urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Amaitu da ramadana

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Lerrook idazten ari naizela, mugimendu handia dago balkoitik ikusten den aparkalekuan. Auto ugari, TAO makinan ordaintzeko erreskadak, senar-emazteak zein umeak dotore jantzita, alfonbra txikia eskuetan Miribillako Bilbo Arena kantxara doaz. Eid-el-Fitr da, ramadanaren amaierako ospakizuna. Soineko koloretsuak eta atzetik bildutako zapiak Afrika beltzeko emakumeek, hijaba magrebtarrek, egun berezietako jantziak umeek. Handik minutu gutxira, alabari gosaria emanda, ikastolara bidean daramat auzoko kaleetan. Bi mundu dirudite, lanera eta eskolara goizero bezala doazen familiak, ia ezer jakin gabe metro gutxira ospakizunean diren lagunei buruz. TAOko langileak ere galdetu du: zer gertatzen da, ba, gaur, hainbeste auto egoteko?

Bayram deitu ohi diote Turkian eta Ipar Kurdistanen, ospakizuna alegia, eta zehazki Ramazan Bayramõ (Ramadaneko ospakizuna) edo ?eker Bayramõ, azukrearena -goxokiena—, alegia. Auzoak bisitatzen dira, familiak elkartu, hilerriak bisitatu, lore-azokak egiten dira, eta umeak kalerik kale dabiltza goxoki eske. Irudi ezaguna zaizue, ezta? Sakratua ei den hileko unerik ederrena da: ramadana behingoz amaitzea. Sinestun praktikanteak meskitara otoitzera joan ohi dira, baina denek ospatzen dute ramadanaren amaiera —sinestun zein ez; are gehiago, musulman zein ez—, eta, bi hil geroago datorren Sakrifizioaren ospakizunean bezala, Istanbulen bizi nintzela, ospakizunetara gonbidatu ohi ninduten, horrelako egunak ez ei zirelako nork bakarrik emateko, lagunekin edo familian baizik. Bataiatu gabeko euskaldun honentzat, bere kristau ondarearekin bat egiteko lezioa ere bazen: sinestea gutxienekoa da, lagunekin egoteak eta ospatzeak du garrantzia. Erdoganen estatu islamista gailendu aurretik ere, funtzionarioek eta unibertsitatean buruzapia behar bezala debekatuta zeuden Turkia laikoan ere jaieguna zen bayrama.

Konfiantza hartutakoan, askok aitortzen dizutena da: ramadanaren onena amaiera da. Erdian dagoena, gutxi batzuen debozioa eta gehienen sakrifizio hutsala eta umore txarra, eta, batez ere, kontrol soziala: «Tamalez, debozioak sustatu behar omen lituzkeen balio horiek guztiak desagertu egiten dira ramadan hilean. Erreakzio zakarrak eta aurpegi txarrak ditugu horren ordez», dio Sanaa El Aji kazetari marokoarrak. Hipokrisia aspaldi salatu zuten: «Ramadanean, jaten duenaren bila ari zarete, hura zigortzeko, eta, urtean zehar, ez duzue gose dena bilatzen, hari janaria emateko».

Bilbo Arenatik metro gutxira, San Frantzisko kalean, bat eta bi baino gehiago dira hila jan-edanean lasai eman dutenak, baina gauza geroz eta okerrago jartzen ari dela diotsue, kontrola geroz eta handiagoa dela komunitatean. Ezkutuan askok hausten dute baraua; jendaurrean egitea, edozein euskal kristau balitz bezala, probokazioa ei da, «badakite ezkertiarra naizela eta bost axola zaidala erlijioa, baina ez dut jendaurrean egingo, egoera ez da Europako hiriburu batzuetan bezain makurra, Bruselan jipoitu ere egin dituzte kalean jaten harrapatu dituztenak». «Besteoi» eragiten ez digunez, multikulturalismoz ezkutatzen dugu asko eta askori itzelezko presioa dakarkien praktika. «Europako bihotzeko hainbat hiriburutan ere, musulmanek elkar zelatatzen dute. Etengabe entzuten dugu honek edo hark baraurik ez egitea hautatu duela, hari baino ez dagozkion arrazoiengatik... pertsona heldu batek erlijioa praktikatu ala ez, fedea izan ala ez, hari baino ez dagokio», salatu du El Ajik. Ondorioak, norbere debozio eta barauaren ordez, kontrola, zigorra eta mehatxua dira. Eta islamofobo deitzearen ikarak eskuin muturrari bidea libre uzten dion ezkerra, inoiz antiklerikala izan zela ahaztuta, edo are okerrago, antiklerikalismoa «gureentzat» dela (gu bezalako ateo kristauentzat, ezta?), baina «haiek» desberdinak ei dira, beti dira «haiek».

Duela hiru aste, Lesbos uharteko zenbait iheslari arabiarrek ia heriotzaraino jipoitu zituzten haiek bezala erbesterako bidea hartu behar izan zituzten dozena bat kurdu. «Baraurik egiten ez duten fedegabeak» omen ziren. Kurdu musulmanak ziren batzuk, yezidiak besteak. Jihadistei ihesi Iraken, eta Europan bizardunak euren legea inposatzen jasan behar. Iazko uztailean Alemaniako Oldenburgen Siriako Afrin hiriko iheslari kurdu bat hil zuten, motibo beragatik: lasai ari zen kalean zigarro bat erretzen. Eta hori kristauen pribilegioa omen. Bi umeren aita zen Abed Hannan Yaghoub.

Baraua edo zapia janzteko eskubidearen aurretik, horiek ez egiteko askatasuna bete behar da. Batzuek itsasoan altxatu nahi lituzkete harresiak. Ez ditzagun guk ere hesi ikusezinak eraiki gizartean, urteetako borroka luzeek patriarkatuari eta erlijioari kendutako eskubideak «gureentzat» soilik izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.