Athetic 3-0 Espanyol

Muniainek piztu du argia

Aurrelariak lehen ordu laurdenean sarturiko bi goli esker irabazi du Athleticek. Ez du beste munduko jokorik egin, baina ezta behar ere, Espanyolek minutu on gutxi izan baititu

Iker Muniain eta Iñigo Cordoba elkar besarkatuta, aurrelariak atzoko partidan sarturiko goletako bat ospatzen. MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Muniainek (4. min.). 2-0: Muniainek (17. min.); 3-0: V. Sanchezek (b. a., 82. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Espanyoleko Bernardori. Bestelakoak. 37.094 ikusle San Mamesen.

Ilunpean zebilen Athletic, oina non jarri garbi ez izateak sortzen duen ikararekin. Bost partida ziren irabazi gabe, eta urduritasun pixka bat zabaltzen hasia zen San Mamesen. Krisiak merke daude egungo futbolean, eta edozein bolada txar hondamendi baten atariko bezala saltzen da. Galdera deserosoak iritsiak ziren Gaizka Garitanoren agerpenetara, eta taldeak emaitza on bat behar zuen. Irabazteko, baina, joko pixka bat behar da, eta Athletic ez dabil irudimenez sobera. Ilunpe hori uxatuko zuen norbait behar zuen, eta atzokoan Iker Muniainek sakatu zuen argiaren etengailua. Bizpahiru aldiz sakatu zuen gero itzaltzeko, baina Athleticek argi segundo horiek nahikoa izan zituen, Espanyolen atera zeraman bidea aurkitu, eta partida irabazteko.

San Mamesek arrats lasaia izan zuen. Lasaiegia agian, askotan partida aspergarria izan baitzen. Athleticek ez zuen ondo jokatu, baina ezta behar ere. Jokoa lantzeko arazoak ditu, eta merezi baino gol gehiago sartu zituen. Zaleek, halere, nahi beste denbora izan zuten sailkapena zehatz aztertzeko, Espanyolek ere ez baitzuen egin irabazteko meriturik. Atzoko puntuekin Europan aritzeko lehiatzen ari diren taldeak gertuago dituzte zuri-gorriak eta jaitsiera postuak urrun dirudite. Lasaitasunak, baina, badu plazeretik zerbait, eta zaleek gozatua hartu zuten Iker Muniaini txalo egiten hark zelaia utzi zuenean.

Aurrelaria izan baitzen onena. Garitanok hegaleko kaiolatik atera eta puntaerdira eraman zuen. Raul Garcia jarri zuen aurrean, eta Williams hegalean. Berritasunak Espanyolen atzeko lerroa nahasi zuen, eta kapitainak baliatu zuen hobekien. Lehen ordu laurdenean bi aldaratzeren jabe egin zen (4. min. eta 17. min), eta bi gol sartu zituen. Bi aldaratze ezberdin izan ziren gainera. Aurrenekoan azti ibili zen, Espanyoleko hiru atzelariri aurrea hartu, eta area barrutik sartu zuen gola. Bigarrenean, aldiz, artista. Korner baten ondoren baloia areaz kanpo jaso, bularrez kontrolatu, eta bolea ikusgarriz bidali zuen sareetara.

Emaitza hain alde izanda, Athletic erlaxatu egin zen, eta Espanyolek agindu zuen. Gehiago izan zen, eta bi gol aukera izan zituen lehen zatiaren amaieran. Aurrenekoan, epaileak, VARaren laguntzaz, ez zuen ontzat eman Bernardoren gola, eta, bigarrenean, Simonez geldiketa bikaina egin zion Campuzanori. Mezu argia zen; Espanyol ez zegoen hilda.

Hilda ez, baina oso bizirik ere ez, bigarren zatian arrisku gutxi sortu baitzuten kanpokoek. Athleticek hiru gol sartu zizkien ezer gutxi eginda. Hirugarrena 82. minutuan iritsi zen, Capak, Cordobak eta Muniainekjositako kontraeraso batean. Hark jo zuen azkena, baina aterako bidean Sanchezen hanka ukitu zuen baloiak. Amaieran Muniainek epaileari galdetu zion zeinena zen gola. Ez zen eskuzabala izan, eta kapitainak ez zuen baloia etxera eraman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.