Mariano Barroso. Zinemagilea

«Ertz askori esker, egiara hurbildu gara»

'El día de mañana' telesaila aurkeztu berri du Donostian, eta Movistar+ek hilaren 22an estreinatuko du. Barrosok esan du egitura berritzaile bat probatzeko aukera izan duela.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gidoilaria, zinema zuzendaria eta ekoizlea da Mariano Barroso (Bartzelona, 1959). Hiru Goya irabazi ditu, Mi hermano del alma, Invisibles eta Todas las mujeres lanei esker. Espainiako Zinemaren Akademiako presidenteordea da, eta, okerrik ezean, presidente izendatuko dute larunbatean.

Zerk erakarri zintuen Ignacio Martinez de Pisonen eleberritik telesail bihurtzeko?

Pertsonaien erretratuek erakarri ninduten, eta, guztien artetik, protagonistarenak. Ahots askoren artean aurkezten dute protagonista; harekin harremana izan dutenek desberdin hitz egiten dute: batzuek diote pertsonaia horrek bizitza aldatu diola onerako, eta beste batzuek bizitza suntsitu diela. Hainbeste ertz dituen erretratu batekin, egiara hurbildu gara; telesail baterako oso aberatsa iruditzen zitzaidan. Egitura berritzaile bat probatzeko aukera izan dugu.

Bartzelonan girotua dago istorioa, frankismo garaian, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Horrek aukera eman dizu trama interesgarriak kontatzeko, ezta?

Bai, giro politiko hori bigarren plano batean jarri dugu. Testuingurua atzean dago, eta identitate baten bila dabilen gizarte bat ageri da hor. Pertsonaiek ere pultsio hori dute: nor diren jakiteko irrika. Hiru pertsonaia nagusiak umezurtzak dira, eta idazleak ondo landu zuen hori.

Pertsonaiek ba al dute aukerarik patuari ihes egiteko?

Bizirik irauten ari dira pertsonaia hauek; iheserako aukera gutxi dituzte. Behar oso handiak dituzte, eta horrek ez die aukerarik uzten bigarren mailako aktibitateetarako. Justo Gil protagonistak ama salbatu nahi du, eta horrek eramango du Bartzelonara. Etengabeko larrialdian, batzuk besteak baino hobeto egokituko dira.

Sei ataletan kontatu duzu eleberriko istorioa. Argi zenuen modu horretan kontatu nahi zenuela?

Ni proiektura iritsi nintzenean, formatua erabakia zegoen. Eleberria zein konplexua den ikusita, 50 minutuko sei ataletan egitea ondo dago.

Grabaketa zinema bezalakoa izan zen?

Bai, zinemarekin gehiago pareka daiteke telebista konbentzionalarekin baino. 12-13 egun genituen atal bakoitza grabatzeko; egun bakoitzean, lau minutu. Telebista konbentzionalean, zortzi minutuatera behar dira eguneko.

Vicente Ortiz Jimenoren musika iradokitzailea da.

Istorioak behar duenari erantzuten dio musikak; ateak zabaltzen dizkio narrazioari.

Pozik zaude telesaila Donostian estreinatzeagatik?

Donostiara etortzea opari bat da. Crossover ez da Zinemaldia, baina apustu ausarta eta serioa da telesailen fenomenoa lantzeko.

Zer gogoeta egiten duzu telesailen loraldiaz?

Haurtzaroan kateatuta nengoen Bonanza, Ironside eta Marcus Welby telesailekin. Gaur egun, uztarketa zoriontsu bat gertatu da fikzioaren eta Interneten artean. Zer, noiz eta noraino ikusi aukeratzeak ikusle aktibo egiten zaitu. Horrek antz handiagoa du zinemako ikuslearekin ohiko telebistakoarekin baino.

Gogoz zaude zinemara itzultzeko, ala telesailekin jarraitzeko?

Asko disfrutatu dut telesaila zuzentzen. Zineman urteetan egoten zara lan batekin borrokan, eta estreinaldian jokatzen duzu dena; ostiral gauean esaten dizute filma bizirik ala hilda dagoen. Horrek estres handia sortzen du. Movistar+ plataforman, telesaila jarri eta egun batzuk daude zer harrera duen ikusteko. Antzerkiarekin antz handiagoa du horrek merkatuaren tiraniarekin baino.

Mar Collek esan du Atresmediaren eta Mediaseten erabakiek asko baldintzatu eta pobretu dutela Espainiako zinema.

Espainiako zinema askotarikoa da. Diru askorekin egiten dena dago, baina badago beste zinema mota bat, baliabide gutxirekin egina. Interneteko plataformak ere hasi dira zinema ekoizten. Hori ona izango da oxigenatzeko, aukera gehiago egon daitezen.

Euskarazko film batek irabazi ditu aurten Goya sari gehien.

Bai, Handia film bikaina da. Erreferentzia bat da, zenbaitek mugatu nahi dutena baino zabalagoa baita zinema. Hizkuntza eta emozio guztiena da zinema. Ander, Loreak eta Amama euskarazko filmak ere gustatu zitzaizkidan.

Zer egiteko asmoa duzu Espainiako Zinema Akademian presidente izendatzen bazaituzte?

Daukagun egitura baliatu behar dugu, denon etxea bihurtzeko. Elkartzen duten erakunde eta egitura gutxi daude, eta gure betebeharra komunitatea sortzea da. Zinemarekin lotura duen jendeak senti dezala akademia toki bat dela non elkarrekin topo egin eta eztabaida dezakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.