Azaroaren 12ra gibeleratu dute Ibon Fernandez Iradiri buruzko deliberoa

Bakegileek eta Bake Bideak «gogor» salatu dute hamar eguneko atzerapena. Fernandez Iradik hamasei urte daramatza espetxean

Lasarte-Orian, Ibon Fernandez Iradiren jaioterrian, atzo iluntzean egindako elkarretaratzea. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak atzo eman behar zuen Ibon Fernandez Iradi euskal presoa askatzeko eskaeraren gaineko erabakia, baina erabakia atzeratu egin du. Bakegileek jakinarazi dutenez, epaileak azaroaren 12an argituko du askatasun eskaria onartzen duen ala ez. Bakegileek eta Bake Bideak «gogor» salatu dute «Ibonek eta bere familiak pairatzen duten deliberoaren luzatzea». Elkarretaratzeak egin zituzten atzo Baionan eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa).

Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak irailaren 25ean aztertu zuten Fernandez Iradi askatzeko eskaera. Lannemezango espetxean dago (Okzitania), eta esklerosi anizkoitza du. Fernandez Iradik aurretik ere egin du espetxetik irteteko eskaera, baina ukatu egin diote aukera hori; 2012an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Hamasei urte daramatza espetxean.

Atzo iluntzean, Maritxu Paulus Basurko abokatuak ez zuen iruzkin askorik egin nahi izan erabakia gibelatzeari buruz. «Epaileak hamar eguneko epea hartu du. Oraingoz ez dugu inolako ondoriorik aterako. Erabakia bera itxoingo dugu», adierazi zuen. Hala ere, abokatuak zalantzan ezarri zuen egiteko modua: «Urri osoa eman dugu erabakiaren zain». Adierazi zuen luzapen horrek «ondorio humanoak» dituela Fernandez Iradirentzat eta bere familiarentzat. Halaber, prozedurak euskal presoari sortzen dion «arrangura» ere aipatu zuen: «Bere osasuna dela-eta bizi duen urgentzia ez da justizian partekatua».

Muinean, Fernandez Iradiren eritasuna espetxearekin bateragarria ote den izan zen eztabaida nagusia auzi saioan. Paulus Basurkok oroitarazi zuen esklerosi anizkoitzak hainbat «eginbehar» eskatzen dituela —tratamendu jarraitua, sendagaiak, bestelako terapiak...—, eta kartzelak ez daudela prest hori bermatzeko. Auzi saioaren ondorengo adierazpenetan, prokuradorea «ez aldeko, ez aurkako; zalantzati» agertu zen, abokatuak nabarmendu zuenez, baina «zuhurtzia» eskatu zuen, epailearen erabakiaren zain. Azkenean, hamar eguneko luzapenarekin, azaroaren 12an esango dute Fernandez Iradi aske uzten duten ala ez.

Bide luzea epaitegietan

Fernandez Iradik 2014an hasi zuen bide judiziala, frogatzeko espetxea eta gaixotasuna ez direla bateragarriak. Lehen aldian, Kouchner legean oinarritu zen: preso baten osasuna kontuan hartuta, epaileak zigorra eten dezake. Bi medikuk esan zuten Fernandez Iradik espetxetik irten behar zuela, baina prokuradorea aurka agertu zen. Parisko Dei Auzitegiak hirugarren txostena eskatu, eta 2015eko maiatzean ezezkoa eman zuen. Parisko Kasazio Auzitegiak atzera bota zuen. 2016an, prokuradoreak presondegian atxikitzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.