Abian, agian bai

2016ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Giza antolakunde guztiek iraungitze data daukate» esanez hasten da Lurralde Askea komunitate desobedientearen Konpromisoen Bildumaren sarrera. «Iritsi da bestelako paisaia sozial batera pasatzeko garaia. Askapen garaia da. Baina Sorkuntza Borroka delakoaren bidez egin behar dugu eraikitze lan hori, eta ez Kontrako Borroka ezagunarekin soilik». Nola ez, kapitalismoaz ari gara aipamen horretan, baina beldur naiz estrategia politiko berria bideratzeko Ezker Abertzaleak azken bost urteotan garatu duen politikagintza, komunikazio eta funtzionamendu ereduari ere ez ote zaion iraungitze data iritsi. Estrategia berriak, aliantza politikak, indar metaketak eta bide soilik politikoen aldeko apustuak balio du, baina beste era batean garatzen badugu.

Eta ez da gauza berria, gure borrokaren historia luzean askotan gainditu baititugu iraungitze data eta asimilazio saio ezberdinak. Baina aurrera egite horretan, funtsezkoak izan dira beti herri gogoa, borrokarako grina, desobedientzia eraikitzailea, ekintza zuzena eta, nola ez, ausardia politikoa. Horiek izan dira eta izango dira osatu behar dugun Euskal Bidearen ezaugarri nagusiak.

Bitartean, duela 30-40 urte jaiotako belaunaldia ate-joka dator eta, tokia egin ez, tokia utzibehar diegu egitura osoan. Horrek ez du esan nahi inork etxera joan behar duenik; hemen ez dago inor sobran, askok beren burua birkokatu beharko duten arren. Izan ere, gazteak izango dira etorkizunean baldintza eta aukera politiko berriak sortuko dituztenak, funtzionamendu, komunikazio eta antolaketa eredu berriak martxan jarriko dituztenak. Ipar Euskal Herrian hala egin dute, arrakasta handiz gainera.

Bestetik, Abian-en bidez egin behar dugun eraldaketa handi honek gaur-gaurkoz egituraren eta militantziaren zein oinarri sozialaren parte garrantzitsu baten arteko urruntze politiko eta bitala iraultzen lagundu behar du. Aurrera begira gure arteko desadostasunak eta dinamika kontrajarriak, uztargarriak eta osagarriak bihurtu behar ditu arlo ezberdinetan eta, bereziki, amnistiaren aldarrikapenaren norabidean sortu den liskarrean. Euskal Bideak zabala izan behar du, Euskal Herriko ezkerreko sektore politiko independentista eta abertzalea askotarikoa delako.

Gauzak horrela, azken urteotan izan dugun praktika, diskurtso eta komunikazio politika konbentzionala baztertu eta berria sortu behar dugu, alternatiboa, gure-gurea, integratzailea, desobedientea eta, batez ere, konfrontatzailea. Ez da distentsiorako garaia, ez praktika politikoan eta ezta diskurtso eta komunikazioan ere. Eta horrekin batera, formakuntza politiko sakona bermatu behar dugu, ez baitago formakuntza sendorik gabeko militante eraldatzaile edota iraultzailerik, eta ezta teoria eta praktika eraldatzailea edota iraultzailea uztartzerik ere.

Azken urteotan, instituzioak, bulegoak eta hedabide handiak bihurtu ditugu gure borrokaren esparru nagusiak, ez bakarrak. Okertu gara horretan. Gure borrokarako lehentasunezko esparru nagusia, ez bakarra, «kaleak» izan behar du, eragile sozial eta jendarte mugimenduekin lan eginez eta ezkerreko euskal mugimendu kultural, linguistiko, sozial, sindikal eta politiko independentista indartuz. Bide horretan funtsezkoak izango dira landuko ditugun mota ezberdinetako aliantza sozialak, politikoak, indar metaketa, Fronte Zabala eta Herritar Bloke Independentista. Ezker Abertzalea ez daanti-instituzionala, baina bere borrokaren esparru nagusia, eraldaketarako motorra, instituzioetatik at kokatu behar du.

Eraldaketa politiko nagusi honen bidez, nazio eraikuntza zein eraldaketa soziala gure praktika politikoaren erdigunean kokatu behar ditugu eta desobedientzia eraikitzailea, herri erresistentzia eta ekintza zuzena gure jardueraren ezaugarriak bihurtu, Ezker Abertzalearen eredu politiko eraldatzailea konpromisoz, alaitasunez eta indarrez betez. Ezker Abertzalearen politikagintza eredua bizitzaz, emozioz, bete nahi dugu. Abian, agian...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.