Tanja Aitamurto. Stanfordko Unibertsitateko ikertzailea

«Egunkariak berak ez dira desagertuko»

'Gizartea eta pertsonak: administrazioa berriz hausnartzeko gakoak' biltzarrean parte hartuko du gaur Aitamurtok, Bilbon. Bereziki 'crowdsourcing'-aren gakoak emango ditu.

urtzi urkizu
Bilbo
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Jaioterrian zein Afrikan kazetari lanetan aritu zen Tanja Aitamurto (Keminmaa, Finlandia, 1980). Hamar urte dira AEBetan ikerlari ari dela, Kalifornian. Teknologia berriekin lotutako ikerketak aurkeztu izan ditu Nazio Batuen Erakundean, Europako Batzordean eta AEBetako Etxe Zurian. Etorkizunean, adimen artifizialaren erabileren inguruan ikertu nahiko luke.

Nola erabil daitezke teknologia berriak gizarte informatuago, askotarikoago eta inklusiboago bat sustatzeko?

Teknologia berriak gizartea informatzeko eta konpromiso zibila handiagotzeko erabil daitezke. Crowdsourcing-arekin, aukera asko zabal daitezke —deialdi ireki bat da, jende askok edo komunitate batek parte hartzeko [adibidez, Wikipedia]—. Bilbon, esate baterako, udalak deialdi bat egin dezake, bertan bizi direnek ideiak eman ditzaten garraio publikoahobetu eta trafiko arazoak konpontzeko, edo nolako gune publikoak nahi dituzten ikusteko. Gardentasun horizontalaren kontzeptua ere erabiltzen dugu; hori parte hartzearekin lotua dago. Gardentasuna behar da parte hartzaileen artean eta gobernuekin.

Crowdsourcing-a demokrazian garatzeko gakoak emango dituzu gaur Bilbon. Zein da eman nahi duzun ideia nagusia?

Azkeneko hamar urteetan ikertu dudana ikusita, esango nuke crowdsourcing-a posible dela. Herritarrek parte hartu nahi dute, eta haien ekarpena eta haiek emandako informazioa oso garrantzitsuak izan daitezke administrazioarentzat. Gobernuek jendea entzun behar dute.

Nola lagundu dezakete teknologia berriek kazetaritza hobea egiten?

Kazetaritzan, garrantzitsuena istorioa da. 360 graduko kamerek eta errealitate birtualak kazetariari istorio bat kontatzen lagundu diezaioke. Baina, aurretik, kazetariak istorioa aurkitu behar du, eta jakin behar du nola kontatu nahi duen eta nola iritsi jendearengana. Sillicon Valleyn aipatutako teknologia horietan ari dira lanean, baina horrek guztiak ez du kazetaritza profesionalaren funtsa aldatuko. Hartzaileei interesa piztuko dien istorioa bilatu behar da.

Uste duzu hedabide askok, txikiak barne, errealitate birtuala erabiliko dutela epe laburrean?

Bai, hala uste dut. Berriki Pragan egon naiz, nazioarteko konferentzia batean, eta hainbat hedabidek errealitate birtualeko adibideak erakutsi dituzte. Hemendik gutxira, errealitate birtualeko teknologia merkeagoa izango da, eta gero eta ekoizle eta hartzaile gehiagok erabiliko dute.

Adimen artifiziala ere erabiliko da hedabideetan?

Bai. Adimen artifizialak aukera asko ematen dizkie kazetariei eta edukien argitaratzaileei. Baita herritarrei ere; sakelako telefonoari egin diezazkiokezu galderak, edo etxeko gailu bati eskatu egunkariko azkeneko albisteak zein diren esateko. AEBetan, konpainia batzuk hasiak dira adimen artifiziala erabiltzen albisteak ekoizteko. Kiroletarako ari dira erabiltzen; adibidez, errugbian.

Nolako aldaketak egiten ari dira teknologia berriak hedabideen kontsumo ohituretan?

Hedabideen kontzeptua aldatzen ari da. Sakelako telefonoa da horren adibide argiena, egunkarietako edukiak kontsumitzeko modua aldatu baitu. Bestetik, jendeak albisteak sare sozialetan partekatzen ditu, eta horrek bestelako aldaketa dakar. Jendeak berriak zabaldu eta komentatu egiten ditu. Artikulu bat argitaratzen denean, ez dago amaierako punturik; jarraipena du.

Zure ustez, noiz desagertuko dira paperezko egunkariak?

Albisteak biltzen dituzten egunkariak berak, behintzat, ez dira desagertuko. Kazetaritza profesionala behar-beharrezkoa da, propaganda eta iragarki asko baitaude, eta herritarrek jakin behar dute non dagoen benetako informazioa. Papereko egunkari batzuk fisikoki desagertuko balira ere, sarean eta sakelakoen bidez zabal daitezke. Finlandian, Lapland eskualdean, egunkari batek bizpahiru aldiz ateratzen du paperezko edizioa, eta gainontzeko egunetan Interneteko edizioa eguneratzen du. Finlandian jende guztiak du sakelako telefonoa, eta errealitate birtualarekin saiakerak egiten ari dira.

Etorkizuna al du kalitatezko kazetaritzak ?

Bai, zalantzarik gabe. Jendeak ez dio utziko informazioa irakurtzeari. AEBetan, egunkarien harpidetza digitalek gorantz egin dute nabarmen; adibidez, The New York Times-enek. Hamabost urte barru, negozioa produktu digitaletik iritsiko da.

Ahoz aho dabil albiste faltsuen gaia. Konpainia handiek nahikoa egiten al dute albiste horiek kontrolatzeko?

Gai erabakigarria da; Facebookek eta Googlekerakutsi dutena baino askoz erantzukizun handiagoa dute albiste faltsuen gaian. Jendeak une oro erabiltzen ditu iragarkiak eta edukiak argitaratzeko, eta milioika lagunen arreta bereganatzen dute. Konpainia horiek erantzukizun serioagoa izan beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.