Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Bakarrik egin ezin den bidea

Finalaurrekoen bigarren fasean, orain arte egin ez duten ariketa bat izango dute bertsolariek: puntuka jardun beharko dute. Azkartasuna eskatzen du lan horrek, eta norberak ondo egiteko, ezinbestekoa izaten da ondokoak ere hala egitea.

Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal Mauleko finalaurrekoan. BOB EDME.
Miren Garate.
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Azken txanpara iritsi da Bertsolari Txapelketa Nagusia, seguru asko, lehia kutsu handien duen fasera. Finalaz aparteko helburuak dituztela esaten dute bertsolariek, norbere maila emateari lotutako helburuak. Baina behin honaino iritsita, guztiek begiratzen diote zeharka bada ere BECi, itxura batera behintzat ia inorentzat ez daudelako itxita hango ateak. Are gutxiago, bertsolarien beraien adierazpenak kontuan hartuz gero: izan ere, finaleko postuetatik gertuen dauden bertsolari gehienek aipatu dute ez zirela erabat gogobeteta geratu aurreko saioan,gehiagorako gai ikusten dutela beren burua. Errematatzea bakarrik falta zaie zenbaiti; aurrekoan baino koska bat gorago aritu beharko dute beste batzuek, falta izan zitzaien «distira» hori atera beharko dute, eta, horretaz gain, beste bertsolariek egiten dutenaren zain egotea tokatuko zaie abenduaren 17an oholtzara igoko diren edo ez jakiteko.

Orain artean egin gabeko ariketa bat izango dute finalaurrekoen bigarren fasean: puntuak erantzun ordez, puntuka ariko dira, binaka. Paradoxikoa eta guzti ematen du ariketa hori faserik lehiakorrenean egokitzea; izan ere, bertsolaritzan hainbeste aldiz errepikatzen den ideia bat argien erakusten duen ariketetako bat da: norberak ondo egiteko, ondokoak ere hala egitea komeni izaten dela.

«Puntuka, elkarrizketa egin behar da, batek bakarrik ondo eginda, ez da salbatzen ariketa. Ofiziotan, besteak gaizki eginda ere, igual zeure burua salba dezakezu, baina puntuka ez», azaldu du ariketa horretan artista den Xebastian Lizasok. Abiadurari eusten jakitea, haren ustez, horixe da ondo egiteko gakoa: «Erreflexu azkarrak izatea eskatzen du. Azken batean, bi lagunen artean egiten denean, erritmoa mantendu egin behar da, eta horretarako erreflexu azkarrak izan behar dira». Horretaz gain, bi bertsolariek tonu bera hartzea komeni izaten dela gaineratu du. «Herriz herri zabiltzan bertsolari batekin tokatzen bazaizu, normalean ez da arriskurik egoten, baina bat altu eta bestea baxu hasiz gero, desoreka handia sortzen da».

Hain zuzen, abiadura aldetik ikusi ditu orain arte herren samar txapelketan parte hartzen ari diren bertsolariak. «Bat edo beste kenduta, oso erritmo motelean kantatzen dute; bestela bizkorrago aritzen direnak ere mantso ikusi ditut txapelketan, ahalik eta gutxien arriskatzen». Alde batetik, bertsotan hasi bitarteko denborari buruz ari da: «Adibidez, puntuak erantzun behar direnean, puntua entzun orduko kantatu egin behar da, azkar erantzun eta normal kantatu, ez du balio pentsatzeko denbora asko hartu eta gero azkar kantatzeak». Baina ez horri buruz bakarrik: «Kartzelakoan, bertsotik bertsora ere denbora hartzen dute batzuek. Hasieran zain egotera ohitu gara, hori ere ez dago ondo, baina aukeran bertsotik bertsora hartzea baino nahiago, bestela amaigabea egiten da bertsoaldia».

Jardun eta jardun. Puntuka ikasteko beste sekreturik ez dagoela dio. «Ideia etortzea, azkar etortzea eta azkar ateratzea, horiek lortu behar dira. Jardunez gero, jarri egiten zara. Hasieran ez duzu asmatuko, baina ibiliz gero, bai». Segundo bat baino gutxiago izaten du bertsolariak besteak esandakoa entzun eta berea botatzeko. Lizasoren esanetan, ez da pentsatzen ondokoari bidea ixten zaion edo ez. «Ez da denborarik egoten filtroak pasatzen hasteko, okurritutakoa astakeria ikaragarria ez bada, bota egiten da».

Biek, bietatik

Puntuka, Andoni Egaña izaten du askotan kantukide azpeitiarrak. Bien artean egiten dute ariketa berezi bat ere, Egañak galdetu eta Lizasok erantzun, beti Egaña hasi eta beti Lizasok amaitu. Ez da hala izaten txapelketan, amaitu duenak hasten baitu hurrengo bertsoa —zortzi bertso osatzen dituzte bien artean—. Eta rolak ere ez direla hala banatzen kontatu du Beñat Gaztelumendik. «Ez du bertsolari batek hartzen elementuak ekartzeko ardura eta besteak erantzutekoa, biek egiten dituzte bi gauzak». Harekin batera, Sustrai Colina, Jon Maia, Nerea Ibarzabal, Jon Martin eta Etxahun Lekue ariko dira, bihar, Amurrion. Bañueta kiroldegian izango da saioa, ohi bezala, 17:00etan, eta Aintzane Irazustak egingo ditu gai-jartzaile lanak.

Gaztelumendiren iritziz, ahalik eta hari mutur gehien ateratzen saiatzen dira puntukako ariketan, beti aurrera egiten, eta, era berean, erne samar egoten besteari erantzuteko. «Nire ustez, bi arrisku handi ditu ariketak: bat, biderik ez aurkitzea ez bertsolari batek ez besteak, eta ataskatuta bezala geratzea; bestea, ongi hastea, hari mutur egokia aurkitzea hasieran, baina hari mutur horretan gehiegi tematzeagatik gaia itotzea». Azaldu du beste elementu batera noiz salto egin asmatze horretan dagoela ariketa ondo ateratzeko sekretuetako bat. Eta ez puntukako ariketan bakarrik. «Denbora osoan erantzutera bazaude, ito egiten da gaia. Noski, gai bazara erantzunez beste elementu bat eransteko, mundiala da, baina, beti ez denez lortzen, jakin behar da zer egin momentu bakoitzean».

Horri lotuta, badago beste topiko bat ere: txapelketan bakoitza berera joaten dela, eta hanka sartzeko beldurrez, behar baino gutxiagotan erantzuten dutela bertsolariek, nahiago izaten dutela aurrez pentsatutakoa botatzea. Zenbaitek falta botatzen du jarrera erasokorragoa. Ez dago ados Gaztelumendi. «Gizartea bera ere aldatu da, eta estilo ezberdinak daude bertsolaritzan ere». Gustatzen zaio batzuetan parez pareko jarrera horretan aritzea, baina baita bi bertsolari elkarrekin zenbat ertz aurkitzeko gai diren ikustea ere. «Txapelketak, gainera, bietarako aukera ematen du».

Saio amaieretan, ohiko komentarioa izaten da halakok halakori bidea itxi diola, bota duen erantzunarekin esateko ezer gabe utzi duela bestea. «Ez dut uste, ordea, nahita egiten den zerbait denik». Puntukako ariketan, esate baterako, berezitasunetako bat izaten da ondoko bertsolaria hasten dela erdietan, hark aukeratzen duela zein errima erabili. Horretan ere gustuak egoten dira, eta gerta daiteke ez izatea norberak asko erabiltzen duena eta oin gutxi okurritzea errima horretakoak. Gaztelumendiren arabera, ofiziotako beste ariketetan, lehendabiziko bertsoan beste bertsolariaren pertsonaia zuzenean definitzea ere izan daiteke bidea ixtea; alegia, ez uztea besteari bere pertsonaia zehazten. «Baina finalaurrekoetan gauden bertsolariok horrelakoetara jarrita egon behar dugu».

Taldearen babesa

Biren artean ateratzen dira aurrera bertsoaldiak, eta seiren artean saioak. Zumaiako kanporaketan, hasierako agurrean, Miren Artetxek kantatu zuen «nahi ta ez kontrario/ nahi ala ez talde» izaten direla txapelketako saioetan. Lehiakide izaera horri buruz ez dute asko hitz egiten bertsolariek, baina bai bigarren zati horri buruz. Txapelketa honetan askotan aipatu dituzte honelako esaldiak: «halako nuen aldamenean eta asko lagundu dit», «oholtza egiten asmatu dugu», «talde sentsazioa izan dugu guk, eta jendeak ere igarri du hori». Aurreko astean, adibidez, Durangon, talde modura funtzionatzen asmatu zutela iruditu zitzaion Gaztelumendiri: «Beste patxada batekin edo beste babes batekin ikusten ziren bertsolariak».

Kanpotik hain garrantzitsu ematen ez duen horrek bertsoen mailan eragin handia duela azaldu du. «Ateratzen garenean, ez dugu ezer kontrolatzen: ez dakigu zer gai jarriko dizkiguten eta zer gorputzaldi izango dugun. Kontrolatu dezakegun bakarra da taldearen babesa izango dugula. Oso garrantzitsua izaten da atzean esertzen garenean ondokoaren animoak izatea, eta jakin behar izaten da ondokoa noiz dagoen erori samar igartzen eta hura noiz altxatu ikusten ere». Elkarren arteko konplizitateak sortzen asmatuz gero, bi bertsolariak elkar lasaitzeko gai izanez gero, konfiantza horrek bakoitzak beretik onena ematen laguntzen duela adierazi du.

Finalista izan zen aurreko txapelketan añorgatarra, baina taldea sortzeko lan horretan, ez du karga berezirik sentitzen horregatik. «Ez dut estatusetan sinesten, ez dut uste finalean egon izanagatik ardura handiagoa dugunik». Hala ere, onartzen du eskarmentua lagungarri dela. «Gu hemendik pasatuta gaudenez, eta badakigunez nola izaten den, horrek laguntzen du egoeraren aurrean seguruago egoten». Uste du segurtasun handiena duenak saiatu behar duela segurtasun hori transmititzen. «Baina bakoitza mundu bat da, batzuk urduriagoak dira berez, eta besteak, lasaiagoak. Urduri eta segurtasunik gabe gaudenean, guztiok saiatu behar genuke taldean babesten, eta, era berean, ezkortasun hori taldera ez transmititzen ahalegindu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.