Arantza Santesteban. Zutabegilea

«Bada gurean kezka iraunkor bat generoaren trataeraz»

'Generoaren tratamendua kazetaritzan' ikastaroa egin dute aste honetan Eibarren (Gipuzkoa), Udako Euskal Unibertsitatean. Hizlarietako bat izan da Santesteban.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2014ko uztailak 18
Historian lizentziaduna da Arantza Santesteban (Iruñea, 1979), eta talde feministekin elkarlanean eta aholkulari lanetan ari da.

Euskal kazetaritzan zer praktika on eta txar nabarmendu daitezke generoaren ikuspuntutik?

Ez dago praktika on eta txarrik. Egon daitezke praktika egokiak eta desegokiak. Alde horretatik, zorionez, praktika egokia ari da izaten euskal kazetaritzan. Faktore bat txikitasuna izan daiteke, ekartzen dituen abantailengatik. Mugimendu feministek, kolektiboek zein norbanakoek, eragina izan dezakete. Hamar urte hauetan feminismoan dezente landu da kazetaritzaren osagaia. Euskal hedabideetan badago kezka iraunkor bat genero trataerari dagokionez praktika egoki bat egin dadin. Gaia azaleratzen ari den aldi batean gaude, baina politikoki zuzena denetik atera behar dugu. Kalitatezko kazetaritza egin behar da, eta populazioaren erdia den hori ordezkatu.

Euskal hedabideetako estilo liburuak aztertu dituzu. Genero aldetik nola ikusten dituzu?

Komunikabide gehienek estilo liburu orokor bat dute, eta, horren barne, generoari eskainitako atalak daude. Batzuetan, espazio txikiegia dute atal horiek. Ez dakit gero jasotako neurriak aztertzen diren eta tentsiorik badagoen eguneroko lanean.

Katalunian aurreratuagoak al daude?

Bai. Ekoizpenaren ikuspuntutik, teorizazio eta praktika gehiago dago gaiari dagokionez. Gainera, behatoki propio bat dute genero ikuspegitik hedabideen jarduna aztertzeko. Behatoki horrek lortu du mintzaidetza handia hedabide guztiekin, eta baliagarria da. Azterketak egiten ditu, eta aholkularitzak eskaintzeaz arduratzen da. Hego Amerikan, bestalde, gaiarekin lotutako azterketa dezente daude. Horiei begira nabil.

UEUko ikastaro batean gaia lantzea adierazgarria da.

Prozesu motela izaten ari da, baina emakumeok gero eta leku gehiago hartzen ari garen heinean, behar handiagoa dago emakumeak ordezkatuak izateko. Erredakzioetan lanean gehiago dira emakumeak, nahiz zuzendaritzetan gizonak izan nagusi. Emakumeak eremu askotan gain hartzen ari gara, eta horrek behar bat sortzen du errealitatea beste modu batean ordezkatzeko.

Oihana Etxebarrieta eta Eider Olazar lantzen ari diren emakume adituen datu baseak zer ahalbidetuko die hedabideei?

Erronka handia da. Beste leku batzuetan egin dira halako proiektuak, baina batzuk elitistak izan dira. Emakume tituludun adituak ikusarazi behar dira, bai. Baina hemengo proiektuan kategoria bat emakume arituena da. Hau da, tituluak izan ez arren, akademiaren alorretik at dauden beste emakume esperientziadunak agertuko dira datu basean. Praktika egokitzat jo dezakegu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna