Albistea entzun

Esty Quesada. Youtuberra

«Youtube mendi errusiar bat da; dirua lortzeko, lan egin ezazu»

Atresmediaren Flooxer plataformak 'Looser' telesaila estreinatuko du etzi. Quesadak jokatuko du rol protagonista: Pringada. Brays Efe eta Mariona Teres izango ditu lagun.
ATRESMEDIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko maiatzak 15

Eskolan bullying-a jasan zuen Esty Quesadak (Barakaldo, Bizkaia, 1994). Milaka jarraitzaile ditu Youtuben, Soy una pringada pertsonaiaren kanalean.

Nolako komedia egin nahi duzu Looser lanarekin?

Nire asmoa ez da komedia edo drama egitea, baina pentsatu nahiko nuke umorea naturala dela neuregan.

Iragarri dute esperientzia «psikotropikoa» izango dela.

Nork idatzi du hori?

Atresmedia taldeak.

Hori gezurra da. Ez zait iruditzen surrealista edo psikotropikoa izango denik. Esperientzia psikotropiko bat litzateke film bat, non pertsonaia guztiak LSD droga hartzen ari diren.

Bestalde, 1980ko eta 1990eko ikonoak berreskuratuko dituzu, ezta?

Bai, pertsonaietan badaude hamarkada horietako erreferentziak. Oso gogoko ditut urte haietako filmak eta ikonoak.

Nola joan ziren grabazioak?

Lantaldeko giroa zoragarria izan zen. Asko konektatu genuen aktore guztien artean. Askatasun handia izan genuen, gainera, denok inprobisatu ahal izateko. Gidoiak neureak ziren, baina onena da aktore batek bere nortasuna jartzea telesailan.

Los40 irratian Yu saioan aritzen zara. Gustatuko litzaizuke irratsaio propioa izatea?

Zeharo aspergarria egingo litzaidake. Nahiago nuke etxean podcast-ak egitea, buruan zerbait egitea sartzen zaidanean. Baina zerbait underground litzateke, asmo handirik gabe.

Telesaila grabatu duzue jada; jarraituko duzu Los40ko Yu irratsaioan parte hartzen eta Youtubera bideoak igotzen?

Bai; bi astetan egin genituen grabazioak. Irratsaioan lehen bezala jarraitzen dut. Youtubeko bideoei dagokionez, nahi dudanean igoko ditut. Ez ditut igoko igotzeagatik.

Youtuberren artean, nola definituko zenuke zeure burua?

Iritzia beldurrik gabe ematen duen norbait naiz. Kanala umorezkoa dela hartu behar da kontuan. Norbait kritika dezaket, baina beti umoretik egiten dut.

Zein da zure youtuberrik gogokoena?

Christine Sydelco. Gauza askotan kopiatzen dut. Zenbaitetan erreta agertzen da, eta bestetik, oso trash da. Oso freak da, eta gogoko dut; umore aparta dauka. Youtuber gehiago daude lotsa ematen didatenak gogoko ditudanak baino. Sydelco eta beste lau salbatuko nituzke.

Zeure burua ikusten duzu hamar urte barru Youtubera bideoak igotzen?

Nik entretenimendutzat daukat, ez ogibide gisa.

Youtuber arrakastatsu bat bizi daiteke horretaz?

Nik oso diru gutxi ateratzen dut. Bolada onenetan, 150 euro inguru irabazten ditut hilean; hori, milioi bateko bisitak dituzten bideoekin. Youtuber batzuek 700 euro irabazten dituzte hilean. Baina Youtube zirku bat da, mendi errusiar bat. Youtubek ez zaitu kontratatua lanerako. Dirua nahi baduzu, lan egin ezazu.

Gustuko duzu Paquita Salasen telesaila. Netflixera iritsi da. Irudika dezakezu zure telesail bat plataforma horretan?

Orain ezingo nuke irudikatu, baina gerta daiteke; ederra izango litzateke.

Euskaraz egingo zenuke bideoren bat?

Euskaraz dena ulertzen dut, baina hitz egiten ahaztu egin zait. Euskaraz ondo moldatuko banintz, egingo nuke. Ez dut arazorik ikusten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Consonni kreatura mutante bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Consonnik 25 urte bete berri ditu. 2012tik argitaletxea ere bada, eta Murrek dio horrek «autonomia» eman diela. Andrazko idazle euskaldunak eta zientzia fikzio feminista itzuli dituzte, besteak beste.
 ©BERRIA / HISTOLABET

Gizakiak, txerri organoak amets

Jakes Goikoetxea

David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Transplante hori mugarria izan da, baina ikerketa asko falta da prozedura orokortzeko.

Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda dira <em>Pressumptes culpables. Els altres Altsasu</em> dokumentaleko gidariak. ©TV3

Errepresioari pultsua TV3en

Urtzi Urkizu

'Pressumtes culpables. Els altres Altsasu' dokumentala 345.000 herritarrek ikusi dute TV3en. 'Altsasu auziko' bi gaztek Kataluniako errepresio kasuak ezagutzen dituzte hartan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.