Derbi izaerako estres proba bat

Osasunak eta Realak beren bolada ona berretsi nahi dute gaur Iruñean. Aridane ez da ariko; Gebara deialdian da

Jon Ander De la Hoz.
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Edozein derbik dituen osagaiei beste bat gehituko zaie gaur arratsaldean. Osasunak eta RealakSadarren jokatuko duten neurketa (18:30, Movistar La Liga) estres proba bat izango da bi taldeentzat. Gorritxoek Espainiako Ligako liderra jasoko dute, lehen hamabi jardunaldietako talderik onena, horrek esan nahi duen guztiarekin. Partida bakarra galdu duen taldeari irabaztea du xede, bere aldi ona berresteko.

Asmo bera dute txuri-urdinek. Realak azterketa gogorra izango du Iruñean. Liga hasiera ona egin duen talde baten aurrean frogatu nahiko du nekeari zenbaterainoko pairamena dion. Donostiarrak ostegunetan eta igandeetan jokatzen ari dira azken asteetan, eta hala segitu nahi dute luzaroan, eta ligako gorengo postuetatik jaitsi gabe, ahal dela. Etenaren aurreko azken jardunaldiak gaitasunaren inguruko zantzu batzuk azaleratuko ditu.

Derbi bat ez baita edozein neurketa. Izatez exijentea den txapelketa bati intentsitatea gehitzen dieten partidak izan ohi dira. Zer esanik ez bi teknikariak Jagoba Arrasate eta Imanol Alguacil direnean. Bi-biek asko eskatzen diete beren jokalariei, eta saritu egiten dituzte jota amaitzen dituztenak. Lanaren zigilua dute beren taldeek, eta, sakrifizioa lege, bizitasun handiko partida espero da Sadarren. Elektrikoa, menturaz.

Bi taldeek ondotxo dakite elkarren berri, eta norgehiagoka ikusgarria aurreikusi dute teknikariek. Arrasateren ustez, «partida polita izango da. Haiek lehenak dira, gu ere ondo gaude, eta etenaren aurretik irabazten saiatu behar dugu». Antzera mintzatu da Realeko entrenatzailea ere; Imanolek dio Osasuna multzo ona dela: «Talde bezala izugarrizko lana egiten dute, erasoan ere oso argi dute zer eta nola egin, eta aukera mordoa egiten dute. Ez da partida erraza izango».

Aldaketak, ezinbestean

Osasunak eta Realak zenbait jokalari falta dituzte gaurko partidarako. Etxekoei dagokienez, atean dute zalantzarik handiena: «Aridanerena baja jakina da. Sergio [Herrera] gaur aritu da taldearekin lehendabiziko aldiz, eta bihar ikusiko dugu ea jokatu dezakeen». Realean, aurreikusitakoez gain, Mikel Oiartzabal aurrelariak jokatu ezinda segituko du beste astebetez. Ander Gebara osatu da, eta deialdian sartu du Imanolek.

Aurrekariak, Realarentzat

Azken urteetan joera argia izan da: Reala hobeto moldatu da derbietan. Txuri-urdinek irabazi egin dituzte elkarren arteko azken hamar partida ofizialetatik sei —bat Espainiako Kopan—, eta gainontzeko lauak berdindu egin dituzte. Bolada hori amaitu nahia azpimarratu du Arrasatek: «Orain artean haiekin jokatu dugunean, barruko jokoa lotzea nahikoa izan zitekeen. Orain Reala osoagoa da, beste era batzuetara ere joka dezake. Realak talentua du, eta kalitatea».

Kontrara, Imanolek uste du Osasunak maila ona eskainiko duela Sadarren: «Talde erasokorra da, ideiak oso argi dituena. Kalitate handiko jokalariak dituen taldea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.