Jose Manuel Gonzalez Pacheco. Atresmedia Digitaleko zuzendaria

«Eduki beraren telebistako eta sareko neurketa bidean da»

Bigarren pantailaren eremua lantzen ari da Atresmedia, aplikazioekin. Webguneen diseinua berrituko dute aurten, eta kontsumitzaileen datu base bat sortzen ari direla iragarri du Gonzalez Pachecok.

urtzi urkizu
2016ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
1989tik 2004ra, Arthur Andersen eta Deloitte enpresetan egin zuen lan Jose Manuel Gonzalez Pacheco ekonomialariak (Madril, 1967). 2004tik 2010era, Atresmediako estrategia zuzendaria izan zen. Sei urte daramatza Atresmedia Digital gidatzen.

Internetek eragin nabarmena izan du telebistaren munduan. Zein dira ondorio nagusiak?

Internetek telebista kontsumoa handiagotu du, kontsumo tradizionala osatuz; hainbat gailutan eta edozein ordutan ikus daitezke telebistako edukiak. Horrenbestez, zuzenean ikusi ezin izan den ikus-entzunezko produktua noiznahi ikus daiteke. Sare sozialak, bestalde, telebistako produktuen promozio eta marketinerako tresna bihurtu dira, eta horiek erabiliz gero eta planifikazio handiagoa dago.

Ikusleek gero eta gehiago pantaila bat dute eskuetan telebista piztuta dagoen bitartean. Atresmedia nola egokitzen ari da?

Lau urte dira bigarren pantailaren alorrean lanean hasi ginela, Ant 3.0 aplikazioarekin. Zuzenean interaktibitatea eskaintzeko lehen pausoa izan zen. Gero, Atresmedia Conecta aplikazioa jarri genuen martxan. Telebista eta irrati saio askotan, interakzioa eta parte hartzea ahalbidetzen du horrek. Tresnaren pauso garrantzitsua 2014an eman genuen,1 Formulako emanaldien interaktibitatearekin.

Azaroan, Flooxer plataforma aurkeztu zenuten. Zer harrera izaten ari da?

Interneteko eduki digitalak zabaltzeko bideo laburren gure plataforma da Flooxer, sortzaile eta formatu propioekin. Duela bi urte Atrestube kanala sortu genuen; Youtube bidez zabaltzen genituen bideoak, eta milioika bisita jaso. Behar estrategiko bat izan genuen eremu berezitu bat sortzeko, Interneteko sortzaileen alde apustu egin, eta, aldi berean, publizitate sarrerak lortu ahal izateko. Sortzaile asko ari zaizkigu laguntzen Flooxer atarian edukiak zabaltzen. Hilean milioi bat bisita inguru ditugu, eta oso pozik gaude zabaltzen ari diren edukien kalitatearekin.

Atresmedia Digitalek, bestalde, iaz 10 milioi erabiltzaile izan zituen hilean. Kopurua egonkortu egingo dela uste duzu?

Gure helburua da kopurua haztea, eta hala izango dela uste dugu. 2015eko abenduko kopurua %30 handiagoa izan da, 2014ko abenduarekin alderatuz gero.

Zer zehaztasun dituzte Interneteko neurketek?

Hutsune handi samarra dago Interneteko merkatuan, neurketen adostasunari begira. Hori, batez ere, Interneteko bideoetan eta zabalpen masiboetan gertatzen da. Halaber, bidean da neurketa hibridoa, eduki beraren telebistako kontsumoa eta Internetekoa uztartuko dituena. Baina metrika perfekzionatu bat izan arte, ezingo dira nahi ditugun estrategia eraginkorrak antolatu.

Sare sozialetan zer estrategia ditu Atresmediak ikusleengana iritsi ahal izateko?

Espainian liderrak gara, orotara 30 milioi erabiltzailerekin. Posizio pribilegiatua dugu promozioa eta marketina egiteko. Sare sozialetan aurretik egiten dugun promozioa osatu egiten dugu. Zarata soziala kudeatzen dugu, saioak ematen ari direnean aldi berean, zein emisioaren ostean.

Zeintzuk dira Atresmedia Digitalen erronka nagusiak ikuspuntu teknologikotik?

Webak berritzen ari gara, gailu eramangarrietara hobeto egokitzeko. Taldeko web guztien diseinu integral berria aurkeztuko dugu aurten. Gure sistema osoa HTML5 teknologiara egokituko dugu. Gainera, erabiltzaile erregistratuen datu base bat sortzen ari gara. Horrekin gure kontsumitzaileen esperientzia hobetu nahi dugu, eta komertzialki hobeto ustiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.