Santosen arabera, FARCek datorren astean askatuko du Alzate jenerala

Kolonbiako presidenteak esan du gatibuak aske uzteko tokiaren «koordenatuak» jaso dituztela.

Alzaterekin batera atxikitako biak eta hilaren 9an gatibu hartutako bi soldadu utziko dituzte libre

Erredakzioa -

2014ko azaroak 23
Kolonbiako bake prozesuak bi urtean jasandako krisi larriena konpontzear dagoela adierazi du Juan Manuel Santos presidenteak. «Jaso ditugu koordenatuak. Aginduak ematen ari naiz datorren astean aske uztea errazteko», adierazi zuen Twitter bidez, atzo. FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak hil honetan gatibu hartutako lau militarrez eta zibil batez ari zen. Krisia sortu duen kasua, ordea, horietako batena izan da: Ruben Dario Alzate jeneralarena. Gerrillak duela astebete hartu zuen Alzate gatibu, eta ostegunean hitzartu zuen gobernuarekin aske uztea.

Azken egunotan bete dira bi urte gobernuko eta FARCeko ordezkariak lehenengo aldiz aurrez aurre eseri zirela Habanan, bake prozesuari ekiteko. FARCek bere kabuz emaniko su-eten mugatuez gain, meniarik gabe ari dira negoziatzen bi aldeak. Alzaterekin gertatutakoa izan da, ordea, prozesua kinka larrienean jarri duen gertakaria, Santosek elkarrizketak eteteko agindua eman baitzuen.

Santosek jakinarazi duenez, gatibuen auzian Kuba eta Norvegia izan dira bitartekari. Hain zuzen, bi herrialde horiek bake prozesu osoa martxan jartzeko ere bitartekari eta anfitrioi lana egin dute, eta Lucio Arango Marin Ivan Marquez FARCeko negoziatzaileen bozeramaileak hori eskertu zien prozesuaren bigarren urteurrenaren harira egindako agerraldian. Gobernuak eta gerrillak hitzartu dutenez, Gurutze Gorria arduratuko da Alzate jeneralaren eta gainerakoen askapen prozesuaren logistikaz.

Jeneralarekin batera, Jorge Rodriguez buruzagia eta Gloria Urrego abokatu eta armadaren aholkularia atxiki zituzten gerrillariek, Choco departamentuan —ipar-mendebaldean—. FARCen presentzia handiko gune batean zeuden, zibilez jantzita. Horrez gain, gerrillak hilaren 9an borroka batean gatibu hartutako beste bi soldadu ere askatuko ditu.

ELNren deia Chocon

Kolonbiako beste gerrilla nagusiak, berriz, ELN Nazioa Askatzeko Armadak, Choco departamentuan bertan 24 orduko geldialdi bat ezarri nahi die garraio enpresei etzi. Agiri batean, Alzate jeneralaren jarduna salatu du, eta «gerra kriminal» deitu dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna