Mar Coll. Zinemagilea

«Pertsonaietatik abiatuta ematen dut nire begirada»

Telesailen kulturaren inguruko Crossover jaialdian parte hartu du Collek, Donostian. Movistar+ek lehen telesail laburra estreinatu zion maiatzaren 25ean: 'Matar al padre'.

urtzi urkizu
Donostia
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Tres dies amb la família katalanezko filmari esker, Mar Collek (Bartzelona, 1981) zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuen 2010. urtean. Aitortu du Olive Kitteridge telesailaren antzeko egitura erabili duela Matar al padre lanean.

Zerk inspiratu zintuen Matar al padre-ren tankerako istorio berezi bat kontatzeko?

Valentina Viso gidoilariarekin lan egin ohi dut, eta, proiektu berria sortzeko eseri ginenean, aitaren figurari buruzko liburu batzuk irakurtzen ari ginen. Visok esan zuen zerbait egin nahi zuela aita neurotiko baten inguruan. Pertsonaietatik abiatuta saiatu ohi naiz nire begirada ematen. Telesaileko aita honen bitartez, beldurraz eta kontrolatzeko beharraz hitz egin nahi genuen. Denboraren igaroarekin aurrez aurre jarri nuen pertsonaia.

Lau atal ditu telesailak, bakoitza urte batean girotua: 1996, 2004, 2008 eta 2012.

Hasieran, film luze bat genuen buruan, eta hamabost urteko eboluzioa zegoen, baina ez zeukan gero erabili dugun egitura. Gidoiarekin lanean ari ginela, Movistar+ plataformak deitu zuen, eta proiektu bat aurkezteko eskatu zigun. Jabetu ginen istorioak zentzu handiagoa zuela telesail labur gisa, eta hobeto egokitzen zela film luze bat baino. Zinema zail dago, gainera, eta asko kostatzen da pelikula bat aurrera ateratzea. Telesail laburrak gaian gehiago sakontzeko aukera eman digu, bide batez esanda.

Gonzalo de Castro aktoreak jokatzen du aitaren rol nagusia. Funtsezkoa al da haren lana?

Proiektu osoa Jacobo pertsonaiaren inguruan dago eraikia. Muturrera eraman nahi genuen, probokatzeko eta muga batzuk esploratzeko. Gogoko ditut birtuosoak eta perfektuak ez diren pertsonaiak, eta, oraingo honetan, ikusleak pertsonaia gorrotagarri bat ikusiko du. Gonzalo de Castrok enpatia sortzen du, intentsitate handia du emozioak transmititzen. Gertukoagoa egiten du pertsonaia, beroagoa. Gonzalo oso egokia da dramaren eta komediaren artean igeri egiteko ere. Umore beltz handiko eszenak daude telesailean.

Bai, tonu hori interesatzen zitzaigun. Batzuetan, umorea aproposa izan daiteke ikusten ari zarenari buruz hausnartzeko. Maite dut mekanismo hori. Distantzia nahikoa ematen du egoera batzuetan, pentsarazteko.

Jacoboren antzeko jendea ezagutzen duzu?

Bai, gure artean daude [barreak]. Patologiak ohikoak dira herritarren artean. Lau edo bost pertsonatik batek depresioa pasatzen du bere bizitzako garairen batean. Jacobo ez da gaixo bat, baina neurosi handia du.

Telesaila Bartzelonan girotuta dago. Edozein tokitan ulertuko dutela uste duzu?

Istorioa unibertsala da, beldurra eta kontrolatzeko beharra gizakien parte baita. Aitatasunaren gaia ere unibertsala da. 1990eko hamarkadatik krisialdi ekonomikora pasatzen den markoa, agian, gehiago koka daiteke Bartzelonan eta Espainian.

Elkarrizketa batzuk katalanez entzuten dira.

Familiaren nukleoan, senarra Madrilgoa da, eta emaztea Txilekoa. Haien artean gaztelaniaz ariko dira. Baina, Bartzelonako gizartean gertatzen den bezala, gaztelania eta katalana modu naturalean islatzen dira elkarrizketetan. Katalunian girotzen den telesail batean oso naturala da bi hizkuntzen presentzia.

Telesaila Lilleko Series Mania jaialdian estreinatu zenuen. Zer moduz ibili zinen han?

Zinemaldi bat bezalakoa zen. Bitxia iruditu zitzaidan, baina esango nuke telesailen jaialdiak beren burua aurkitzen ari direla pixkanaka. Formatua egokitu beharko dute; absurdoa izan daiteke epaimahaiak atal bakar bat epaitzea.

Telesailak egiten jarraitzeko gogoz gelditu zara, ala nahiago duzu zinemara itzuli?

Etorkizunean bi formatuetan aritzea espero dut. Telesail handietan murgiltzea beste pauso bat litzateke, baina hor ezin dituzu atal guztiak idatzi eta zuzendu. Lantalde handiagoak daude halakoetan. Agian probatuko nuke. Film laburrekin ere jarraituko nuke; zinema dena dela uste dut.

Zer iritzi duzu telesailen gaur egungo loraldiaz?

Albiste ona da jendeak ikus-entzunezko asko kontsumitzea eta kalitate handiagoko telesailak egotea. Produktuak askotarikoak dira, plataformek ez dutelako telesail bakoitzean publiko guztiengana iritsi nahi. Netflixek eta Movistar+ek lan gehiago eman diote industriari, gainera. Aniztasuna egotea espero dut. Zinemako edukiak Antena3en eta Tele5ren eskuetan egon dira azkenaldian, eta irizpide komertzialak nagusitu dira. Horrek pobretu egin du Espainiako zinema. Kezkagarria litzateke Netflixek telesailak egiteko modu bakar bat ezarriko balu. Instituzioetatik kultur dibertsitatea babestu behar da; tokia egon beharko luke Bruno Dumonten P'tit Quinquin-en gisako telesailentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.