Zain egon beharko du

Bera Berak Elxi irabazi dio, baita Guardesek Malagari ere. Azkeneko jardunaldian Barakaldon nagusituz gero, txapeldun izango dira donostiarrak

Silvia Ederrari eta Montse Puchi omenaldia egin zieten atzo, Bidebietan. Biek utziko dute taldea. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Bera Berak beste astebetez itxaron beharko du Espainiako Liga bosgarren aldiz irabazi nahi badu. Donostiako taldeak atzo zuen lehen aukera txapeldun izateko. Elxi irabazi behar zion Bidebietan, eta Guardesek Malagaren aurka galdu behar zuen etxean. Bera Berak egin zuen berea, Elxi nagusituta (29-23), baina Guardesek ere irabazi egin zuen: 28-25. Beraz, bi taldeak berdinduta daude oraindik: 44 puntu dituzte biek.

Hala, azken jardunaldian erabakiko da dena. Donostiarrek Barakaldon (Bizkaia) jokatuko dute, Zuazoren aurka (19:00), eta, irabaziz gero, txapeldun lirateke, Guardesek zer egingo zain egon gabe. Galiziarrak Granollersen (Herrialde Katalanak) ariko dira, ordu berean. Ez Zuazok, ez Granollersek ez dute ezer jokoan sailkapenari begira, baina irabazi eta etxekoen aurrean sasoia ondo amaitu nahiko dute, are gehiago bizkaitarrek, derbi bat dela kontuan hartuta.

Hala ere, estatistikei erreparatuta, Bera Berak badu itxaropentsu egoteko motiborik. Izan ere, donostiarrek eta barakaldarrek hamazazpi partida ofizial jokatu dituzte elkarren aurka, eta beti irabazi du Bera Berak.

Atzoko partidari dagokionez, donostiarrek erraz lortu zuten garaipena. Neurketak ere agur kutsua izan zuen, eta Montse Puchi eta Silvia Ederrari omenaldia egin zieten etxekoek.

Anaitasuna, saririk gabe

Asobal ligan, berriz, Anaitasuna ez da sailkatu EHF koparako, azken lau urteetan hori egin ondoren. Iruñeko taldeak 32na berdindu zuen atzo Zamoran (Espainia), baina Ciudad Encantadak Huescari irabazi zion (32-24). Beraz, Ciudad Encantada ariko da Europan, eta Anaitasunak gonbidapen baten zain egon beharko du. Juanto Apezetxeak Anaitasunaren aulkian egindako azken partida izan zen atzokoa.

Bidasoako Asier Zubiriak eta Mikel Redondok ere azken partida izan zuten atzo. Usurbildarrak eta irundarrak irabazita esan zuten agur, etxean. 33-26 nagusitu zitzaion Bidasoa Port Sagunti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.