Roberto Sanchez, Marta Macho eta Manoel Martinez. Osakidetzako lan eskaintzako iruzurra salatu zuten mediku anestesistak

«Oposizioen gaia tabua da orain Osakidetzan»

Medikuek «tamalgarritzat» jo dute iruzurra salatu zutenez geroztik Osasun Sailak eta Osakidetzak izan duten jokabidea. «Kriminalik gabeko krimenik» ez dagoela diote.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Arrasate
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Anestesistak dira Roberto Sanchez (Bilbo, 1974), Marta Macho (Bilbo, 1978) eta Manoel Martinez (Vigo, Galizia, 1980). Arrasateko ospitalean aritzen dira (Gipuzkoa), eta ESK sindikatuko kideak dira. Duela lau hilabete salatu zuten «iruzurra» izan zela Osakidetzako lan eskaintzan, ospitaleko espezialitateetako oposizioetan: probak egin aurretik, notario aurrean asmatu zituzten emaitzak. Jon Darpon Osasun sailburuak, hain justu ere, agerraldia egingo du gaur Eusko Legebiltzarrean, salaketen ikerketaren nondik norakoak azaltzeko eta neurriak iragartzeko. Horiek entzun aurretik, bat datoz iruzurra azaleratu zuten hiru medikuak: «Osakidetzaren eta Osasun Sailaren erantzuna tamalgarria izan da».

Sanchezek azaldu du salaketa egin eta lau hilabeteko epean ez dutela erantzule bakar bat ere seinalatu: «Ez dago kriminalik gabeko krimenik». Hirurek ohartarazi dute «kontraesanak» direla Osasun Sailak orain arte hartutako erabakiak: bost azterketa berriz egingo dituzte, hiru kategoriatan, eta txostena ireki diete Traumatologiako epaimahaiko sei kideri. Sanchezen iritziz, deigarria da neurriak hartu izana «errudunik» egon gabe, «eta zerbait txarto egin dela aitortu gabe». Iritzi bera du Martinezek: «Nola ez den ezer txarto egin, ez dago errudunik, baina, hala eta guztiz ere, bost azterketa berriz egingo dituzte». Machok gaineratu du «filtrazioak egon zirela aitortu gabe» hartuko dituztela erabaki guztiak.

Osakidetzak abiarazi zuen barne ikerketaren asmoa kritikatu dute hirurek. Machoren esanetan, ikerketa horren helburua ez zen lan eskaintza publikoan egon zitezkeen iruzurrak topatzea, baizik eta horien berri eman zutenak aurkitzea. Hausnarketa hori berretsi du Sanchezek ere. Machorekin batera deklaratu zuen ikerketako arduradunen aurrean, eta nabarmendu du haien jakin-min bakarra zela zergatik egin zuten salaketa publikoa: «Hasierako galderak erantzun nituen, baina, ikusi nuenean horien norabidea, uko egin nion erantzuteari. Ez zidaten galdetu zer nekien filtrazioez, baizik eta zergatik salatu nuen, noiztik nuen buruan...».Izatez, oposizioko proban egin zuen salaketa: Espainiako Zigor Kodearen 19. artikuluaren atal bat idatzi zuen, prebarikazioa eta ustelkeria zigortzen dituena. «Galdetu zidatenean, esan nien pentsatzen nuela delitu hori gertatzen ari zela, baina ez zuten jakin nahi zer nekien azterketen filtrazioei buruz».

Hiru medikuek azaldu dute azterketen filtrazioen gaia ohiko gaia izan dela urteetan eta urteetan. Orain arte. «Garai batean aise hitz egiten zen postua nola lortu zuen bakoitzak. Oposizioen gaia tabua da orain Osakidetzan». Sanchezek zehaztu du ez diela leporatzen Osasun Sailari eta Osakidetzari iruzur egin izana, «baina modu batean edo bestean baimendu egin izan dute urte askoan». Martinezek gaineratu du sistemaren sorreratik etor daitekeela. «Kasta sistema bat da: nik jotzen dudan musikarekin dantzatzen dena hartuko dut». Machok berretsi du ideia hori: «Arazoa izan da elite baten ohitura eten dugula».

Gardentasun eske

Darponek gaur iragarriko dituen neurrien zain, hiru medikuek uste dute orain arteko neurriekin bakarrik ez dela bermatuko lan eskaintza publikoen «garbitasuna». Lehenik eta behin, ikerketak argitara ateratzeko eskatu dute hiru medikuek. Sanchezek zehaztu du ESK-ko ordezkari sindikalak ikusi dituela irekitako txostenen aktak, eta, bertan, filtrazioei buruzko lekukotasun gehiago daudela. Oviedoko Unibertsitateak ere ikerketa bat egin zuen, eta hori argitara ateratzeko eskatu du Martinezek. «Irekitako txostenen aktak ikusi nahi ditugu, eta jakin itxi dituztenak zergatik itxi dituzten».

Har daitezkeen neurrien artean zenbait zerrendatu dituzte hiru medikuek. Lehenik eta behin, epaimahaien eredua aldatzeko eskatu dute: postua duten Osakidetzako langileek osatzea epaimahaiak. Horrez gain, ohartarazi du azterketek «objektiboak» izan beharko luketela, «test modukoak». Hirurek uste dute, nolanahi ere, posible dela azterketak prestatzea filtraziorik egon gabe. Machok gaineratu du adibideak daudela Osakidetzan bertan. «Anbulatorioetako familia medikuek azterketa legezkoa dute, besteak beste».

Bestalde, Osakidetzako kontratazio eredu osoari heldu behar zaiola iradoki dute hirurek. Machok zerbitzuburuen gaia jarri du mahaian. «Nire ustez, botere handiegia dute: zenbait kontu kudeatzeaz gain —inorekin hitz egin gabe materiala erostea, adibidez—, kontratazioaz ere arduratzen dira». Sanchezek gaineratu du zerbitzuburuen gaia «arazo handia» bihurtu dela administrazioarentzat. «Epaimahaiek nahi dituzten langileek lortzen dute postua: hori egitea onartu diete zerbitzuburuei». Ordea, botere horri buruzko hausnarketa iritzi publikora heltzen ari dela adierazi du: «Halako sekretu bat mantentzeko txikiegia den herrialde baten eta botere handia duten langile horien artean dago Osasun Saila».

Martinezek gaineratu du zerbitzuburuen «botere» hori behin-behineko kontratuetara ere zabaltzen dela. «Teorian, zerrenda batzuk daude: zuk bertan ematen duzu izena, eta zure merituengatik eta antzinatasunagatik leku batean edo bestean zaude. Bada, praktikan ez dute ezertarako balio: nahi duena kontrata dezake zerbitzuburuak». Egoera horiei aurre egiteko «legezkotasuna» ezarri behar dela nabarmendu du Martinezek. «Esparru berriak sortu behar dira lan eskaintza publikoak egitean, araudi berriak».

Babes gutxi medikuetan

Machok, Sanchezek eta Martinezek plataforma bat sortu zuten abuztuan, salatutako irregulartasunek kaltetutakoen hitza bateratzeko asmoz. Martinezek azaldu du harrera «epela» izan duela. «Ez du arrakasta oso handirik izan gure gremioan: jasotzen ditugun lekukotzak ez dira asko, eta gehienak anonimoak dira, edo izen faltsuekin eginak». Machok ez du argi zergatik ez duten lekukotza gehiago jaso: «Ez dakit beldurragatik den, salatu dugun sisteman mantentzea erosoa delako...». Edonola ere, Sanchezek azaldu du plataformak aukera eman diela jakiteko «arazoa» ez dela gertatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik. «Nafarroatik jaso ditugu mezuak, baita Gaztela eta Leondik ere».

Maila pertsonalean pixka bat etsita daudela aitortu dute, ez dutelako lortu ospitaleko mediku espezialisten partetik nahi zuten erantzuna. «Beldurragatik izan daiteke», azaldu du Sanchezek. «Beldurragatik. Eta ez jakinarena egiten dute», gaineratu du Martinezek. Sanchezek zehaztu du gaia ezaguna zela osasun sistemako beste alorretan. «Anestesista izan aurretik oinarrizko laguntzako medikua izan naiz, eta bertan ados geunden oposizio eskandalagarria zela; ospitaleetako mediku espezialistak, ordea, gustura daude». Edonola ere, hirurek argi dute egin dutena egin nahi zutela. «Bizi izan dugunaren ostean berriz egingo ote genukeen salaketa? Bai, noski».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.