Gerra errefuxiatuak. 1936ko desplazatuak

«Inoiz ezagutu gabeko exodoa»

Eusko Jaurlaritzak 150.000 errefuxiatu inguru erregistratu zituen 1936 eta 1939 artean. Faxistek Gipuzkoa eta Bizkaia konkistatzeko erasoaldietan aitzinera egin ahala, jende uholdea desplazatu zuten sorterritik.

Mikel Rodriguez -

2017ko apirilak 16
Euskal herritarren exodoa, beren lurraldea galdu ondoren, historiako beste garai batzuetan inoiz ezagutu gabeko mailara iritsi da». Eusko Jaurlaritzak erbestean egin zuen adierazpen hori, 1936ko gerra bukatu ondoren. Frantziako Iraultzaz geroztik (1789), belaunaldi guztiek ezagutu zuten gerraren bat Euskal Herriko lurretan. 1936an, zaharrenek gogoan zuten oraindik Bigarren Gerrate Karlista (1872-1876), Euskal Herrian izandako azken gerra. Eusko Jaurlaritzak erran bezala, ordea, XIX. mendeko gerren txikizioa eta miseria erruz gainditu zuen 1936koak, eta ordura arte inoiz ikusi gabeko populazio desplazamenduak eragin zituzten faxistek. Jaurlaritzak 150.115 errefuxiatu erregistratu zituen 1936 eta 1939 artean; Hego Euskal Herriko populazioaren %12 inguru zen. Inoiz ez da jakinen kopuru zehatza zein izan zen, erregistrotik kanpo gelditu zirelako anitz, eta gerrak kaosa dakarrelako berekin. Baina kopuru horrek ongi erakusten du gertatutakoaren tamaina.

Espainiako militar talde batek 1936ko uztailaren 18an estatu kolpea eman zuen, eta Araba eta Nafarroa Garaia hasieratik hartu zituen kontrolpean. Gehienbat Nafarroa Garaian, berehalakoan hasi ziren ezkertiarrak, errepublikanoak, abertzaleak eta etsaitzat hartutakoak exekutatzen. Horregatik, ehunka herritarrek ihes egin zuten; «2.000 inguruk», Iñaki Egaña historialariak azaldu duenez. «Sakanakoak ziren gehienak, eta Gipuzkoa aldera jo zuten. Baztan eta inguru horietatik, Iparraldera jo zuten gehienek. Erriberako ia-ia inor ez zen iritsi Gipuzkoara edo Iparraldera».

Aranzadi zientzia elkarteko kidea da Egaña, eta Euskal Memoria Fundazioko lehendakaria. Fundazioak 2015ean argitaratu zuen Iheslariak. Euskal erbestea (1936-2015) lan monografikoa. Egañak azaldu duenez, errefuxiatu mugimendu handiak, «uholdeak», hiru fasetan gertatu ziren nagusiki. «Lehena izan zen matxinatuak Gipuzkoan sartzean, 1936ko irailean eta urrian». Faxisten sarrerak bi uholde eragin zituen: lehenbizikoa, Irun konkistatu eta Lapurdiko muga kontrolpean hartu zutenean —abuztuaren 27tik irailaren 5era arte iraun zuen Irungo batailak—. 6.000 eta 16.000 herritar artean joan ziren Lapurdira. Bigarren mugimendua, eta handiena, faxistak mendebalderantz aitzinatzen hasi zirenean gertatu zen. 100.000 herritar inguruk ihes egin zuten Bizkaira. «Gipuzkoak 320.000 biztanle inguru zituen; beraz, hirutik batek alde egin zuen», azaldu du Egañak. Donostiak, adibidez, 85.000 biztanle zituen gerra hasi zenean, eta faxistak hirian sartu zirenean, 1936ko irailaren 13an, 39.000 baino ez ziren gelditzen. Egañak ñabardura bat egin du: «Iheslariak baino gehiago, desplazatuak ziren».

Bizkaian, bertako herritarrek eta erakundeek harrera beroa egin zieten Gipuzkoatik ailegatutako errefuxiatuei, baina hilabete batzuen buruan Bizkaia ere mehatxupean paratu zuten frankistek. 1937ko martxoaren 31n hasi zuten herrialdea konkistatzeko erasoaldia. Ekainaren 19an, Bilbo hartu zuten, eta uztailaren 1ean bukatutzat eman zuten erasoaldia. Hego Euskal Herri osoa faxisten menpean gelditu zen, horrela.

«Irteera kontrolatuak»

«Bigarren uholdea aldi horretan gertatu zen, Bilbo erori ondoren, gehienbat», azaldu du Egañak. «Santanderrera eta Asturiasera jo zuen jendeak, eta handik itsasontzietan Frantziara eraman zituzten. Bilbotik ere atera ziren ontziak». Garonaren ibaiadarreko portuak, La Pallice (iparralderago) eta Bretainiakoak izan zituzten helmuga. Frantziak bildu zituen datuen arabera, 103.000 euskal herritar inguru ailegatu ziren. «Iristen zirenean atxilotu egiten zituzten, armak zituztenei kendu egiten zizkieten, eta asko Kataluniara bidali zituzten. Horregatik, euskal herritar kopuru handia egongo da Katalunian».

Bizkaiko exodoa hasi aitzinetik, haurren ebakuazioak egin zituzten. 1938ko apirilean Jaurlaritzak zenbatua zuen 37.930 haur atera zirela Euskal Herritik. Horietako gehienak 1937ko maiatzean eta ekainean atera zituzten, Gernikako bonbardaketaren ondoren. «Irteera kontrolatuak izan ziren. Batzuetan alderdiek edo sindikatuek antolatzen zituzten», kontatu du Egañak. Gehienak Frantziara joan ziren. Maiatzean, Habana itsasontzian 4.000 haur eraman zituzten Ingalaterrara, eta, ekainean, bertze 1.500 Sobietar Batasunera. Frantziara ailegatutako batzuk Europako bertze herrialde batzuetara eraman zituzten. «Belgikako kasua da bereziena, adopzioan eman baitzituzten».

Espainian 1939ko apirilaren 1ean bukatu zen gerra, baina hilabete gutxira II. Mundu Gerra piztu zen Europan. «Hasieran alderdiek eta sindikatuek nahiko ongi kontrolatzen zituzten zerrendak, baina, II. Mundu Gerra hasi ondoren, lotura hori galdu egin zen. Haur horien izenen zerrenda Euskal Memoriaren webgunean jarri genuen, eta, ordutik, Australiatik, Hego Amerikatik eta munduko toki guztietatik eskaerak jaso ditugu, jende askok gurasoen edo aitona-amonen izenak topatu dituelako lehenengo aldiz».

II. Mundu Gerraren etorrera

Hirugarren fasea, berriz, faxistek Katalunia hartu zutenean gertatu zen, 1937ko otsailean eta martxoan. Kalkuluen arabera, 40.000-70.000 euskal herritar artean zeuden Katalunian babestuta, eta Frantziara egin zuten ihesi, anitzek bigarren aldiz. «Ikusten zen II. Mundu Gerra bazetorrela, eta Jaurlaritzak agindu zuen gerran ardurarik izan ez zutenak itzultzeko. Horrek itzulera uholde bat sortu zuen».

80.000 errefuxiatu inguru itzuli ziren, gehienak Hendaiako mugatik Irunera. «Irungo Gal futbol zelaian edo Donostiako zezen plazan sartzen zituzten, milaka egunero. Gehienak askatu egiten zituzten, baina batzuk espetxera bidali zituzten». Alderdietako zein administrazioko kargudunek eta intelektual anitzek haien senideekin batera Amerikara egin zuten ihesi —Mexikora, 2.000 inguruk—. II. Mundu Gerra bukatu ondoren (1945), 36ko gerraren ondorioz ihes egindako 12.000-14.000 herritar inguruk jarraitzen zuten deserrian; erdiek, Frantzian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna