Katalunia. Erasoei erantzuna

Demokrazia egarriak batuta

Espainiako Estatuaren errepresioari aurre egiteko, giza eskubideen aldeko «fronte bateratu bat» aldarrikatu du Torrent parlamentuko presidenteak. Osoko bilkura egin dute, baina ez dute bozkatu

Roger Torrent erdian, JxCko, ERCko, Catalunya en Comuko eta CUPeko bozeramaileak atzean dituela. Haren eskuinean, Generalitateko eta parlamentuko presidente izandakoetako batzuk. A. DALMAU / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistaren harira, Espainiako Estatuak jarraitzen du politika baztertzen eta bide judiziala elikatzen, eta, beraz, beste bost lagun kartzelatu ditu eta beste baten erbesteratzea behartu du. Horri, subiranistek pairatzen duten «errepresioari», aurre egiteko, giza eskubideen aldeko «fronte bateratu bat» osatzea aldarrikatu du Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak. Eta azken hilabeteotako gorabeherak alde batera utzita, JxC Junts Per Catalunyak, ERC Esquerra Republicanak, Catalunya en Comuk eta CUPek bat egin dute ganberako buruak proposatutakoarekin. Demokrazia egarriak batu ditu.

Jordi Turull (JxC) Generalitaterako presidentegaia da espetxeratuetako bat, eta, berez, atzo zen egitekoa haren inbestidurarako bigarren bozketa. Kartzelatuta egon arren, saioari eutsi zion presidenteak. Madrilen mehatxuak direla medio, ordea, bozketarik ez egitea erabaki zuen Torrentek. Dena den, bozkatuta ere, Turull ezin izango zen presidente inbestitua izan. Osoko bilkura, hortaz, parlamentarien diskurtsoetara mugatu zen.

Ondoren, 13:30 pasatxo zirenean, parlamentuaren auditoriumean elkartu ziren hiru alderdi subiranistetako eta Comuko kideak. Hara bertaratu ziren, gainera, espetxeratutakoen familiako kideak, eta parlamentarien beroa jaso ahal izan zuten. Ciutadans, PSC eta PPCko diputatuek, berriz, legebiltzarraren eraikinetik alde egin zuten.

Espainiako Estatuaren azken erabaki «bidegabeak» eta «behargabekoak» salatu zituen Torrentek bere adierazpenean, eta, horren aurka, fronte bat egitea proposatu zuen. Horren izaera «transbertsala» defendatu zuen, eta nabarmendu «pluraltasunaren errespetua» behar duela izan oinarrian. Eta subiranistei iruditzen zaienez gertatzen ari denaren aurrean epel antzean jokatzen ari direla, Espainiako, Europako eta munduko «demokrata guztiei» frontera batu daitezela eskatu zien Torrentek. Izan ere, «orain inoiz baino gehiago», erantzun «zibikoa, baketsua» eta, batez ere, «politikoa»merezi du egoerak. Presio judizialaren ondorioz parlamentua bera bere jardunean pairatzen ari den mugatzeak azpimarratu zituen: «Auzitegiek jazarrita dago parlamentua, eta ez diote uzten bere funtzioak libreki garatzen».

Kartzelan dauden ordezkari politikoei adierazi zien «etxean» ikusi nahi dituela — «ez dugu atsedenik hartuko hori lortu bitartean»—, eta agerraldia Els Segadors abestuz eta Kataluniako errepublikaren aldeko oihuekin bukatu zuten.

Ia bi ordu lehenago hasi zen osoko bilkura, eta Torrentek ondokoa esan zuen hitza hartu bezain pronto: «Gaur ezin dut esan egun on». Ciutadansek, PPCk eta PSCk bertan behera uzteko eskatu zioten, eta, «duintasuna» argudiatuz, Turullek esana zeukan bozkatu behar zela. Baina presidentegaia bertan egongo ez zenez, Madrilek ohartarazi zuen bozketa eginez gero «beharrezko neurriak» hartuko zituela; alegia, Torrenten kontra joko zuela.

Beraz, ez zuten bozkatu, baina alderdietako bozeramaileek ordu laurden eduki zuten kameraren aurrean hitz egiteko —PPCk ez zuen eztabaidan parte hartu—. Alderdi subiranistek egoera salatu zuten. ERCrentzat, Kataluniak «nahikoa duela» esan du. CUPek «kaleak betetzea» agindu zuen, eta JxCk galdetu zion «155.aren koalizioari» ea «egoeraren larritasunaz» ohartzen diren. Comukoek egoera «ezin lazgarriagoa» dela azpimarratu zuten, eta PSCk arazoari «konponbide politikoa» ematea eskatu zuen.

Mossoen indarkeria

Herenegun mobilizaziok egin zituzten Katalunian, eta horietako batean istiluak izan ziren Mossos d'Esquadra eta bildutakoen artean. Poliziek borrekin jo zituzten Espainiako Gobernuak Bartzelonan duen ordezkaritzaren aurrean zeudenak, eta, larrialdi zerbitzuen arabera, 35 lagun arin zauritu zituzten.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak eskatu dio Madrili Jordi SanchezJxCko diputatu ohi eta Generalitaterako presidentegai izandakoaren eskubide politikoak bermatu ditzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.