Koronabirusa

Basurtuko erietxeko agerraldian kutsatu direnak hogei dira jadanik

Txagorritxun, berriz, ez dute kasu berririk atzeman. Murgak dio «garaiz» detektatu dituztela

Bilboko Basurtuko erietxea, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
Andoni Imaz.
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila bi foku nagusi aztertzen ari da egunotan, kezkatzeko moduko kutsatzeak agertzen hasi baitira osasun zentro batzuetan. Txagorritxuko ospitalean (Gasteiz), egoerak berdin jarraitzen du: ez dute beste positiborik atzeman. Lau gaixo daude: bi paziente, langile bat eta bisitan joandako pertsona bat. Basurtun (Bilbo), ordea, birusa hedatu egin da: hogei lagunek dute COVID-19 gaitza. Horien artean bederatzi erietxeko langileak dira, eta gainontzekoak, pazienteak eta bisitariak. Guztiak daude bakartuta, eta haien kontaktuak identifikatu dituzte.

«Agerraldiak osasun sisteman gertatu dira, birusa gure artean dagoelako, eta osasun sistema delako denetan ahulena», esan du Nekane Murga Osasun sailburuak; «fokuak aztertzen ari gara, eta lokalizatu ditugu. Duela aste batzuk baino hobeto gaude».

Joan den astean lehendabiziko positiboak atzeman zituztenez geroztik, PCR bidezko probak egin dituzte ospitaleetan. Txagorritxun, 102 PCR proba egin dituzte. Basurtun, 230; 160 baino gehiago osasun langileen artean. Azken egunetan sendagiria eman dieten pazienteei ere egin dizkiete probak.

Gainera, «zainketa sare bat» osatu dute, eta identifikatuta dauzkate kutsatutakoen inguruko pertsonak. «Garaiz atzeman ditugu», esan du Murgak. Denera, 40 paziente baino gehiago bakartu dituzte.

Gurutzetan ere bai

Basurtun eta Txagorritxun ez ezik, Gurutzetako ospitalean ere (Barakaldo, Bizkaia), COVID-19 kasu bat agertu da, hango paziente batek positibo eman baitu PCR proba eginda. Murgak esan du gaixoa bakartu dutela, baita harekin egondako pazienteak eta langileak ere. Dena dela, ez dute detektatu birusa ospitalearen barruan hedatu denik; beraz, ez dute agerralditzat jo.

«Uste dugu fokua kontrolatuta egon daitekeela, baina ezin dugu baieztatu, inkubazio aroa pasatu arte itxaron behar baitugu. Positibo horiek ostiralean eta larunbatean identifikatu genituen, eta beste batzuk kutsatu zitzaketen aurretik. Birusa latente egon daiteke, eta datozen egunetan agertu. Positiborik ez egoteak ez du esan nahi kutsaturik ez dagoenik», ohartarazi du Murgak.

Positibo eman duten pazienteei beste PCR proba bat egingo diete aurrekotik zortzi egunera, eta, orduan negatibo emanda ere, berriro aztertuko dute haien osasuna hamabost egunen buruan.

Murgak esan du ospitale horietara egindako bisitak mugatzeko asmoa dutela. Aztertzen ari dira pertsona bakoitzak bisitari bat izatea, eta moduren bat topatu nahi dute horiei PCR probak egiteko modu sistematikoan.

«Larrialdi aroa bukatu genuenean, zainketaren aroa hasi genuen. Helburua zen jarraipen zorrotza egitea, jakiteko zer-nolako kasuak zeuden eta zer-nolako kontaktuak zituzten. Bagenekien gerta zitekeela, gertatu da, eta neurriak hartzen hasiak gara», adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Erkorekak baieztatu duenez, agerraldi hauek ez dute zertan eragin konfinamenduaren neurriak arintzeko prozesuan, horrelakoak gertatzeko posibilitatea aurreikusia zutelako: «Ez da salbuespena; fase hau diseinatu genuenean, aukera hau jasoa genuen. Gaur-gaurkoz, ez dago zertan planak aldatu».

Guillermo Quindos EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia katedratikoari elkarrizketa bat egin diote Radio Euskadin, eta adierazi du hiru agerraldiok erakutsi dutela ezin zaiola utzi «erne egoteari». Haren ustean, horrelako agerraldi gehiago izango dira etengabe, gaixotasuna desagertzen den arte. Azken hiru fokuak ezagututa, esan du ikertu behar dutela ea pazienteak gaixotasuna inkubatzen ari zirenean ospitaleratu zituzten ala barruan kutsatu ziren.

«Lasaitasuna inoiz ez da erabatekoa izango», esan du Quindosek; «gaixotasunaren inkubazio aldia luzea da, eta zaila delako infekzioa hasieratik atzematea.

Hiru hildako eta 17 positibo

Azken 24 orduetan, hiru pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman du hiru hildako horien berri; izan ere, Nafarroan astebete baino gehiago eman dute hildakorik gabe. PCR proben bidez atzemandako positibo berriei dagokienez, orotara 17 izan dira. Horietatik hamar Bizkaian hauteman dituzte, bost Araban, eta Nafarroan eta Gipuzkoan kasu berri bana detektatu dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, R0 edo oinarrizko birsorkuntza tasa berriro ere 1etik gorakoa izan da, 1,59 zehazki. ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitateetan egoerak bere horretan dirau, eta bezperako gaixo kopuru berdina dago: 27 Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.