Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Kontinente zahar eta planeta berriak

2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Alfred Wegener astronomo eta meteorologoak, kontinente ezberdinetako fosilak ikusita, aspaldi batean kontinenteak elkarri lotuta egon zirela ondorioztatu zuen 1912an. Lehen Mundu Gerran zauritu zuten, eta denbora luzea egin behar izan zuen ohean. Denbora horretan kontinenteen jitoaren teoria landu zuen, eta, 1915ean, liburu bat kaleratu teoria hori zehazki azaltzeko. Ordura arte, pentsatzen zen kontinenteak beti egon izan direla gaur egun dauden tokian; Lurraren azala zertxobait malgua zela uste zen, baina ez horrelako mugimenduak ahalbidetzeko modukoa. Wegenerren ustetan, Atlantikoaren bi aldeak garai batean lotuta egon ziren. Antartika iparrerantz igo, India bere ondora jaitsi eta Australia Afrikaren aldera ekarri eta badauzkagu kontinente guztiak bat eginda, kontinente erraldoi batean. Wegenerrek, gainera, kalkulatu zuen Groenlandia mende batean metro eta erdi urruntzen dela Europatik. Zoritxarrez, Wegenerren teoriak oihartzun txikia izan zuen, eta ia 50 urte pasatu behar izan ziren zientzialariak lurrazal kontinentalaren puzzlea onartzen hasteko.

Ordutik, poliki-poliki, plaken tektonika izeneko teoria garatu izan dute geologoek eta geofisikariek. Izan ere, munduaren lurrazala bi motatakoa da; lurrazal ozeanikoa —gaztea, basaltikoa eta astuna— eta lurrazal kontinentala —zaharra, granitikoa eta arina—. Lurrazal kontinentala hainbat zati edo plakatan banatzen da, eta azpiko mantuaren gainean flotatu eta mugitu egiten da. Horrela, behin eta berriz, plaka horiek elkarrengandik urrundu eta banatzen dira, berriz ere elkarrekin topo egiteko. Azken superkontinentea Pangea izan zen, eta Permiarrean, duela 250 milioi urte gutxi gorabehera, hasi zen bitan zatitzen. Iparraldeko zatia Laurasia zen, eta hegoaldekoa, berriz, Gondwana.

Duela lau bat urte, geologoek Indiako ozeanoko Maurizio irlaren hondartzetan 3.000 milioi urte zaharra zen zirkoi minerala aurkitu zuten. Mineral hau kontinenteetan baino ez da aurkitzen, eta Maurizio irla bolkanikoa eta soilik 9 milioi urte zaharra dugu. Hortaz, zalantzak egon ziren aurkikuntzaren inguruan, eta askok pentsatu zuten mineral hori ez zela bertakoa; irlara modu batera edo bestera iritsitakoa zela, alegia, kutsadura. Baina duela aste batzuk bertako arroketan bertan azaldu da berriz zirkoi minerala, eta zalantza guztiak ezabatu dira. Ikerketek frogatu dute ezagutzen ez zen Gondwanaren zati bat irla horren azpian eta handik iparraldera luzatzen zela; Mauritia izena eman diote plaka kontinental berri horri. Baina aurkikuntzak ez dira hor bukatzen, eta, orain, beste plaka kontinental baten aurkikuntza argitaratu berri da. Zeelanda Berria eta Kaledonia Berriaren azpian 4,9 milioi kilometro koadroko plaka tektoniko bat aurkitu dute. Ezagutzen ez genuen Zeelandia kontinentearen lehorraldeak omen dira aipatutako irlak, eta Gondwanaren banaketatik sortu omen zen duela 85-30 milioi urte. Ikertzaileen ustetan, ez da espero lurrazalaren puzzlean kontinente berri gehiago azaltzea, gehienez ere mikrokontinenteren bat.

Gure planetan aurkikuntza horiek egin berri diren bitartean, astronomoek eta astrofisikariek Lurraren antzeko tamainako zazpi planeta dituen eguzki sistema berri bat aurkitu dute gugandik 40 argi urtera izar nano gorri baten inguruan. Izar txiki eta hotz horiek bihurtu dira azken urteotan teleskopioen helburu gurearen antzeko planetak aurkitu nahian. Izan ere, izar horiek gure eguzkia baino askoz ugariagoak dira geure galaxian eta ahalbide ditzakete Lurraren antzeko planetak; alegia, atmosfera eta ur likidoa duten planetak. Horietan bizitza posible izango litzateke, eta hori aurkikuntza handia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.