Donostiako 82. Musika Hamabostaldia

Musika eta poesia emanaldi batek irekiko du Musika Aitzakia zikloa

Arraun ta amets ikuskizunaren aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Andoni Imaz.
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako 82. Musika Hamabostaldirako sortu dute Arraun ta amets - Soñando el mar izeneko ikuskizuna. Gaur estreinatuko dute, 20:45ean, Getariako San Salbatore elizan (Gipuzkoa), Musika Aitzakia zikloan. Izenburuaren lehen zatia, euskarazkoa, Salbatore Mitxelenaren olerki batekoa da; gaztelaniazkoa, berriz, Angela Figueraren poema batetik hartu dute. Jatorrizko ideia Frantxis Lopez de Landatxerena eta Javier Perez de Azpeitia pianistarena da. Kontzertura joateko, aurrez gonbidapena jaso behar da.

Ikuskizunak lehen mundu biraren 500. urteurrenarekin du lotura, eta, horregatik, itsasoarekin lotutako musika eta poemak nahastuko dituzte. Perez de Azpeitiak hautatu du musika, eta Jone Martinez sopranoak eta biek interpretatuko dituzte itsasoa gaitzat duten abestiak; besteak beste, Schuberten Am Meer; Donizettiren Il barcaiolo; Liszten Ballade aus dem Fliegenden Holländer; Faureren Au bord de l'eau; Poulenceren Les chemins de l'amour; eta Garbizuren Ilunabarra.

Kantuaz eta pianoaz gain, olerkiak errezitatuko dituzte ikuskizunean, abestien artean. Lopez de Landatxek aukeratu ditu, eta Iñaki Beraetxe aktoreak errezitatuko. Zenbait belaunalditako idazleen poemak irakurriko ditu: Itxaro Borda, Jon Gerediaga, Amaia Lasa eta Joseba Sarrionandiarenak, besteak beste.

Musika Aitzakia zikloa jaialdiko «ibiltariena» izango da. Euskal Herriko hamabost herritan antolatu dituzte emanaldiak, abuztu osoan. Hasteko, etzi, Judith Jauregik eta Jesus Reinak joko dute Zumaian (Gipuzkoa); larunbatean, Landarbaso abesbatzak Agurainen (Araba); eta igandean, Kairos Project Ensemble taldeak Eltziegon (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.