Mallorca 2-2 Osasuna

Behetik gora, aparra bezala

Osasunak puntu bat urratu du Mallorcaren zelaian, bi aldiz markagailuan atzetik izan ostean. Bukaeran konpondu du neurketa

Osasunako Pervis Estupiñan baloia jaurtitzen, ondoan Mallorcako Fran Gamez duela. CATI CLADERA / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Lago Juniorrek (21. min.). 1-1: Cardonak (68. min.) 2-2: Salva Sevillak (74. min.). 2-2: Ruben Garciak (76. min.). Epailea. Cordero Vega. Txartel horiak: Mallorcako Babari; eta Osasunako Brandoni, Estupiñani, Aridaneri eta David Garciari. Bestelakoak. 12.641 ikusle Son Moixen.

Puntuak batzeko makina da Osasuna. Soilik bi partidatan gelditu da esku hutsik. Atzo beste ale bat batu zuen, Mallorcaren aurka. Aparretan dira nafarrak, eta aparrak bezala, behetik gora egin zuten Son Moixen jokaturiko neurketan. Bi aldiz izan ziren markagailuan atzetik, baina burua hotz mantendu zuten, eta irabaztear izan ziren amaieran. Ez zen gorritxoen egunik distiratsuena izan, eta neurketa osorik aztertuta, hobea izan zen Mallorca. Baina, Jagoba Arrasateren Osasuna, oroz gain, lehiakorra da. Ez zen zerraldo erori jota egon zenean, eta Cardonaren eta Ruben Garciaren bi kolpe baliatu zituen puntu baliotsu bat lortzeko.

Aldaketaz jositako hamaikakoa zelairatu zuen Arrasatek, eta gorritxoek nabaritu zuten iraultza; hasiera batean, txarrerako. Gaizki ekin zioten neurketari, paseak kateatzeko arazo handiekin, eta modu berean jarraitu zuten ia lehen zati osoan. Brasanacek eta Moncayolak ezin izan zuten taldea gidatu, Ruben Garcia eta Torres desagertuta egon ziren, eta aurrelariek apenas izan zuten aukerarikarriskua sortzeko.

Aparteko erakustaldirik egin gabe, nagusitu egin zitzaion aurkaria. Etxekoek jende asko pilatu zuten barrutik, eta hor sortu zen desoreka. Zelai-erdiko lehian nagusitu egin ziren Baba, Sevilla eta Febas, eta Lago Juniorrek lanak eman zizkion Estupiñani nafarren ezker hegalean. Hori gutxi balitz bezala, oparia egin zien Torresek 19. minutuan. Arrekoa lokartu egin zen area barruan, eta penalti garbia egin. Juniorrek aise gainditu zuen Ruben Martinez. Mallorca ez zen bertan goxo gelditu, eta bost minutu geroago baloia langara bidali zuen Valjentek, korner batean.

Osasuna noraezean zebilen: geldikako jokaldietan bigun, eta baloiarekin gozakaitz. Bederen, apur bat luzatu zen lehen zatiaren amaieran, eta aurkariaren areara gehiago hurbildu. Nolanahi, erasoan oso zeresan gutxi emanda joan zen atsedenera. Brasanac area txikian ehizatzear egon zen baloi bat, eta Estupiñanen jaurtiketa desbideratu bat izan ziren aukerarik garbienak. Biek Mallorcaren galerak baliatuz.

Aldageletatik bueltan, lerroak nabarmen aurreratu zituen Iruñeko taldeak. Alabaina, argitasuna falta zitzaion oraindik; Mallorcak kontraerasoetan izan zuen hori. Espazioak ondo baliatu zituen etxeko taldeak, eta bigarrena egiteko aukera onak eduki, Budimirren hanketan batez ere. Barkatu egin zuen, ordea, eta Osasuna supertzen joan zen. Brandonek bidali zuen lehen abisua, 66. minutuan, korner batean bakarrik errematatuta. Eta bi minutu geroago, banakoa egin zuen Cardonak, bakarkako jokaldi ikusgarri batean.

Gutxi iraun zien pozak nafarrei, 75. minutuan Mallorca aurretik jarri baitzen berriro, penaltiz orduan ere. Roncagliak eskuarekin ukitu zuen baloia arearen ertzean, erortzen ari zela, eta Sevillak aukera baliatu zuen. Berehalakoa izan zen Osasunaren erreakzioa, bi minutu geroago Ruben Garciak burukada itzel batekin gainditu baitzuen Reina. Hortik aurrera, oldartu egin ziren Arrasateren jokalariak, eta gertu izan zuten hirugarren gola. Baina puntu on bat lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.