Xabier Berzosa. Zinema ekoizlea

«Buffet erraldoia da Netflix; plater gozoa behar du izan gureak»

Ipar Euskal Herrian, Frantzian eta AEBetan izan ezik, mundu osoan ikus daiteke 'Handia' filma Netflixen. Berzosak esan du filmaren finantzaketan garrantzitsua izan dela Netflix.

urtzi urkizu
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Moriarti ekoizpen etxearen sortzaileetakoa eta Irusoineko langilea da Xabier Berzosa (Donostia, 1976). 80 egunean, Loreak eta Handia filmetako ekoizlea izan da, baina lan horien aurretik makina bat dokumental eta film labur ere ekoitzi ditu.

Goya sarien bueltan jakin zen Handia Netflixera iritsiko zela. Nola lortu zenuten akordioa?

Banatzaileak itxi zuen akordioa. Guk ez genuen zuzeneko harremanik izan. Pentsatzen dut Loreak-ekin izandako esperientziak lagundu zuela horretan. Loreak-ekin filma amaitu ostean egin zen akordioa, eta kasu honetan aurre finantzaketan sartu ziren. Hori garrantzitsua izan zen Handia-rentzat. Haiei esker, aurrekontuan gora egiteko aukera izan genuen. Zati handi batean horri esker lortu ahal izan genuen filma egitea. Nazioarteko merkatuan sartzeak aurrekontuaren heren bat igotzea ekartzen du. Handia bezalako film batean guztiz beharrezkoa da heren gehigarri hori, eta uste dut gero eta gehiago pasatuko dela. Euskal ekoizleek ikusi dute egingarria dela Handia-ren tamainako filmak egitea.

Zenbat denbora egon zen Loreak Netflixen, eta Handia noiz arte egongo da?

Loreak zortzi hilabete inguru egon zen katalogoan. ETBren eta TVEren leihoa sartzen denean, plataformak kendu egiten du katalogotik. Bi telebista horien emanaldien ostean, aukera dute berriro katalogoan sartzeko.

Ipar Euskal Herrian ezin da oraindik ikusi. Zergatik?

Netflixen estreinalditik kanpo bi herrialde gelditu dira: Frantzia eta AEB. Frantzian beste banaketa ezberdin bat egiten ari gara; Gabarra Filmsen bitartez proiekzio asko egiten ari gara aretoetan, eta bide hori oraindik luzea izango da. AEBetan jaialdi askotara joatekoak gara, eta Oscar sarietako atea ez ixteko ezin da Netflixen jarri. Horregatik atzeratu dugu estreinaldia bi herrialde horietan.

ETBk eta TVEk noiz emango dute?

ETB1ek estreinalditik urte batera eman dezake, eta, ondorioz, aurtengo Zinemaldiko egunen bueltan estreina daiteke telebistan. TVEk lau hilabete geroago eman ahalko luke. Lehentasuna ETBri ematen zaio.

TVEk Loreak gaztelaniaz eman zuen, eta kritika ugari izan ziren. Nola emango du Handia?

Dualean emango duela espero dugu: kanal batean gaztelaniaz,eta bestean euskaraz. Egun, erraz aukera daiteke audio kanala telebista aparailuan. Loreak-ekin zerbait arraroa gertatu zen, tirabira batzuk egon ziren TVE eta ETB artean, baina Handia-rekin ez da halakorik gertatuko.

Zer dakarkizue pelikula telebistan ikusteak?

Pelikula jaialdiz jaialdi eraman eta oihartzun guztia eman ostean,benetan zentzua hartzen duen unea edo garrantzitsuenetakoa telebistan ematen denean da.

Netflixeko estreinaldiak baditu bere ezaugarriak, dena den.

Bai, zeren ez badugu lortzen filmei nortasun propio bat ematea, Euskal Herritik kanpoko ikusleak ez du jakingo Handia katalogoan dagoela. Hainbeste aukera dago, eta hainbeste estreinaldi egiten dituzte astero... Ez baduzu lortzen zure pelikulari nortasun bat ematea, oharkabean pasatuko zara. Izen bat eta bereizgarri bat eman behar diegu gure filmei. Netflixen egotea buffet erraldoi batean egotea bezala da, eta buffeteko plater gozoa izan behar dugu, bestela jendeak beste edozer jango du.Netflixen egotea, edonola ere, euskarazko zinemarentzat eta euskararentzat inoiz bizi ez dugun aukera bat da. Netflixek 117 milioi harpidedun ditu, baina ez da hori bakarrik. Duela hamar urte ezinezkoa litzateke pentsatzea zenbait herrialdetan banaketa lortuko genuenik.

Nolakoa da fase berri hau?

Euskarak eta gure filmak munduan zehar bidaiatzea amets bat bezalakoa da. Euskal Herriko ikuslerik gabe gure lanak ez du zentzurik, baina bigarren fase batean gure lana munduan ikustea oso garrantzitsua da. Euskal zinemak edozein plataformatan sartzeko aukera serioak ditu gaur egun.

Filmak zabaltzeko eredua aldatzen ari da, ezta?

Bai, baina guk oraindik osagarri moduan ikusten dugu, ez ordezkatzaile gisa. Beldurra da ea Netflixek osagarri ala ordezkatzaile ikusten duen bere burua.

Borja Kobeagak film bat egin du propio Netflixentzat. Irudikatzen duzu Moriarti-Irusoinekoen film bat Neflixentzat?

Ez, ez dut aukerarik ikusten. Gure estiloa ez da Netflix Originals deitzen dituzten horietakoa. Guk ere ez dugu geure burua ikusten horrelako pelikuletan. Gainera, guk ez dugu ulertzen gure lana zinema aretorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.