handiena». Uste eta iritzi horiek deseraikitzen dihardute Altsasun. «Inurri lana egiten jarraitu behar dugu, baina ez dagokigu soilik egoera hau zuzenean jasotzen dugunoi soilik. Zer gertatzen den kontatu behar dugu. Egoera aldatzeko bidean, denok dugu ardura». Eskubide urraketen auziak nazioartean zabaltzearen garrantzia ere azpimarratu dute hirurek. «Kataluniako erbesteratuek agerian utzi dute auzi bera ezberdin epaitzen dutela Europako herrialdeetan. Espainiak duen demokrazia gabezia lau haizeetara zabaldu behar da», azaldu du Masvidalek.

Hainbat ordezkari politiko izan da solasaldian: ERCko Joan Tarda eta EH Bilduko Alba Fatuarte eta Julen Arzuaga, tartean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.